NAIZ Irratia eta Mediabask
DublingoBidea2
Migratzaileak Irungo harrera zentro batean.
Jagoba MANTEROLA (FOKU)

Dublingo bidea, asiloa eta harrera erraztetik oso urrun. Bosgarren atala

Dublingo hitzarmena herritarren asilo eskubidea bermatzeko mekanismo gisa azaldu izan dute Europako instituzioek, baina harrera erraztetik urrun, kanporatzeko erabiltzen du estatu ugarik. ‘Bideak’ podcastaren bosgarren atal honetan, Adama gazte maliarraren kasua ezagutuko dugu. Dublinatua da bera.

Audio_placeholder

Dublingo bidea, asiloa eta harrera erraztetik oso urrun. Bosgarren atala

Loading player...

Zer da Dublingo Hitzarmena? Nola erabiltzen dute estatuek? Zer eragin du bidean diren migranteentzat? NAIZ Irratiak eta Mediabaskek elkarlanean egindako “Bideak” podcastaren bosgarren atal honetan Adamaren kasu zehatza ezagutuko dugu.

Parisen atxilotu eta Madrilera igorri dute bart Adama. Hara iritsi orduko poliziei Frantziara itzuli nahi duela esan die. Hauek, badela autobus bat berehala Irunera doana. Ez du dirurik. Bertan ezagutu duen senegaldar bati helarazi diote lagunek bidaiarako behar duen dirua eta, hala, biharamunean autobusa hartu eta Irunera heldu berri da.

Adama du izena azkenengo autobusean iritsi den maliar gazte honek. «Dublindua» da.
 

Bidean diren etorkinak, Irunen. (Gorka RUBIO/FOKU)

Gautxorien harrera

Gauez muga igaro eta poliziak atxilotu eta kanporatzeko arriskuez ohartarazi diote Harrera Sareko gautxoriek Adamari, hobe duela gaua Irunen pasatu eta bertako egoera ezagututa segitzea bere bidean.

Bere kasua berezia da. Ez du lehen aldia Irunen; aurretik ere Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga igarotakoa da. Sei hilabete zeramatzan Parisen, tramite administratibo bat egitera joan da bezperako goizean, asilo eskaria egina zuen Frantzian. Baina Irunen dago berriz. Zer dela eta?

Kanporatze hutsa

Dublingo akordioa asilo eskatzaileen eskubideak defendatzeko araudi gisa azaldu izan du Europar Batzordeak, baina Adamaren kasuan lehen pertsonan ikusi ahal izan dugu kanporatze hutsa izan dela. Madrilera iritsi orduko asilo eskaria egiteko aholkularitza eta bideak izan beharko lituzke.

Berandu da eta Maliko gazteak ezingo du Gurutze Gorriko aterpetxean sartu. Gautxoriek bertako zaindariari Irungo Udalak kudeatutako Zubia inklusio zentrora deitzeko eskatu diote, ea Adamarentzat lekurik baduten galdetzeko.

Zubia zentrora

Oihana Galardi gautxoria etxera doa, Eva Arangurenek eramango du Zubiara. Irungo bihotzean dago kokatuta zentro hau, Urdanibia plazan, Moskun. Ez da berez migratzaileentzako espazio bat, baina Irungo Udalak azpiegitura osagarri gisa eskaini du azken urteetan, Jose Antonio Santano alkateak azaldu duenez.

Migratzaile bat, gaua pasatzeko zentro batean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Dublingo hitzarmena 1990. hamarkadan sinatu zen eta ondoren kolpe ezberdinetan Europar Batasunak bere araudiaren parte bihurtu du. Asilo eskubidea bermatzeko helburuz garatu dela esan izan dute honen sustatzaileek. Asilo eskatzaileak Europara sartzeko baliatu duen estatuan egin behar duela eskari hori izan du beti filosofian.

Akordioa eguneratu ahala aukera berriak sortu dira, senideren bat beste estatu batean baldin badago eskaria bertan egiteko aukera, adibidez. Baina oraindik Europako estatu ugaritatik migratzaileak sarbide nagusi diren hegoaldeko estatuetara kanporatzeko erabiltzen jarraitzen dute. Beti ez, Dublingo Hitzarmena izena daraman araudi honek salbuespenak izan ditu, bat oso berria, Ukrainako gerraren harira hartutakoa.

Salbuespen bat, Ukraina

Mikel Mazkiaran abokatuak eta SOS Arrazakeriako kideak garbi du Europar Batasuna ez dela tratu bera ematen ari Ukrainatik ihesi datozen herritarrei eta beste herrialdeetatik ihesi datozenei. «Halako erabakiak hartuta, Europar Batasunak beste politika bat egitea posible dela frogatzen du. Zenbat aldiz entzun dugun ezin dela beste politika bat martxan jarri eta segurtasuna dela lehendabiziko gauza. Dublingo Hitzarmena ezin dela bertan behera gelditu, funtsezkoa dela. Bada, praktikan horrela dela  gelditu da agerian».

Ukrainako gerraren kasuan, Dublingo Hitzarmena bertan behera utzi du Europak. Honek ahalbidetu izan du gerratik ihesi atera behar izan duten milaka eta milaka herritarrek Europar Batasuneko edozein estatu kidetan hartu ahal izatea babesa.

Zer ari da gertatzen asiloarekin?

Behin-behineko babeserako zuzentarau berezi bat onartu zuen duela urte bat Europak, babes hori segurtatzeko asmoz. Baina zergatik ez asilo eskubidea?

Mazkiaranek azaldu duenez, Ukrainatik etorri diren pertsonek gerra batetik ihes egin dute eta direktibak esaten du asiloa eska dezaketela. «Gehienek ez dute eskatu, ordea, atzerritartasun baimen bat lortzen ari direlako erraztasunekin. Baina kontuz, gero eta gehiago ari direlako gainjartzen atzerritartasuna eta asiloa», ohartarazi du. «Asiloa eskubide bat da, eta eskubide hori gero eta lausoago gelditzen ari da atzerritartasunaren barruan. Behin-behineko babesa izateko baimena eskatu behar dute, baina ez da gauza bera». Asko kezkatzen du horrek abokatua.

Salbuespena da Europak Ukrainarekin egin duena, eta salbuespena izatea nahi izan du Europar Kontseiluak, gainerako migrazio politikan eraginik izan ez dezan.

Ez du galtzeko denborarik

Irungo Harrera Sareko boluntarioekin batera autoan goaz Adamarekin Gurutze Gorriaren aterpetxetik Mosku plazan dagoen Zubia zentrora. Aurreko aldian, muga pasatu zuenean ordainpeko mugalariekin egin zuen. Guztira bederatzi pertsona ziren eta 60 eta 100 euro artean ordaindu zituzten Baionara joatearen truke. Harrera Sarea boluntario sarea dela azaldu dio Evak Adamari, eta Baionara bere kasa iristen asko jota 10 euro gastatuko dituela.
 
Goizean, egun hodeitsu batean, Irungo San Juan plazan daude bart ezagutu ditugun Boli Kostako lau gazteak, baita Zubia inklusio zentroan lo egin duen Adama ere. Agurtu dugu, eta kito. Ez du azalpen guztia entzuteko tarterik. Boluntario bati pare bat galdera egin eta berehala alde egin du. Ez du galtzeko denborarik.

Orain dela 48 ordu Parisen zegoen, Madrildik pasatuta Irunen dago berriro, eta Parisera doa. Lehendik oztopoz beteriko bideari beste bat gehitu zaio, Dublingo bidea. Hau ere egingo du.