Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo
Txuri Urdineko jokalariak eta teknikoak –Koldo Saenz eta Alex Lazcano entrenatzaileak eta Eva Izagirre delegatua tartean–, iragan larunbatean, Majadahondan, Liga titulua ospatzen.
Txuri Urdineko jokalariak eta teknikoak –Koldo Saenz eta Alex Lazcano entrenatzaileak eta Eva Izagirre delegatua tartean–, iragan larunbatean, Majadahondan, Liga titulua ospatzen.
MAJADAHONDA (FLIKR)

Txuri Urdin, zoriontasunaren bidetik

Historia egin dute donostiarrek Espainiako emakumezkoen izotz hockeyan jaun eta jabe den Majadahondari Liga irabazita. Gazteen eta esperientzia handiko jokalarien arteko oreka bilatuz lortu dute balentria, baina gehiago nahi dute: Kopa ere etxera ekartzea.

Ez pentsa asteburu-pasa joan zirenik Txuri Urdin izotz hockeyko jokalariak Madrilera. Egia da bapo afaltzeko, parranda pixka bat egiteko eta erosketa batzuk egiteko aukera ere izan zutela. Baina hori baino lehen beste helburu garrantzitsu bat zuten: Liga irabaztea. Hirugarren finala zuten aurtengoa, guztiak aurkari berberaren kontra: azken bederatzi urteetan zortzi Liga irabazi dituen Majadahonda. Hilaren 13an Donostian garaipena lortu zuen Txuri Urdinek (4-2). Iragan asteburuan beste partida bat irabaztearekin nahikoa zuten donostiarrek, eta baita lortu ere. 2-3ko emaitza eskuratu eta garaikurra ekarri zuten etxera.

«Esan daiteke ia-ia etxean jokatu genuela azken partida, senideak eta lagun asko joan baitziren Madrilera», azaldu du Koldo Saenz Txuri Urdineko entrenatzaileak. Larunbatean Majadahondan piztutako zoriontasuna Donostiaraino iritsi zen igandean, Izotz Jauregiraino hain zuzen, «politena» bertan gertatu baitzen. Zaleen «izugarrizko harrera» jaso zuten txapeldunek. Ez zen gutxiagorako. Hirugarren saiakeran iritsi da Liga titulua. Eta nola gainera! Liga erregularrean 14 partida jokatu zituen Txuri Urdinek eta bakarra galdu, hain justu finalean aurkari izan duen Majadahondaren aurka. Ez hori bakarrik: talde golegileena izan da Donostiakoa (108), baita gol gutxien jaso dituen bigarren taldea ere (13) Majadahondaren atzetik (7).

Donostiako Izotz Jauregian Txuri Urdineko jokalari eta teknikoei igandean egindako harrera. (TXURI URDIN)

«Dudarik gabe» errebantxa moduan hartu zuten finala donostiarrek, azken bost urteetan Txuri Urdinen ardura izan duen Koldo Saenzek onartu bezala. Hori bai, aurten irabazteko «presio eta ardura handiagoa» zutela aitortu du, taldea «finkatuago» eta «sendotuago» baitago dagoeneko. Presioaren faktorea oso ondo erabili zuten, ordea. «Presio hori beraiei jarri genien lehen partida Donostian irabazita. Baina presioa denentzat dago. Azken finean, horixe da final bat», azpimarratu du entrenatzaileak.

Liga erregularrean jasotako porrot bakarra Majadahondaren aurkakoa izanda ere, «sinisten jarraitu dugu», adierazi du Saenzek. Taldearen mentalitateari beste faktore batzuk gehitu behar zaizkio. Adibidez, «zenbaki potenteak». Izan ere, golegileen zerrendako lehen hamar sailkatuen artean, Txuri Urdineko bost jokalari daude. Are, Cecilia Lopez kanariarra izan da golegile nagusia, 25 golekin. Asistentzietan datuak antzekoak dira, lehen hirurak Txuri Urdineko jokalariak baitira: Haizea Fernandez, Eva Aizpurua eta Irene Senac.

Talde «heterogeneoa»

Kontuan hartu beharreko beste faktore bat da donostiarra ez dela «talde estandarra», «heterogeneoa» baizik. Saenzen hitzetan, estandarra antzeko maila eta adineko 20 jokalari izatea litzateke –«utopia hutsa»–. Txuri Urdinek, aldiz, jokalari esperientziadunak –28-32 urtekoak– eta oso gazteak –16-17 urtekoak– nahastu ditu, oreka bilatuz. Baita lortu ere: jokalariak izan dira «protagonista nagusiak» eta faktore horien guztien batuketaren emaitza izan da Liga lortzea. Lehen aipaturiko Cecilia Lopezez gain, Holly Steeples atezain ingeles erdi-profesionala ere udaran iritsi zen Txuri Urdinera. Horiekin batera, Leticia eta Vanesa Abrisqueta ahizpa gasteiztarrak ere Donostian aritu dira. Bikiak dira eta, kasualitatez, Majadahonda taldean ere beste bi biki ari dira jokatzen –Sara eta Laura Danielsson–.

Abrisqueta ahizpen historia aipatzekoa da, aspalditik baitute harremana Txuri Urdineko teknikariekin: «Oso gazte hasi ziren jokatzen. Egun 31 urte dituzte eta ez zuten non jokatu. Mutilekin aritu dira betidanik Angelun; Iparraldera joaten ziren entrenatzera bertan neska taldea zegoelako. Buelta asko eman dituzte. Bere garaian, Kazkabarra deitzen zen taldean gurekin aritu ziren. Gurpil gaineko hockeyan ere aritzen dira. Adibidez, Valdemoron jokatu zuten iaz izotz hockeyan, eta Bartzelonan gurpil gaineko hockeyan. Ero moduan ibiltzen ziren. Aurreko udan afaritxo bat izan genuen beraiekin eta esan genien: ‘Baduzue garaia pixka bat lasaitu eta etxean jokatzeko’. Azkenean, beraiek eta beste lauzpabost neska ere etorri zaizkigu Gasteiztik, eta izugarrizko ekarpena izan da. Abrisqueta ahizpak selekzioan aritutakoak dira, munduko txapeldunak eta esperientzia hori ekarri dute taldera», azaldu du.

Orain arte aipaturiko izenez gain, Koldo Saenz eta Alex Lazcano entrenatzaileek –eta Eva Izagirre delegatuak– gidatzen duten taldea honako jokalariek osatu dute aurten: Maria Serna, Sara Irizar, Nerea Martinez, Naroa Ruiz, Naiara Marauri, Arianna Lopez, Onintza Unzurrunzaga, Claudia Bermejo, Iraia Ayestaran, Helena Muñoz, Oihana Zaldua, Irune Refojos, Erika Hernandez, Rebeca Ponce eta Onintza Ibarzabal. Atezain lanetan, aldiz, Steeples titularra, Maria Sierra eta Ainhoa Salillas.

Koldo Saenz eta Alex Lazcano entrenatzaileak eta Eva Izagirre delegatua. (TXURI URDIN)

Ainhoa Salillas: denon eredua

Zerrendan azkena aipatu badugu ere, Ainhoa Salillas goraipatu nahi izan du Koldo Saenzek, 17 urteko bergararra funtsezkoa izan baita Txuri Urdinek Liga irabazteko. Prestatzaileak azaldu duenez, finalerdietan Steeples lesionatuta zegoen eta gipuzkoarrak jokatu zuen. «Berak lagundu gaitu honaino iristen. Gauzak horrela gertatzen dira. Azken afarian pastilla bat oparitu genion. ‘Ainhoa, hau zuretzako. Merezi duzu’. Eta beste batek esan zuen: ‘Zuri esker gaude finalean!’», kontatu du prestatzaileak.

Salillas bera «harro» dago lortutako balentria ikusita. «Hasieran sekulako presioa sartu nion neure buruari. Holly [Steeples] moduko atezain bat izateak konfiantza eman dit denboraldian zehar, eta, faltan izan dugunean, taldekideen berotasunarekin egin dut aurrera. Eurek emandako konfiantza ezinbestekoa izan zen finalerdietan, eta uste dut lan ona egin eta ondo aritu nintzela», onartu du Bergarako atezain gazteak.

Pandemiaren etenaren ostean denboraldiari ekitean hasi zen Ainhoa Salillas Txuri Urdinen jokatzen. Bere hasierak Bergarako Burdinola lineako hockey taldean eman zituen, txikitan, eta Donostiako taldera iritsi zenetik, bai lineako hockeya bai izotz gainekoa uztartzen ditu. Bergaran bizitzen jarraitzen du eta, adin txikikoa izanda, «autobusez etortzen naiz Donostiara edo, bestela, gurasoek ekartzen naute, bidaiak pixka bat arinagoak izan daitezen», azpimarratu du.

Ikasketetan guztiz murgilduta dago Salillas, baina ez hori bakarrik. Hockeyaz gain, karatea egiten du eta oboea ere jotzen du. «Guztiak uztartzea pixka bat zaila izaten da, baina gustuko tokian aldaparik ez!», onartu du atezainak. Txuri Urdinera iritsi zenetik oso harrera ona izan duela azpimarratu du, eta, horrekin batera, harrobia «ondo zaintzea» ezinbestekoa dela nabarmendu du: «Ematen du ezberdintasun askorik ez dagoela lineatik izotzera, baina ez da horrela. Taldean dagoen giroak eta nagusiek ematen duten berotasuna eta laguntza asko igarri nituen izotzean hastean. Azkenean, beti behar da jende gaztea. Beraiek kristoren lana egin dute gu ondo integratzeko eta taldea aurrera ateratzeko».

Majadahondaren kontrako finaleko momentu bat. (MAJADAHONDA/FLIKR)

Pandemia eta anekdotak

Kirol guztietan bezalaxe, koronabirusaren pandemiak eragin zuzena izan du izotz hockeyan ere. «Dezente sufritu dugu», adierazi du Saenzek. Hain urrutira joan gabe, finalerdietan Valdemororen kontra jokatu aurretik, taldean zenbait positibo izan zituzten. «Kosta zitzaigun, baina hurrengo partidan bere tokian jarri genituen», onartu du. Kirol eraikinak hutsik egotetik jendea egotera emandako pausoak jokalariei onurarik ez diela ekarri ere onartu du Saenzek: «Valdemororen kontrako azken partida Donostian izan zen eta gora begiratu eta bertan familia, gurasoak, lagunak... zeuden. Neskak harmailak huts-hutsik egotera ohituta zeuden eta presioa ere nabaritu zuten pixka bat».

Pandemiak anekdotak ere utzi ditu bidean, taldeko prestatzaileak era barregarrian gogoratu bezala: «Garai batean ezin zen inor mugitu Espainia osoan, eta gu, baimen batekin, hemendik hara joaten ginen. Egoera hori kudeatzea oso zaila egin zitzaigun. Kasu bat izan genuen Valdemoron oso graziosoa. Ezin ziren dutxak erabili. Nola bueltatuko ziren etxera jokalariak dutxatu gabe? Alex Lazcanok bidoi bat lortu zuen, parkingera atera genuen eta, gauerdian, lau gradurekin, hantxe aritu ziren gure neskak bidoiarekin! Oihal bat ere jarri genuen! Denak barrez, argazkiak ateratzen… aritu ziren. Baina kontuan ez da hor bukatzen. Bat-batean argitxo urdin batzuk ikusi genituen. Atzera begiratu eta polizia. ‘Buenas noches. Nos han avisado los vecinos que hay una fiesta’. Eta ni: ‘No, no, perdone usted. Pasa esto y esto’. Erantzuna izan zen: ‘Mire usted el acta: el toque de queda aquí en la Comunidad Madrid es a las 22.00’. Azkenean joan ziren, eta lasai dutxatzen utzi ziguten. Gaur barre egiten diogu egoerari, baina gogorra izan da. Nik jokalariei esaten nien: ‘Putakeria hau erabil ezazue pixka bat anekdota bezala. Gainera, ze ondo pasa genuen!’. Horrela ibili gara jokatzen».

Horrelako egoerek taldea indartzen lagundu dute. Baita Saenzek duen bizi filosofiak ere: «Ilusioz beteriko pertsona naiz eta nik beti esaten diet: ‘Hona zoriontsu izatera zatozte, eta gero hockeyan aritzera. Nik pozik nahi zaituztet! Horrek denak topera jartzen gaitu!».

Txapeldunen bandera. (TXURI URDIN)

Zoriontasun horrekin –Liga irabazita are gehiago–, Kopari begira dira dagoeneko donostiarrak. Izan ere, apirilaren 16an eta 17an, Jakako Izotz Pabilioak nesken eta mutilen lehiaketa asteburu berean hartuko du lehen aldiz. Ainhoa Salillasen ustez, aurrerapauso handia da: «Mutilekin batera jokatzean nik uste jende gehiago etorriko dela ikustera. Ikusgarritasun handiagoa edukiko dute partidek eta hori onuragarria da guretzat». Ikusgarritasuna lortzeko bide horretan, Valdemororen kontrako Ligako finalerdietako partida ere “Global Girls’ Game” ekimenaren barruan jokatu zen. «Kirol minorizatua denez gurea, askotan baldintzak ez dira egokienak. Gainera, emakumeak izanda, are gehiago. Horrelako ekimenetan parte hartzea garrantzitsua da gure eskubideak pixka bat hobeak izan daitezen», onartu du Salillasek.

Eta Kopara begira jarritako helburua? «Argi dago denboraldia ondo bukatu nahi dugula. Garrantzitsuena guk egindako lanarekin harro egotea da», dio bergararrak. Lauko Finaleko taldeak ezagutzen dira jada (Txuri Urdin, Majadahonda, Quimeras Valdemoro eta Milenio Panthers), baina ez oraindik kanporaketak. «Berdin du. Guk gure onena atera behar dugu eta aurrean dagoenak sufrituko du! Taldea horrela ikusita, bai ala bai Koparen bila goaz. Hockey aldetik, nik gehixeago nahiko nuke, gehiago hobetzea, baina badakit zer den final bat: Di Stefanok esaten zuen bezala, finalak irabazteko dira, ez jokatzeko», aipatu du Saenzek. Datorrena datorrela, hockeyan zoriontsuak baldin badira, bide erdia baino gehiago eginda izango dute Kopa eskuratu eta dobletea egiteko. Aurrera!