Ezpatari herria nagusitu zitzaionekoa; garaipena egungo «gazte eroei» kontatua
«Gazte eroak» deitu zieten Burgoseko Prozesuan frankismoak epaitu zituen hamasei haiei. 50 urte geroago, oraindik frankismoaren aztarnak begibistakoak direla, garaipen hura ezagutu izan dute oraingo gazteek, ‘Ezpatari nagusitu zaio herria’ ekitaldiaren bitartez.
Ekitaldi arin eta zirraragarri baten bidez, duela mende erdiko epaiketaren nondik norakoak oraingo gazteei helarazi dizkie Burgos50 herri ekimenak. Interneten bidez zabaldu da ekitaldia, besteak beste NAIZ.EUSen ikusgai izan da.
Ez da historia kontakizun soila izan, ordukoa eta gaurkoa hari fin batek lotzen baitu; «Bateragune auzi»ko epaiketa errepikatzeko aste honetan bertan hartu den erabakia da erakusgarri, ekitaldiaren bukaeran aipatu denez.
Burgoseko epaile militar haien aurrean eseri zuten Itziar Aizpuruak hartu du garaipen hura berbizitzeko ardura. Orduan bezala, «que se levante la acusada» aginduaren ondoren zutitu da Aizpurua, baina oraingo honetan Euskal Herriari heriotz zigorrak jasan zituzten sei lagunen bizia salbatu izanagatik eskerrak emateko eta irauli haien gakoak marrazteko.
Zenbait hitzetan laburtu ditu: «Batasuna», «antolakuntza», «herrien elkartasuna», «borroka». Horiei esker, «erregimen faxistenari, ilunenari, irabaztea badela erakutsi genuen. Denon artean irabazi genuen. Gaur bertan estali nahi dute, isildu nahi dute, zuek gazteok ez dezazuen ezagutu», salatu du.
Itziar Aizpuruaren irakaspenen artean, hauxe: «Herri txiki honen izana eta izena mundura zabaldu genuen, bere gogo eta grina, bere indarra, eta munduak itzuli zigun elkartasun bikaina».
Horri erreparatu dio ere Mikel Sotok, ekitaldiaren gidari lanetan, borrokalari haiek mundu osoaren «berotasuna» jaso zutela gogora ekarriz: Olof Palme, Jean Paul Sartre, Simone de Beauvoir, Joan Miró, Aita Santua, Pablo Picasso, Rafael Alberti... Azken honek Francori eskainitako bertsoak errezitatu ditu: «Los mates o no, tu muerte está ya cercana, ya estás muerto, muerto, muerto, ya en la tapa de tu ataúd hay seis clavos que la tapan».
Grina berak mugitzen ditu gure urratsak», ziurtatu du Olaia Matxain gazteak, 1970eko ‘Eusko Gudariak’ hura jaso zuen cassette zaharra eskuetan hartuta. Francoren herentziak oraindik ere egiten digu itzala
Garai haiek bizi zituen Sabino Cuadrak orduko militantzia moldeen berri eman du: margoak eta asanbladak, «vietnamita»n argitaratutako panfletoak, «leihoak itxi eta pertsianak jeitsi ondoren» Radio Pirenaica edota Radio Paris entzuten pasatako gauak, Burgoseko grabaketak zabaltzen zituzten cassete haiek... Oraindik ere emozio handia eragiten du gazte ero haien ‘Eusko Gudariak’ entzuteak eta epaileak ezpata eskutan irudikatzea.
Epikatik izan zuen Burgosekoak, asko. Tragediatik ere, Cuadrak oroitarazi duenez: Eibarren hil zuten Roberto Perez Jauregi, Donostian jasandako tortura latzen ondorioz bere buruaz beste egin zuen Antonio Goñik, salbuespen egoera, ehunka atxiloketa...
Zein izan zen eta zer den gaur
1970. urtea heldu aurretiko testingurua zehaztuz hasi da emanaldia: «Urteetan isiltasuna besterik ez zen entzun, lurraren erraietan entzuten denaren antzekoa. Gerra galduta, euskal gudariek faxismoaren kontrako erresistentziarekin bat egin zuten. Guztiek pentsatu zuten Hitler garaitutakotan aliatuek Franco kanporatuko zutela, baina ez horrelakorik gertatu», aipatu du Sotok.
«Baina une batetik aurrera isiltasuna jasanezina bihurtu zen. Orduan lurraren erraietan bertan zerbait aditzen hasi zen, satorrak goraka egiten duenean lurra mugitzean egiten duenaren antzera. Hiru letra, lema batzuk...», jarraitu du. «Hortik aurrera, ez zen etenik izan: soinua zarata izaten hasi zen, eta zarata tiro, eta tiroa kanta, eta kanta deiadar, herri baten oihua».
Prozesuak «ez zuen gure herria eta borrokaren sormena izan, baina kontzientzia hedatu zuen». Hor indartu zen jada abiatua zen herri suspertzea: ikastolak, alfabetatzea, borroka feminista, antinuklearra, argitaletxeak, unibertsitatea, kooperatibak... «independentzia eta sozialismora enfokatutako» aldarrikapenak, borrokagunean, batailak.
Laburbilduz, «txinparta bat gau ilunean», esnatze kolektibo bat, «nor garen ez genuela ahaztuta» erakusgarri bat. «Herri zahar hau desagertzera kondenatua zegoenean, garaipena posible dela ikasi genuen», nabarmendu du ekitaldiak. Eta hortik aurrera, «zutitu eta martxan gara, gero eta gehiago, eta lortuko dugu».
1970tik 2020ra, 50 urteko ibilbidea. Cassette zahar hura eskuetan hartu du Olaia Matxainek eta Burgoseko gazte eroen «grina berak gure urratsak mugitzen ditu», aitortu du. Gaurko zenbait arazo zerrendatu ondoren, «hau da gure oraina, horregatik jorratzen dugu Burgosen ireki zuten bidea –aipatu du gazteak–. Bere ohean hil zen Franco baina haren herentziak oraindik ere egiten digu itzala, dena lotua eta ondo lotua, hala pairatzen dugu guk ere».
50 urte, garaipenak eta porrotak, argi-ilunak eta gorabeherak, baina borroka bera eta ortzimuga berbera: «Geure estrategia betikoa da –bukatu du Mikel Sotok–: plangintza egin, garaipena lortu, berriro erori, hobeto erori, azkarrago altxatu, irakurketa berritu, porrota nozitu, hobeto altxatu, plangintza egin, garaipena lortu, bihar ez bada etzi, etzi ez bada etzidamu, askatasunez, askatasunagatik eta askatasuna lortu arte».