EH-KO MUS TXAPELKETA

Zazpi herrialdeetako 2.500 bikote baino gehiago, karta jokoan eta herria egiten

Datorren larunbatean jokatuko da Gopegin Euskal Herriko Mus Txapelketako finala. Aurtengoa 16. ekitaldia izan da, eta pandemia aurreko markak apurtu dira parte-hartzaile kopuruari dagokionez. Gure karta joko ezagunenak herria eraikitzeko ere balio du, nahiz eta erronkak badiren, emakumeen presentzia areagotzea adibidez.

Elorrioko Bikale tabernan jokatu zen aurreko larunbatean Bizkaiko finala. Unai Gorriti eta Dani Garcia getxoztarrak izan ziren irabazleak, eta beste bederatzi bikote ere sailkatu ziren Gopegiko finalera.
Elorrioko Bikale tabernan jokatu zen aurreko larunbatean Bizkaiko finala. Unai Gorriti eta Dani Garcia getxoztarrak izan ziren irabazleak, eta beste bederatzi bikote ere sailkatu ziren Gopegiko finalera. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Euskal Herriko Mus Txapelketaren 16. ekitaldia une erabakigarrian sartua da. Herri eta auzoetako kanporaketa fase luzearen ostean, herrialdeetako finalak aurreko larunbatean jokatu ziren, eta Euskal Herriko final nagusia apirilaren 5ean, datorren larunbatean, jokatuko da Araban, Zigoitiko Gopegi herri txikian.

Txapelketa hau Euskal Herriko Mus Federazioak antolatzen du eta munduko mus txapelketarik jendetsuena da. Aurtengo edizioan guztira 2.539 bikotek parte hartu dute: 970 Nafarroa Garaian, 745 Gipuzkoan, 286 Nafarroa Beherean, 206 Araban, 144 Lapurdin, 120 Bizkaian eta 68 Zuberoan.

«Aurten berriz ere pandemia aurreko parte-hartze kopurura iritsi gara, eta gainditu ere egin dugu. Pandemiaren ostean erritmoa errekuperatzea kostatu egin zitzaigun, jendea hasieran beldurrez ibili zen. Pandemia aurretik 2.300 bikoteko muga horretara iritsi ginen, eta pandemiaren ondoren 1.600 bikotek eman zuten izena. Aurten kopuruak gora egin du eta 2.500 bikote inguru izan ditugu. Txapelketa ongi doa eta pozik gaude, espero dut jokalariak ere pozik ibiltzea. Herrialdeetako finalak martxoaren 22an egingo ditugu [elkarrizketa duela aste batzuk egina da]. Egun berean 500 bikote izango ditugu zazpi leku desberdinetan jokatzen, final nazionalera sailkatu nahian. Euskal Herriko finala Gopegin jokatuko dute apirilaren 5ean 128 bikotek. Hor ezagutuko ditugu aurtengo txapeldunak», azaldu digu Raul Gartzia Euskal Herriko Mus Federazioko kide eta Arabako arduradunak.

Kopuruak oso esanguratsuak dira, eta arantzatxoren bat izatekotan, Gartziak Bizkaiko kasua aipatzen du. Biztanle gehien dituen herrialdea izan arren, proportzioan bikote gutxik parte hartzen dutelako. Horren zergatia musean jokatzeko moduan egon daiteke, azaldu digunez.

«Normala den bezala, leku bakoitzean jokatzeko ohitura desberdinak daude. Araban eta Bizkaian gehienbat zortzi erregetara jokatzen dugu, Gipuzkoako lekuren batzuetan ere bai, baina orokorrean lau erregetara gehiago, eta Nafarroan eta Iparraldean lau erregetara. Horregatik, arautegian lau erregetara jokatzea jasotzen da. Herrietako kanporaketetan herri bakoitzeko ohiturak mantentzen dira, baina herrialdeko finaletan jada lau erregetara jokatzea gomendatzen dugu. Batez ere ohitzen joateko. Guri pasatu izan zaigu beti zortzi erregetara jokatu eta Euskal Herriko finalera joandakoan lau erregetara jokatzea oso arraro egitea», dio Gartziak bere esperientziatik.

Gehitzen duenez, 15 urteotan txapel gehienak Nafarroara joan izan dira, baina ez du uste berez maila altuagoa dagoelako denik, bertako bikote gehiagok parte hartzen dutelako baizik.

BATERATZEKO AHALEGINA

Lau edo zortzi erregetara jokatzea ez da lekuaren arabera aldatzen den kontu bakarra. Esamolde desberdinak, gaztelaniara edo frantsesera jotzeko joera... Badira hainbat elementu antolatzaileek urtez urte antzeman dituztenak, eta horregatik araudi propio bat landu dute federazioan.

«Euskal Herriko arautegi propio bat landu dugu. Jokatzeko modu desberdinak daude, keinuak modu desberdinean egiten dira... Horregatik, arautegi bateratu bat egin genuen, euskara batuaren filosofia horrekin, ‘mus batua’ egiten saiatzeko», dio Gartziak.

Herrialdeetako finaletako partida batean hartutako xehetasun irudia. Euskal Herriko Federazioak diseinatutako materiala erabiltzen saiatzen dira. (Oskar MATXIN EDESA / FOKU)

«Arazo handienak hizkuntzarekin izaten ditugu, Iparraldeko zenbait bikotek frantsesera jotzeko joera izaten dute, Hegoaldeko beste batzuek gaztelaniara, eta horrek gaizki ulertuak sor ditzake jokoan. Horregatik eskatzen diegu ahal den heinean euskara eta euskarazko esamoldeak erabiltzeko. Hori dena araudian zehaztuta daukagu», gehitu du Arabako arduradunak.

Izan ere, Euskal Herria bere osotasunean aintzat hartzeko helburua hasiera-hasieratik izan du Euskal Herriko federazioak, izenak eta izanak argi adierazten duten moduan. Aurrekari nagusi moduan, 2002. urtean Iparra Hegoa elkartea antolatzen hasi zen Euskal Herriko Mus Txapelketa aipatu behar da. Garai hartan, Orreaga Fundazioak ere Nafarroako mus txapelketa antolatzen zuen. Horren aurrean, Bai Euskal Herriari ekimenak, Iparra Hegoak eta Orreaga fundazioak hausnarketa bat egin, eta Euskal Herri osoko muslariak biltzeko gune bat sortzea adostu zuten. 2009an jokatu zen lehen txapelketa gaur egungo formatuan, eta ordutik Euskal Herriko Mus Federazioak bere bidea egin du, beti erraza izan ez dena.

«Iparraldean ez zen arazorik egon: jendarmerian erregistratu ginen, eta aurrera. Hegoaldean elkarte batzuk sortu genituen lehenik gero federazioa sortu ahal izateko, baina orduko Jaurlaritzak arazoak jarri zizkigun, PSEren garaiak ziren. Beste izen batekin egiteko esaten ziguten, baina guk argi geneukan Euskal Herriko Mus Federazioa izango zela gurea, eta azkenean lortu genuen. Nafarroan ere saiatu ginen, baina orduan UPN zegoen, eta hor ere arazoak. Edozein modutan, kontua da sortu genuela federazioa eta aurrera egin dugula», gogoratu du Raul Gartziak.

Herri ikuspegia zaintzearena beste arlo batzuetan ere antzematen da. Euskal Herriko finala urtero herrialde desberdin batean jokatzen da, adibidez. Eta sarietan ere kontuan hartzen dute lurraldetasuna. «Musa gure jolas propioa da, eta asko zaintzen ditugu harremanak, bai eskualde desberdinetako jendearen artekoak, eta baita herrialde desberdinetako jendearen artekoak ere. Adibidez, sarien artean landetxeetara joatekoak daude, eta hor egiten duguna da Iparraldekoak Arabara bidali, Hegoaldekoak Iparraldera, Arabakoak Nafarroara... Trukaketa bat bilatzen dugu harremanak sortzen joateko, eta badakigu sortzen direla. Harreman estuak, gainera, herrialde desberdinetako jokalari eta bikoteen artean. Euskal Herria ezagutzeko aukera bat da, eta Erriberako edo Zuberoako jokalariek, adibidez, asko eskertzen dute. Ikusten dute hau mus txapelketa bat dela, baina hori baino gehiago ere badela, herri ikuspegi bat dagoela honen atzean».

JOKO PROPIOA

Egindako elkarrizketan behin baino gehiagotan nabarmendu digu Raul Gartziak musa Euskal Herriko karta joko propioa dela. Federazioaren webgunean zehazten denez, mus jokoaren lehenengo aipamen idatzia Manuel de Larramendi idazle eta jesuita andoaindarrak egin zuen 1754an, euskara, gaztelania eta latina biltzen dituen bere hiru hizkuntzetako hiztegian.

Bestalde, mus izena musu-tik etor liteke, musuaren keinua baita jokorik onena adierazteko erabiltzen dena, 31ko jokoa. “Hordago” esapidea ere “hor dago” leku adierazletik etor litekeela uste da, apustua maila gorenera iristen denean esan ohi den adierazpena.

Raul Gartzia, Arabako arduraduna, Gasteizen egindako elkarrizketan. Txapelketa jokatu izan du, baina gaur egun federazioko kideak ez parte hartzen saiatzen dira, susmo txarrik ez egoteko. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Baina musean jokatzeko ohitura oso zabaldua dago gaur egun, espainiar Estatuko iparraldean, frantses Estatuko hegoaldean eta Latinoamerikako hainbat herrialdetan. Eta lurralde mailako txapelketa desberdin asko antolatzen dira munduan zehar.

«Bakoitzak bere txapelketa egiten du, baina 2.500 bikoteko txapelketarik ez dago beste inon. Famatua dena da Euskal Etxeen Munduko Txapelketa deitzen dutena. Guk planteatu izan dugu hor parte hartzea. Azken ekitaldian, esaterako, Euskal Herriko txapeldunak, nafarrak, Perun egin den txapelketan izan dira. Beste behin Iparraldeko bikote bat, Frantziako txapelketa ere irabazi zuenez, joan zen munduko txapelketa horretara. Bikote gutxiagok hartzen dute parte, guk ‘profesionalak’ direla esan ohi dugu», kontatu du Raulek.

«Guk ere egin izan dugu saiakera diaspora gure txapelketara gonbidatuz. Baina ikusten genuen kanporaketaren bat egin behar zela bikote bat hautatzeko. Saiakera batzuk egin genituen Parisen, Madrilen, Bartzelonan... Kanporaketa txiki bat egin bertan eta irabazleari plaza bat gorde Euskal Herriko finalean. Baina ez du aurrera egin. Zaila da antolatzea, zer esanik ez Amerikakoekin. Baina harremanak baditugu. Australiatik ere galdetu izan digute, ea parte hartzeko aukerarik badagoen, baina horiek hitz handiak dira guretzat», gaineratu du.

ERRONKA NAGUSIAK

Emakumeen parte-hartzea handitzea ere bada federazioaren helburuetako bat, txapelketako argazkiak ikustea nahikoa baita parte hartzen duten jokalariak batez ere gizonezkoak direla konturatzeko. Etxe giroan emakumeek normaltasun osoz jokatu izan dute betidanik musean, eta hori txapelketetan islatzea nahi lukete antolatzaileek.

«Gogoratzen naiz Bizkaian jokatu zen Euskal Herriko final batean 90 urteko emakume nafar batek jokatu zuela, eta gainera bere urtebetetze eguna izan zela. Tarta eta dena atera zioten. Saiatzen gara hori bultzatzen, emakumeei ikusgarritasuna ematen, emakume taldeekin ere akordioak ditugu errespetuzko jokaerak bermatzeko...», deskribatu du Raulek arlo horretan egiten duten ahalegina.

Emakumeen parte-hartzea handitzea nahiko lukete antolatzaileek hurrengo urteetan. (Oskar MATXIN EDESA / FOKU)

Tranparik egoten ote den edo epailerik behar izaten den galdetuta, Raulek dio normalean ez dela arazorik egoten, hizkuntzarekin egon litezkeen gaizki ulertuak asko jota. «Arazoren bat egonez gero, jokalariei eskatzen diegu zerbait antzeman orduko eskua altxa eta antolatzaileren bati abisua emateko. Askotan gertatzen da jokoan ari direla ezer esan ez eta amaieran, normalean galdu duena, kexaka hastea. Eta guk hor jada ezin dugu ezer egin. Jokatzen ari direla jakinaraziz gero, guretzat errazagoa da beraiekin hitz egin eta argitu beharrekoak argitzea. Behin finalerdietara iritsita, antolatzaileren bat egoten da partida jarraitzen».

Horretan ere, euskal jokalariak duen jarrera nabarmentzen du. «Beste lehiaketa garrantzitsu batzuetan badakit partidak grabatu egiten direla eta grabazioak aztertuz tranpak detektatu izan direla, legez kanpoko keinuekin adibidez. Guk finala normalean grabatzen dugu, baina ez gara horretara iritsi oraingoz».