Gorputzaren eta buruaren arteko orekaren bila
Ongizate psikologikoa dominen gainetik. Simon Bilesen lehentasuna hori izan da eta sekulako burrunba eragin du mundu guztian. Auzi serioa plazaratuta, Tokioko Jokoetako ikurretako bat izan da, domina bakarra irabazi duen arren. Dena ez baita garaipena.
Osasun mentalaren auzia mahaigaineratzeak esanahi handia dauka niretzat, jendeak pertsonak garela konprenitu behar baitu». Rion makina bat zirudien Simone Biles gimnastak plazaratutako mezua da, Tokion zenbait probatan parte hartzeari uko egin ondoren, lehiaketaren azken egunean, oreka barran, brontzezko domina kolkoratu zuenean zabaldutakoa. Makina bat zirudien, estralurtar bat, baina noski, ez da hala. Bere gizatasuna erro-errotik azaleratu du bukatu berri diren Olinpiar Jokoetan eta horregatik, hain zuzen, Tokioko hitzorduko izen propioetako bat bilakatu da. Ausarta izan delako. Eta batzuetan jakin egin behar delako noiz geratu. «Norbere buruaren mugak onartzea ere ondo dago. Ezin dut eta kito». Hala azaldu dio GARAri Ainhoa Azurmendi psikologo eta kirol aholkulariak, EHUn irakasle ere badenak.
«Irabazten dugunean, pozik gaudenean, ederki erakusten dugu gure egoera animikoa eta ondo ez gaudenean ere agertu egin behar da. Kirolariaren bizitzan, zenbait unetan hain indartsu ez egotea ere onartu egin behar da», kontatu du, bestalde, Aitor Ruiz de Luzuriaga kirol psikologoak.
Askotan arazoak ezkutuan eramaten direlako, hain zuzen ere, izugarrizko eztanda sortu du Simone Bilesen erabakiak. Gorputza eta burua ez zituen ondo sentitu, ez zegoen egoera optimoenean eta, hori jakinda, pauso bat atzera eman zuen. Bere osasun mentala dominen gainetik jarri zuen, ongizate psikologikoa arrakastaren gainetik. «Eztanda egin zuen. Eztanda handia izan zen, pertsona eta kirolari garrantzitsua baita Biles eta Jokoetan domina asko irabaztea aurreikusten baitzen. Meteorito bat izan zen Rion eta bat-batean hori esateak harritu egin ninduen. Tira, harritu baino, amorrua sentitu dut atzera eta aurrera ibili diren komentario guztiengatik. Zer-nolako arintasunekin ematen dugun iritzia hain gauza serio bati buruz!», azaldu du irmo Azurmendik.
Zenbait iritzi nolabaiteko arintasunarekin idatzi direla uste du Azurmendik, enpatia alde batera utzita. «Hausnartu egin beharko genuke zer eta nola esan diren gauza batzuk». Izan ere, gertukoenak salbuetsita, beste guztiok apenas dakigu ezer Bilesen arazoen berri. «Eta ongizate psikologikoa oso garrantzitsua da eta min handia egin dezakete zenbait mezuk», dio tinko. Gimnastak ere, zenbait mezu zabaldu zirela ikusita, azalpen batzuk eskaini zituen sare sozialen bidez, adieraziz jendea agian ez zela kontziente bizi zuen «desorekak» zer-nolako lesio fisikoa eragin ziezaiokeen, airean egiten diren maniobren ondotik lur hartzeko momentua erabat baldintzatzen zuelako.
«Uste dut jarrera ausarta dela une jakin batean sufrimendu egoera batez mintzatzea. Duela hilabete batzuk Naomi Osakarengan ikusi genuen», iritzi du Frantziako Kirol Institutuan kirolari olinpikoekin lan egiten duen Anaëlle Malberbe psikologoak. «Egoerok normalizatzen saiatzen gara, oso logikoa baita norbaitek une batean helduleku bat behar izatea», azaldu du Azurmendik. Ñabardura bat ere erantsi du, Ruiz de Luzuriagak egin bezala: psikologoen lana ez da baloratu behar soilik kirolari bat gaizki dagoenean, «prozesu osoan baizik». «Kirol psikologia soilik arazo bat dagoenean ikusten bada erabilgarri, uste dut guztiz okertuta gaudela». Prebentzioaz mintzo dira.
«Oinaze oso serioak»
«Sortzen diren zalantza, kezka edota pentsamendu ezkorren gainean lan egiteko aukerak edo tresnak eskaintzen zaizkie kirolariei. Izan ere, lesio bat ez da sortzen egun batetik bestera, badaude zenbait lesio larriak direnak, momentuan ziztada eragiten dutenak… Baina horiek, kakotxen artean, azkar senda daitezke. Beste zenbait lesio denborarekin sortzen dira eta lesio psikologikoen kasua hori da. Hor dago gakoa. Hori jakinez gero, denborarekin joan behar gara prestatzen. Horrek ez du esan nahi ez direla emango, baina prebentzioa egon behar da», kontatu du Ruiz de Luzuriagak. Euskal Kirol Psikologiaren Elkarteko idazkaria da, hala nola Arabako Kirol Psikologia eta Aktibitate Fisikoko Batzordeko kidea ere.
«Aspektu ezberdinak tratatzen dira. Arazoen iturria identifikatu egin behar da eta gerta daiteke ere iturria kiroletik kanpo egotea. Arazoari aurre egiteko erremintak eskaini behar dira, txapelketako momentuan blokeatuta ez geratzeko. Ez da hain erraza», zehaztu du Ainhoa Azurmendi aholkulariak. Gainera, ohartarazi du Simone Bilesen kasuan arrazoi asko egon daitezkeela atzean, «eta guk soilik hipotesiak ditugu, ez besterik». Jasan zituen sexu abusuak, haurtzaro zaila, presioa... «oinaze oso serioak dira». «Ez da aukeratzen horiek noiz aterako diren eta noiz egingo duten oztopo zure bizitzan».
Modu berean mintzo da gasteiztarra: «Faktore ezberdinak batzen dira eta Bilesen kasuan ez dakigu zehazki zer gertatu den. Baina, faktore asko elkartzen direnean, benetako ekaitza sortzen da eta egonkortasun psikologikoa kolpatzen du. Horrek eragin handia izan dezake».
Finean, hauskorrak garela. Guztiok. Ruiz de Luzuriagak azaldu du bere lanean askotan ikusten dituela horrelako egoerak, kirolariek beraiek ere atsedena beharrezkoa baitute. Askotan, baina, kanpoko presioaren eraginez, zalantzan jartzen dute ea zilegi den momentu batez gelditu eta perspektiba hartzea. «Zergatik ez ba? Galdetzen diet. Guk ezin ditugu epaitu. Garrantzitsuena da norbera pozik egotea bere buruarekin. Gauzak ez dira derrigortuta egin behar, kirolari izate hutsagatik. Zure buruarekin ondo egoteko, nahi duzuna egin behar duzu». Kirolaria izateaz gain, pertsona hori beste hainbat gauza ere badelako: ama, alaba, aita, semea, laguna, bikotekidea, langilea, ikaslea...
«Kirolari batek ikusten duenean ez duela %100ekoa ematen, kezkak eta pentsamendu ezkorrak sortzen zaizkio, guztioi bezala. ‘Zer esango du publikoak? Komunikabideek? Entrenatzaileak? Babesleak? Familiak?’ pentsatzen hasten da. Azkenean, nahiz eta gaizki sentitu, aurrera egitea erabakitzen dute inorekin hitz egin gabe; hori bai, zurrunbiloa behin eta berriro dago beraien barnean. Horrexegatik dira hain garrantzitsuak kirol psikologoak», azaldu du Ruiz de Luzuriagak. Horregatik, kirol psikologoei entrenatzaileei, prestatzaile fisikoei edota nutrizionistei ematen zaien garrantzi bera eman behar zaiela uste dute biek ala biek, «gorputzaren eta buruaren arteko binomioa orekatzen» laguntzen dutelako; entrenatzaileek zenbait alor hobetzeko lan egiten duten bezala, psikologoek ere kirolaren errendimendua optimizatzen laguntzen dute azken finean. «Kirolari bat fisikoki ondo ez badago, bere buruari galderak egiten hasiko da. Eta psikologikoki ondo ez badago, gorputza ezin da %100ean izan. Oreka hori lortu behar da».
Bartzelona 1992
Gasteiztarrak azaldu du Espainiako Kirol Batzorde Gorena Bartzelonako Olinpiar Jokoen prestaketa lanetan hasi zela kirol psikologoen garrantzia kontuan izaten. «Hor sortu zen txinparta, nahiz eta gero aurrerapauso gehiago ematea asko kostatu den. 2000. urtean, esaterako, futbol talde garrantzitsuenak ere hasi ziren kirol psikologoekin lanean, Real Madril, Deportivo, Sevilla...», azaldu du. Oraindik ere lan handia dago egiteko, baina uste du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek etorkizun handiko kirolariei psikologoekin lan egiteko aukera ematea oso urrats garrantzitsua dela, auziaren inguruko tabua apurtzeko balio baitezake. «‘Tabu’ hitza erabiltzen dut kirolariak gazteak direnetik isiltzen dugulako lan psikologikoa. Lan hori ez da integratzen elkarte, federazio eta estatuen funtzionamenduan. Kirolariak gazteak direnetik hasiko balira lan egiten kirol psikologoekin, oso barneratuta izango lukete. Teknikariek ere psikologiaren alorra barneratuko balute, ez genuke ‘psikologia’ hitza modu ezkorren hartuko».
Simone Biles Olinpiar Jokoetara mentalki une onenean iritsi ez dela ikusita, zalantzan jarri dute batzuek bere profesionaltasuna. Begiradak zorrotzak jasan ditu gimnasta estatubatuarrak eta, hori ikusita, Azurmendik hausnarketa bati eman dio bide: «Imajinatu zelako arazoa, beldurra edo momentu zaila pasatzen aritu behar den norbait, Olinpiar Jokoetako txapelketei uko egiteko. Uste dut pixka bat isilik geratzea ere ondo dagoela. Goi mailako kirolariak famatu diren heinean ematen du guztiok eskubide handiagoa daukagula beraiek epaitzeko. Oker gabiltza».
Naomi Osaka eta prentsaurrekoei aurre egiteko zailtasuna
Simone Bilesen aurretik, Naomi Osaka tenislaria izan zen epaitua prentsaurrekoak emateko mentalki prest ez zegoela azaldu eta gero. Isun ekonomikoa jarri zioten eta Roland Garrosetik kanpo geratu zen. Antolatzaileen irizpideetan tenislariak derrigortuta daude prentsaren aurrean agertzera, baina japoniarra ez zegoen prest.
«Guztiz normala da antsietate koadroak edota fobiak agertzea jendaurrean hitz egin beharragatik. Gizaki askori gertatuko litzaiguke, baina egoera horiek ez ditugu bizi behar izaten, aukera daukagu horietatik ihes egiteko», azaldu du Ainhoa Azurmendi psikologo eta kirol aholkulariak. «Famatu izateak edo kirolari ona izateak ez du esan nahi gaitasuna daukazunik hori guztia kudeatzeko», gehitu du.
«Gaitasun sozial horiek eta komunikazio gaitasunak entrenatu egin behar dira eta horren arduraduna askotan kirol psikologoa izaten da. Oinarritik egitea garrantzitsua da», iritzi du Aitor Ruiz de Luzuriaga kirol psikologoak. Era berean, uste du kazetariek ere zaindu egin beharko luketela komunikatzeko modua: «Kazetariek ere zaindu egin beharko lukete kirolarien osasuna».