Jokin Urain
1192_7K_txomin7
Txomin Iturbe. (Luis Nuñez | Punto y Hora)

Txomin, hitzari jarraika

Hitzak ziren Txomin Iturberen lehen baliabideak, hitzeko pertsona zelako, hitzematen zuena betetzen zuelako… Baina ekintza ere bazuen baliabide, bizitzako alor guztietan.

Hitza dugu komunikaziorako kako; harremanak irekitzeko baliatzen ditugu hitzak eta hitzez azaltzen ditugu irudiak, gertaerak, sentimenduak, historiak. Batzuetan paperetan idatzita uzten ditugu hitz horiek, historiak galdu ez daitezen, ondorengoek jaso ditzaten.

Goitik behera, Txomin, Mondra futbol taldeko atezain zela; 1970ean Baionako katedralean egindako gose greban; Maite eta hiru semeekin batera; eta Angela Barriolarekin, Mayiren aitona Ebaristoren arreba. (Argazkiak: Iturbe-Ormaetxea sendia | Punto y Hora | Mayi Barriola)
Goitik behera, Txomin, Mondra futbol taldeko atezain zela; 1970ean Baionako katedralean egindako gose greban; Maite eta hiru semeekin batera; eta Angela Barriolarekin, Mayiren aitona Ebaristoren arreba. (Argazkiak: Iturbe-Ormaetxea sendia | Punto y Hora | Mayi Barriola)

Irudiak ere izan daitezke historien ispilu, iraganeko historien ispilu, eta horrela dira, eta horrela izateko egiten ditugu argazkiak eta gorde egiten ditugu. Gero geure iraganari, edo lagunenari, herriarenari... begira egon gaitezke argazkiz argazki, zertzelada txikiak atzematen, ahaztuak genituen ñabardurak topatzen, edo oroimina asetzen, besterik gabe.

Mutikoak, ezkerretik hasita, Txomin Agirre, Igortz Iturbe, Zigor Arrieta, Kepa Agirre eta Gorka Egileor. 1979an Biarritzen jasandako atentatuaren ondoren eta 1975ean Baionako Marracq auzoan egin zioten atentatua. (Argazkiak: Iñaki Agirre | Punto y Hora | Iturbe-Ormaetxea sendia)
Mutikoak, ezkerretik hasita, Txomin Agirre, Igortz Iturbe, Zigor Arrieta, Kepa Agirre eta Gorka Egileor. 1979an Biarritzen jasandako atentatuaren ondoren eta 1975ean Baionako Marracq auzoan egin zioten atentatua. (Argazkiak: Iñaki Agirre | Punto y Hora | Iturbe-Ormaetxea sendia)

 Txomin Iturbek, Etxazuriko semeak, ez zigun idatzitako hitz asko utzi paperetan. Badira lagunei edo etxekoei bidali zizkien postal eta eskutitzen batzuk, altxor txikiak, kuttunak. Gehiago izan litezke epaitegi bereziren bateko sotoan ezkutatutako paper muturrak, orri solteak... Ezkuturako eta agerirako idatzitako zenbat papertxo eta ohar ulerterraz eta ulergaitz ez ote dago epaitegi berezietako sotoetan, polizia-etxeen bulego eta gordeleku ez oso argietan, kazetariz mozorrotutako hainbaten kutxetan! Zenbat tesi dotore, zenbat liburu, zenbat eskutitz, zenbat bertso eta poema ez ote dute eraman euskal herritarron etxeetatik azken 50 urteotan! Ez dira, seguru asko, Txomin Iturberi dagokion artxiboa kontsultatzera zoazela esanez joanda harrerarik abegitsuena egingo liguketen lekuak.

Ezkerrean, Baiona 1983an, Korrikaren hirugarren edizioan eskuinean Txomin pankarta eramaten. Ondoan, Ane Miren Alberdi, Txomin eta Arantza Sasiain epaitegian. (Argazkiak: “Egin” | Ane Miren Alberdi)
Ezkerrean, Baiona 1983an, Korrikaren hirugarren edizioan eskuinean Txomin pankarta eramaten. Ondoan, Ane Miren Alberdi, Txomin eta Arantza Sasiain epaitegian. (Argazkiak: “Egin” | Ane Miren Alberdi)

 Txominek ez zuen, harreman pertsonaletatik harago, ETAko arduradun edo militante gisa asko idatzi. «Ez zeukan idazteko astirik», kontatzen zuen batek. Gehiago zen hitz egitekoa, nahiz eta «pertsona isila izan». Isila izateak ez du esan nahi mutua zenik, «beharrezkoa zenean soilik hitz egiten zuela baizik», beste lagun batek dioenez.

Idatzi ez zuela egingo baina kontatzeko, bere bizia kontatzeko, eskatu zion behin bere lagun Jose Luis Arrieta “Azkoiti”-k. «Kontazak mendiz mendi hire biziaren berri», eskatu zion. Ez zion esan urtez urte, edo hamarkadaz hamarkada kontatzeko; «mendiz mendi» konta zezala eskatu zion. Baina, Txominek kontatu ahala lagunak grabatu ziona ere galdu egin da gehiena; ulertzeko moduan apenas geratu ziren zertzelada batzuk grabazio hartatik.

Txomin eta Angel anaiak, aita erdian dutela, Baionan ateratako irudian. (Argazkia: Iturbe-Ormaetxea sendia)
Txomin eta Angel anaiak, aita erdian dutela, Baionan ateratako irudian. (Argazkia: Iturbe-Ormaetxea sendia)

Lagunen memoriak galdu ez zuena geratzen da, adiskideen oroitzapenean iraun duten pasarteak daude, eta bere ibilbidean erakutsi zuena. Etxekoen hitzetan eta keinuetan, irribarrean eta isiltasunetan grabatuta iritsi diren bristadek irauten dute, eta Txomin agertzen den argazkiei enegarren aldiz begiratzean datozen oroitzapenek.

Lagun arteko giroan erakusten dute Txomin argazki horietako gehienek. Badira umetatik nerabezarora ikaskideekin ageri den argazkiak. Mahai inguruan lagunekin, eta futbol taldeko atezain jantzita. Bada hauen artean bat, futbol partidaren amaieran kopa eskuetan duela agertzen dena beste jokalari batekin. Oinetara erreparatuta, 18-19 urteko Txomin abarkekin dagoela ikusten da. Etxazurin lanean erabiltzen zituen oinetakoak ziren seguru asko; lanerako onak baziren, kirolerako balioko zutela.

Txominen errefuxiatu dokumentua (1985).
Txominen errefuxiatu dokumentua (1985).

 

Txominek esaten zuen lehenik etxea eta etxeko lanak zirela berarentzat, hori zela garrantzitsuena. Gero lagunak, kirola, jai giroa... Baina lehenik etxea. Horrela erakutsi zion aitak, baina horrela ikasi zuen berak. Denek ez baitute ikasten erakusten zaiena.

1960an 17 urte zituen Txominek. 21 urte ziren gerra bukatu zela eta frankismoa gordinenean zegoen. Gerraosteko gazte belaunaldi bat munduari begira, Euskal Herri zapalduan, zentsuratuan, etsipenaren lanbrotan bidea topatu nahian. Hamarkada hura ereite aroa izan zela esaten du Jose Manuel Pagoaga “Peixoto”-k. Ereiten ari denak badaki gerorako lanean ari dela, ez duela berehalako emaitzarik izango, eta esan liteke horregatik dela jarduera arduratsuagoa, norbere zilborrera eta interesen mesedera baino harago begira ari delako, eskaintzen ari delako eskatzen baino gehiago.

 

«Egin» irakurtzen, Aljerren. (Luis Nuñez - Punto y Hora)
«Egin» irakurtzen, Aljerren. (Luis Nuñez - Punto y Hora)

Ereite hura eta ETAren hasiera ez ziren ordainik gabe eta merke-merke egin zitezkeen ekimenak. Ondorioak zituen diktadurapeko zapalkuntza hartatik zutitzera ausartzeak; espetxea izan zitekeen, edo etxea eta herria utzita alde egin beharra, edo okerrago agian.

1936-39ko gerra galduta, Bigarren Mundu Gerran itxaropena ez beste guztia galduta, etor zitekeenaren zain geratu ziren batzuk Ipar Euskal Herrian eta erbestean. Haietako batek, Felix Likinianok, honela kontatzen zuen Arrasate eta inguruko errefuxiatuen belaunaldi berria Iparraldera iristen ikusteak egin zion inpresioa: «Zuek etorri zinetenean, orduantxe argitu zen mundua guretzat. Gu geunden V. Internazionalaren zain, eta ez ziren etortzen eta ez ziren etortzen, eta badakizu zeintzuk etorri ziren? Neure herriko baserritar batzuk». 1968a amaitzen ari zen Txomin Iturbe Arrasatetik ihes eginda Iparraldera iritsi zenean.

Arrasateko Udal plaza jendez gainezka, omenaldian. (Egin)
Arrasateko Udal plaza jendez gainezka, omenaldian. (Egin)

Gerra edo errepresiotik ihesi Ipar Euskal Herrian babestu ziren gehienak, Txominen garaikoak edo ondorengoak, itsaso ondoan geratu ziren. Hendaian bertan, Donibane Lohizunen, Baionan… gehienek hor topatzen zutelako Hegoaldekoaren antzekotasun handiena giroan, lana aurkitzeko aukeran edo dena delakoan. Eustakio Mendizabal, Txomin eta beren garaiko beste batzuek, baina, barrualdera joateko erabakia hartu zuten, Iparraldeko giroa hura ere bazelako eta barnealdeko gizartean ere bilatu behar zelako abertzaletasuna eta abertzaleak hartuko zituen ingurua. Garrüzeko negutegiak oso gogoan dituzte 70eko hamarkadako errefuxiatuek.

Aljerreko aireportuan, euskal ordezkaritza, hilkutxaren aurrean. (Egin)
Aljerreko aireportuan, euskal ordezkaritza, hilkutxaren aurrean. (Egin)

Han ere, baina, gehienak ezin izan ziren urte askoan bizi. Berriro itsasertzera itzuli zen Txomin, eta Garrüze inguruan ibili ziren beste gehienak ere bai. Erakundeko militantziak hala eskatzen zielako, batez ere. Inon ez zuen, ordea, bizimodu lasairik izan. Poliziak hainbat aldiz atxilotzeaz gain, tirokatu ere egin zuen behin, Antton Etxebesterekin eta Jokin Gorostidirekin autoan zihoala. Eskuin muturreko taldeak, espainiar talde parapolizialak, behin eta berriz saiatu ziren hura hiltzen. Batzuetan zauritua atera zen atentatu haietatik. Semea ere, artean haurra zena, zaurituta atera zen Txominen aurka zuzenduriko atentatu batean.

Espainiar polizia eta inteligentzia zerbitzuek jopuntuan izan zuten luzaroan. Baina gatazkari irteera bat emateko asmoz ETArekin hitz egiteko ordezkari gisa haren bila ibiltzen ziren beste batzuk ere; EAJ, besteak beste. 1986ko apirilean atxilotu zuten Arbona eta Ahetze artean. Hortik aurrera, espetxeko egonaldia, Gabonera deportazioa, Gabonetik Aljeriara iritsiera, Aljerian heriotza… arrazoi bategatik edo besteagatik, ia egunez egun egin daiteke jarraipena garaiko prentsaren bitartez.

 

TXOMIN, aurrera bolie

Jokin Urain •  GARA, 2021
• 408 orrialde / Ilustratua • 20 euro