Elorriotik Elorriora: Gazte topaguneak geltoki, 2002-2023
Belaunaldi orok izango du Gazte Topaguneren bat bere baitan gordea; batean baino gehiagotan ibiliko zen, baina norberak badu kutun bat. Joan den martxoaren 2an Ernaik hamar urte bete zituen, eta Elorrion izango du ospakizun handia. Apirilaren 6tik 9ra antolatu dute urtebetetze festa.
‘Elorrixon zu ta ni, bi indar bi argi’ kantatzen jarraituko dute batzuek, behinola han izan zirela gogoratuz. Eta belaunaldi berriek ‘Bizitzeko beste modu bat’ abestuko dute, badoazela aldarrikatuz. Gazte independentisten topaleku izan dira topaguneak, urtean behingo ‘jaia eta borrokari’ eutsi dioten espazioak eta esperientziak; urte osorako energia eman eta begizuloetan kabitzen ez diren ametsekin itzuli ohi da gazteria haietatik. Gazte aurrizkia izan arren, adin guztientzako eskaintza eta tokia egon ohi da.
Elorrio, Itsasondo, Etxarri, Lezo, Durango, Urduña, Laudio eta Lemoa, eta Elorriora berriro ere. Bide berari jarraipena emango dion geltoki bera, baina geltokia gaurkotuz. Euskal Herriko mapa irudikatu eta herri berriak ezagutzeko ere balio du udaberriko ekimenak. Aurtengo edizioan zenbaitek, ezagutu ordez, oroitzapenak freskatuko dituzte. Hogeita bat urte pasatu dira lehendabiziko Elorrioko topagunetik aurten ospatuko denera. 2002ko edizioko abestiak ‘iraganeko bi zubi ta geroaren irudi’ esaten zuen. Eta egia bilakatuko da, iragana eta oraina elkartzeko zubiak osatzea ere badelako ekimenaren helburua, transmisioaren haria ez etetea, alegia. Eta, aldi berean, geroa egunero irudikatzeko eta lau egunez bizitzeko abagunea sortzen delako. Ehunka boluntarioren lanaren bidez eraikitzen da gazte herri hori, itzalpean inurri lan nekaezina egiten dabiltzan txanda egile guztiei esker.
Udaberria iristearekin bat etorritako zita izan ohi da gazte topaguneena. Ezker abertzaleko gazte antolakundeak prestatzen du: urte batean topagunearen forma ematen diote, eta hurrengoan mendi martxarena, eta horrela, 1994an Jarraik lehen edizioa antolatu zuenetik, gaurdaino. Baina ezker independentistentzat udaberrian izaten da beste zita garrantzitsu bat ere: Aberri Eguna. Urterik urte aldatu izan da garaiko planaren, baldintzen eta baliabideen arabera, Gazte Topagunetik Aberri Eguneko mobilizazioetan parte hartzeko modua. Batzuetan herrian bertan egin izan da ekitaldiren bat, beste batzuetan autobusak antolatu izan dira mobilizazioa deituta zegoen tokira. Baina guztietan presente egon da, herri aske bat borrokatzeko grinak elkartzen baitu.
Guztiek izan ohi dute antzeko formatua, baina bakoitzak badu bere bereizgarria. Testuinguruari oso lotutako ekimena izaten da, baina aldi berean lurzoru eta amets bera partekatu izan dute urterik urte. Euskal Herri aske, sozialista, feminista eta euskalduna.
Bakoitzak bere leloa, bere irudia, bere kantua, eta bere herria ditu. Norberak ere izango ditu bere anekdota, gorrotatutako txanda, deseroso sentitutako hitzaldia, negarrez amaitutako ekitaldia, gozatutako kontzertua eta hamaika istorio gorputzean. Antzekoak irudikatu arren, geltoki bakoitza desberdina delako.
Elorrio - Guk iraultzaz independentzia!
Emaitzaren irudiak geratzen zaizkigu iltzatuta maiz, eta, zalantzarik gabe, arrakastarena izan zen 2002ko Elorrioko irudia. Baina bidean gertatutakoak ere gogoratzekoak dira, antolatzen ibili zirenek behintzat ongi gogoratzen dituzte: batzuk espetxean zeudelako, gutxi batzuk Elorrion jarraitu ahal izan zutelako, eta askok azken orduan jauzi egin behar izan zutelako muntaketa lanetara.
‘Alderdien legea’ deiturikoa abian zegoen, zenbait alderdiren ilegalizazioak bultzatzeko; baina eragile batzuk ere jomugan zeuden, Segi gazte antolakundea ere legez kanpo geratu berri zen. Era berean, ‘Ibarretxe plana’ abian zen Euskal Herrian. Alde guztientzat, garai mugituak. Elorrioko muntaia lanetan zebiltzanek martxoaren 7a gogoan izango dute, Segiren zuzendaritzaren aurkako sarekada izan baitzen. Aurreko urtean, 2001eko martxoaren 6an izan zen Haikaren aurkako sarekada, egun seinalatua izaki, gazte antolakundeko kide batzuk Polizia atzetik sumatzen hasiak ziren eta alde egin zuten, baina egun bat geroago izan zen beraien aurkako sarekada. Eta bazuen zergaitia: Garzon epailea Espainiako futboleko Kopako finaleko palkoan zegoen martxoaren 6ko gauean, eta, beraz, sarekada 7ra atzeratzeko agindu zuen. Zalaparta sortu zen gertaera horien ondotik.
Hala ere, gazteen konpromisoari esker, arrakastatsua izan zen edizio hura, 21.000 gazte independentistek bete zuten Elorrio. Berri Txarraken abestia izan zen edizioko ‘ikur’ handienetakoa, Sepultura talde brasildarrak ere arrakasta izan zuen, eta eguzkia ateratzearekin batera hitzaldietan ere jende andana bildu zen.
Elorriora iritsi aurretik egon zen beste ekimen bat urte hartan: Olaia Kastresanaren omenezko mendi martxa egin zuten aurreko egunetan, Iruñetik abiatuta. Elorrio osterako ere bazegoen eskaintzarik; Donibane Lohizuneko Aberri Eguna. Autobusak antolatu ziren mobilizaziora joateko, eta gauean jarraitu zuen festak Elorrion.
Itsasondo - Gu gara herria, egin dezagun bidea
Eguraldiak okerrera egin zuen 2004ean, eta testuinguruari zegokionez ere garai ilunak izaten ari ziren gazte independentistentzat. Errepresioa gero eta bortitzagoa zen gazteen artean, eta Estatu espainolaren aldetik jopuntuan zuten ‘euskal’ aurrizkia zuen ekimen oro.
Itsasondoko topagunea euskal gazteria zertan zebilen irudikatzeko abagune aparta zen, borrokarako grinez jarraitzen zutela erakustekoa. Beti egon da gazteriaren baitan sormena eta eraldatzeko nahia, eta edizio honetan ere, musikaren bidetik aldarri argi bat egin zuten, modu irudimentsuan. Fermin Muguruza Gazte Topaguneko antolakuntzarekin harremanetan jarri zen, eta garaian Euskal Herrian zein Europan zentsuratzen ari ziren taldeekin (asteburuero antolatuta zeuden kontzertuak debekatzen ari ziren agintari espainiarrak) ‘zentsuratuen gaua’ antolatzea proposatu zien. Eta erronka bere egin zuten gazteek, Berri Txarrak, Soziedad Alkoholika eta Muguruzaren taldeekin bete zuten karpa handia. «Zentsuratzen gaituzue, legez kanpo uzten gaituzue, baina hemen jarraitzen dugu» esateko modu bat izan zen.
Gazteentzat eta gazteengandik sortua zen ekimena bera, eta lau haizetara zabaltzeko ere egin zuten beraien eginahala. Ohiko moduan, nazioarteko lagunak bertan izan ziren, beraien herrialdeetan zabaltzeko. Baina Euskal Herrian zabaltzearen apustua Gazte Sareak hartu zuen, lehenengo aldiz eman zuen zuzenean han gertatutakoa, eta ‘Xirika’ gehigarri berezia ere erabaki zen.
Etxarri-Aranatz - Tipi, tapa, independentzian TOPA!
Independentzian topa egiteko asmoz elkartu ziren Etxarri-Aranatzen 2006an, bigarren aldiz herri berean, 1994an ere han topo egin baitzuten. Ez zen kasualitatea izan Nafarroan topa egin nahi izatea, garaiari eta lurraldetasunari loturik eman nahi zuten pausoa izan zen; Miguel Sanz zegoen Nafarroako Gobernuko buru, eta horren aurrean ere bazen ‘hemen ere bagaude’ esateko modu bat gazteentzat.
Herriz herri martxoan abiatutako olinpiaden finala jokatu zen Etxarrin, irudimena izan zen edizio hartan ere adierazgarria, bai jokoetan eta bai animatzaileen artean ere. ‘Gerrilla guda’, ‘Amodioaren trena’, ‘Zaku lasterketa’... izan ziren egin beharreko jokoetako batzuen izenak, irudimentsuak denak, eta baita egin beharreko lanak ere. Finalera heldu ziren taldeetan bitxiena Xiberoko taldea izan daiteke; Zuberoako parte hartzaile guztiak joan ziren finalera, eta amezketarrekin batera osatutako taldea izan zen. Gipuzkoarrek jantzi zuten txapela, jokoa beraiek irabazi bazituzten. Baina animatzaileen artean nafarrak gailendu ziren, beren oihu, pankarta eta koreografiekin.
8.000 gaztek bete zuten Karpa Handia gauez, eta preso politikoen eguna eta Topaguneko astelehena egun berean egokitu zirenez, bertan egin zen Askatasunaren ekitaldi jendetsua. Nazioarteko preso politikoak ere gogora ekarri zituzten, eta Irlandako eta Hego Afrikako ordezkariek hitza hartu zuten bertan.
Azken egunean herri bazkaria antolatu zuten, paella erraldoia guztientzat, baina horretarako herri guztietatik gerturatutako boluntarioek laguntza berezia izan zuten: Kantabriatik joandako sukaldariak.
Lezo - Etorkizuna, independentzia!
Kattalinen irudia –bi mototseko neskatxa borrokalaria– eta elurra, 2008ko Lezoko Gazte Topagunearen ‘ikur’ bilakatu ziren. Testuinguru politiko korapilatsua zen, Segi antolakundea legez kanpokoa izatetik eragile ‘terrorista’ izendapena jasotzera pasatu zen. Artean ez zegoen guztiz argi Topagunearen ekimenean horrek zer eragin izango zuen, eta horregatik aurkeztu zuten antolakundearen logorik gabe, helburu nagusia argia baitzen: gazte independentisten plaza handienari beste urtebetez bizia ematea.
Gazte independentistek berriro ere mahai gainean kolpea eman eta ‘hemen gaude’ esan zuten. Beraien inguruan sortzen ari zen errelato desitxuratuaren kontraesanak agerian jarri nahi zituzten. ‘Antolakunde terroristatzat’ izendatuak izan eta Kattalin bezalako irudi nagusi bat izatea, ‘antolakunde terroristatzat’ izendatuak izan eta aldarri nagusiak independentzia eta aske bizi nahia izatea, ‘antolakunde terroristatzat’ izendatuak izan eta hiru egunez milaka gazte elkartzea.
Bizitza askatzaileak aldarrikatzetik bizitzera igaro ziren; egitarauan presentzia berezia zuten aisialdiak, kulturak eta eraldaketa pertsonal zein kolektiboek. Eta hori guztia herri bat askatzeko nahiarekin loturik. ‘Bizi itzazu ametsak amestu beharrean’, zioen Topagunerako propio Hesian taldeak egindako kantak, eta hori egin zuten. Irudikatzen zuten herria lau egunez martxan jarri eta bizi. Eguneroko errepresioaren tentsio eta mamuetatik at, ‘burbuila’ bat osatu eta gozatu zutela gogoratzen dute bertaratutakoek.
Durango - Bizi dezagun ametsa, eraiki independentzia!
2010erako testuinguru politikoa guztiz nahasita zegoen, errepresioa gero eta gogorragoa zen, eta aukera gero eta estuagoa zuen Segik ezer antolatzeko. Ez zen Gazte Topagunerik antolatu, gazte antolakundea ez zegoen horrelako ekimen handi bat antolatzeko baldintzetan. Baina gazte independentistak ez ziren zitarik gabe geratu, GaztEHerria dinamika jarri zuten martxan, eta Topagunearen ordezkari ez, baina ordezko hitzordu bat deitu zuten udaberrian, Durangon.
Egun bakarreko egitaraua izan zen, goizean hitzaldiak eta kale animazioa egon zen, eguardian bazkari herrikoia eta arratsaldean, mobilizazioa, ekitaldi nagusia eta kontzertuak Landako Gunean.
Helburu bera zuten gazteen arteko elkarrekintza lortu zen edizio hartan, ez zuen antolakunde batek beregain hartu antolakuntzako lana, eragile, elkarte eta norbanako ezberdinek osatzen baitzuten GaztEHerria.
Leloak adierazi bezala, independentziarako ametsak elkartzen zituen, eta euskal gazteria jasaten ari zen errepresioaren aurrean, gazteen eskubideak defendatzearen alde batu ziren. Ekimen ezberdinak antolatu zituen GaztEHerria dinamikak, Durangokoa izan zen lehen ekimen handia, baina Durangotik Bruselarako deia egin zuten, nazioarteko beste 50 eragilerekin batera antolatutako mobilizaziora.
Urduña
2013ko martxoaren 2an, Lizarrako pilotalekuan sortu zen Ernai gazte antolakundea, Segi desegin eta ZukGua prozesuaren ondoren. Eztabaida prozesuan parte hartutako ehunka gazte elkartu ziren bertan, baina Ernairen ‘ongi etorri’ handia, Urduñan izan zen, Gazte Danbadan.
Izena aldatu zioten, baina esentzia bera zen, gazte independentisten topalekua izatea. Antolakunde berriarekin, ekiteko modu berriak ekarri nahi zituzten mahai gainera, ezker abertzaleko gazte antolakundeak berriz ere jardun publikoa berreskuratu nahi zuen, gazteentzat borrokarako eskaintza eta tresna izan.
Independentismoa gero eta indar gehiago hartzen ari zen 2013an, bai Euskal Herrian eta baita nazioartean ere. Testuinguruan leihoak zabaltzen ari ziren, nahiz eta presoen auziari eta armagabetzeari dagokionez oztopo eta tentsio nabariak egon. Arrakastatsua izan zen orduko Danbada, berriro ere plaza hartzearen garrantzia azpimarratzen dute antolakuntza lanetan ibilitakoek.
Eskaintza aldetik ere berrikuntzak sumatu ziren, DJ-en gunea zegoen –ordura arte ez zen bereziki maitatua musika estilo hori euskal gazteriaren artean, edo gustukoa izan zitekeela ez zen publikoki aitortua, behintzat– eta ordura arte erreprimitutako desirak azaleratzeko balio izan zuen. Samurtasun tailerra egin zuten, askoren sorpresarako; eta, lehenengo egunerako programatuta bazegoen ere, hiru egunetan egin behar izan zuten, lehenengo egunean erdiak baino gehiago kanpoko ilaran geratu ziren eta. Ezin aipatu gabe utzi Periko Solabarriaren ekitaldi nagusiko hitzartzea, borrokarako grina eta mezu zuzen bat utzi zien bildutako milaka gazteei: ‘Si no nos dejan soñar, no les dejaremos dormir’.
Xabier Lopez euskal presoa Parisko ospitalean hil zen, eta gazteak Danbadan zeuden igandean. Tristurak eta amorruak hartu zuten Urduña, arratsaldeko egitarauan etenaldia egin eta mobilizazioa egin zuten herrian bertan.
Laudio - Esna harrapa gaitzala
2016ko udaberrian etorri zen bigarren Gazte Danbada. Ernaik eta Aitzinak lehen aldiz batera antolaturikoa, ‘Esna harrapa gaitzala’ lelopean, Laudioko kaleak astinduz. Bi gazte antolakundeek jada bazuten nahikoa ibilbide eta egonkortuta zeuden, jauzi bat gehiago eman eta elkarlanean aritzeko momentua zen, eta horretarako udaberriko ekimena une aproposa zen: muga inposatuen gainetik gazte independentistak batzeko lekua.
Esna egon nahi zuten gazteek, adi, prest. Estrategia aldaketa ari zen fruituak ematen, baina, aldi berean fase berrira egokitzeko zailtasunekin aurkitu zen ezker abertzalea. Momentu horretan jarri zen martxan Abian prozesua, jauzi berri bat eman behar zen urte batzuk lehenago abiatutako aldaketak gauzatu zitezen, eta gaur egungo estrategia politikorako zubia eraikiko zuen eztabaidaren erdian iritsi zen Danbada. Gazteek askapen prozesu orokorrari egiten dioten ekarpena balioan jarri eta fase berria zirriborratzeko baliatu zuten egitaraua.
Batzuk esna pasatu zituzten hiru egunak; eguneko egitaraua oparoa zen, estatugintzari eta burujabetzei ekarpena nola egin hausnarrean ibili baitziren. Eta gauez, ohiko moduan, Gune Handia eta Ezker Pareta kantuz eta dantzaz lehertu ziren. Bateragune auzikoak espetxetik atera berri ziren, Rafa Diez izan ezik, eta Arnaldo Otegik bere lehen hitzaldia han eman zuen. Gazte ilara luzeak egon ziren hitzaldiko sarreran.
‘Oholtza gainean bakerik ez!’ leihaketa jarri zuten abian edizio hartarako; euskal talde gazteek beraien taldea aurkezten zuten bideo bidez Danbadan parte hartzeko, eta Topatu.eus atarian bozka gehien jaso zituzten taldeak igo ziren oholtzara. Gune Handian oholtza bereizitu bat jarri zuten gazte sortzaileentzat, oholtza eta plaza propioa izan zezaten. Teorian landu zutena eta praktikan egiten zutena ahalik gertuen egotea izan zen edizio hartako erronka handiena.
Lemoa - Askatasun bulkadak independentziara!
‘Bulkada berrien garaia da!’ dinamika abiatu zuten Jarrairen 40. urteurrenaren harira, gazteriaren bulkadak, iraganekoak eta etorkizunekoak, orainera ekarri zituzten; eta batez ere oraineko borroka indartu zuten.
1994an Etxarri-Aranatzen kanpina jarri zutenak eta lehenengo aldiz Lemoan jarriko zutenak elkartu ziren herriz herri eta auzoz auzo egindako afari zein bazkarietan, eta guztiak ondoren Lemoan. Denek sumatzen zuten bulkada bat beraien baitan. Askapen mugimendu osoak sentitu zuen bere Lemoa, eta guztientzat eskaintza zabala zegoen.
ETA desegin berria zen, ezker independentismoa zabaltzen eta indarra hartzen ari zen, baina aldi berean eskuin muturra gero eta indartsuago zegoen. Borroka sozialek kaleak hartu zituzten, baina euskal herritarren eskubideen aurkako erasoak gero eta gehiago ziren; eta komunitateak elkarren beharra zuen, Lemoak indarberritzeko balio izan zuen.
Kale animazioa, hitzaldiak, ardo dastaketa, kontzertuak, haurrentzako eskaintza, Gazte Sortzaileen Plaza... Edizio hartako egitarauko taulan ez zegoen hutsunerik, guztientzat era guztietako eskaintza zegoen, eta egun osoan ibilitako jende andana eta sortutako giroa gogoratzekoak dira. Gazte antolakundeetatik igarotako asko elkartzeko aitzakia izan baitzen.
Ernaik eta Aitzinak batera antolatu zuten Topagunea, belaunaldi berriak borrokara batzeko baliatu nahi izan zuten, eta balio izan zuen, elkar ezagutu eta kide berriak bidera batzeko batez ere. Esperientziak eta ametsak elkar korapilatu zituen Lemoak, eta bulkada txiki eta handiak leherrarazi.
Urtez urte azalberritzen, moldatzen, mugitzen, hobetzen, muntatzen eta desmuntatzen joan den ekimena da topagunearena. Denetan lan bolondres nekaezina eta udalen prestutasuna ezinbestekoak izan dira. Elorriotik Elorriora igaro dira milaka txandalari, gutxienez zortzi udaletxe eta milaka herritar. Guztiek beren onena eman dute, askapenerako bide luzeko geltoki bakoitzean biziberritzeko eta uneaz gozatzeko parada sortuz.
Ametsak egia bihurtzeko espazioak eta esperientziak dira topaguneak, ikastekoak eta desikastekoak, kanpalekuko lokatzaz kexatzekoak eta aldi berean gauero gozatzekoak, aske dantzatu eta kantatzeko oholtzak. Borrokatzeko beste gune bat gehiago, eta borrokaren emaitzak ikustekoak. Bizitzeko modu bat da antolatzea, parte hartzea, hamaika istorio bizi eta historiaren lekuko izateko geltoki bat dira topaguneak. Bizitzeko modu batek batuko ditu Elorrion milaka gazte independentista, 2002koak eta 2023koak.