Iazko Tximist Cupeko partidan, Realeko jokalari ohiak, eskuin aldean goian Marina Agoues, eta haren azpian, Anne Mugarza.
Iazko Tximist Cupeko partidan, Realeko jokalari ohiak, eskuin aldean goian Marina Agoues, eta haren azpian, Anne Mugarza.
TXIMIST CUP

Tximist Cup: Ezinbesteko espazio bat, ez dutelako zertan «gazteetan bakarrik ikusgai izan»

Tximist Cup-ek hirugarrenez antolatu ditu beteranoen arteko partidak «Legends» izenpean. Athleticeko, Añorgako, Oiartzuneko eta Realeko jokalari ohiek parte hartuko dute. Gaur jokatuko dira lehiak Hondarribian, 10.00etan hasita. Ibarrarekin, Agoüesekin, Mugarzarekin eta Oriorekin mintzatu da NAIZ.

«Pisua baino gehiago zerbait polita da; jokalari ohientzako toki bat da berriro ere elkartzeko, aspaldiko momentuak gogoratzeko, eta futbolean jokatzeko», definizio hori atera da «Legends» hitzetik Eli Ibarraren (Azkoitia, 1981), Anne Mugarzaren (Lezo, 1985), Marina Agoüesen (Zarautz, 1992) eta Larraitz Orioren (Donostia, 1990) ahotsak batuta.

Orain dela bi urte hasi ziren antolatzen Tximist Cupen Legends partida, eta aurten, Realaz gain, Oiartzunek, Añorgak eta Athleticek jokatuko dute, aurreneko aldiz. Gaur jokatuko dira partida guztiak Hondarribian. Ibarrak Athleticekin jokatuko du, Mugarzak Oiartzunekin, Agoüesek Realarekin eta Oriok Añorgarekin. Talde txuri-urdinak eta Añorgak jokatuko dute lehen partida 10.00etan; bigarrena segidan Añorgak eta Oiartzunek, 11.00etan; hirugarrena Oiartzunek eta zuri-gorriek, 12.00etan; eta azkena Realak eta Athleticek, 13.00etan.

Zer suposatzen du horrelako partida bat jokatzeak? «Batetik, zaharra naizela...» esan du barrez Mugarzak. «Mutilek aspalditik dute beteranoen espazio bat, baina neskak orain hasi gara espazio hori hartzen. Garrantzitsua da emakume helduagoak ere ikusgarri izatea, ematen duelako bakarrik gazteetan eta batzuetan garela ikusgai», nabarmendu du Oiartzunekin eta Realarekin lehen mailara igotzea lortu zuen jokalariak.

Partidaren inguruan, Agoüesek esan du denak elkartzeko «aitzakia bat» dela. Horrez gain, gehitu du berak aurkari izan ez zituen jokalari asko arituko direla, eta berarentzako, «haiek bai zirela legendak!». Adibideak jarri ditu: Maite Lizaso, Aintzane Encinas, «Legenda bat da!», Maialen Zelaia... Realeko jokalari ohiarentzako «pribilegio bat da» hor jokatzea.

Bide beretik, Oriok adierazi du «polita» izango dela, lau taldeetan «legendak» izan diren jokalariak daudelako: Añorgako Ainhoa Bakero, Athleticeko Eli Ibarra, Realeko Marina [Agoues]..., «vieja gloria asko dago».

Eli Ibarra Athleticeko jokalari ohia, 2012 urteko ligako partida batean. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Gaurko neurketan, Tximist Cupen parte hartu duten neska guztien begiradak izango dituzte. «Txikientzako izango da niretzako Reala Astin jokatzen ikustea bezala», esan du zarauztarrak, eta nabarmendu «poza» ematen duela lau talde horiek berdegunean elkarrekin ikustea, «umeek jakin dezaten, Oiartzun garai batean lehen mailan egon zela, eta Añorga ere talde mitiko bat dela, eta beti izan dela Gipuzkoako harrobia». Era berean Oriok esan du txikienek ikusiko dutela, «adinarekin ere ondo pasatzen eta futbolean disfrutatzen jarrai» dezaketela.

Erreferenteak dira txikienentzat? Ibarra Athleticeko jokalari ohiarentzat hori «oso hitz handia» da: «Gu agian ez gara izango oso erreferenteak, orain dela urte asko hasi ginelako jokatzen». Bide beretik, Mugarzak adierazi du beraiek «itzaletan» egon direla, telebista sartzen joan zelako haiek jokatzen ari ziren azken urteetan. Hala ere, Oiartzuneko jokalari ohiak nabarmendu du lehen telebistak ez zuela egun duen «oihartzuna».

Agoues: «Umeek jakin dezatela Oiartzun garai batean lehen mailan egon zela, eta Añorga beti izan dela Gipuzkoako harrobia»

«Erreferenteak gara futbol munduan ibili direnentzat edo gu baino pixka bat gazteagoentzat, baina ez erreferente gaur egun ulertzen den bezala. Itzalean egon gara, baina orain erreferenteak izateko beste asko ibili dira borrokan», azaldu du Mugarzak.

Agoües Mugarza eta Ibarra baino hamarkada bat gazteagoa da, eta nabarmendu du berarentzako Mugarza eta Ibarra direla erreferenteak, eta berak ez duela bere burua «erreferentetzat» hartzen. Bai, ordea, adibidez, bere belaunaldikoak: Irene [Paredes], Alexia Putellas, Paños, Mapi Leon... Zarauztarraren ustetan, horiek dira haurren erreferente nagusiak.

Aldaketa nabarmenena, «profesionalizazioa»

Ibarrak, Mugarzak eta Agouesek futbola utzi zutenetik, asko aldatu da futbola. Gehiena zer? Hirurek argi dute esanez «profesionalizazioa» dela. Eta ez bakarrik ekonomikoa, baldintzak ere bai: «Goizean entrenatzea, elkarrekin gosaltzea, bazkaltzea... Aukera izatea futbolaz bizitzeko, kotizatuz eta guzti». Lezotarrak nabarmendu du haien garaian hori «utopia» bat zela: «Nahiz eta batzuk futbolaz bizi izan diren urte askoan, oso onak zirenak, bukatu zutenean, kotizatu gabe, lan munduan zerotik hasi behar izan zuten...».

Realeko, Athleticeko eta Oiartzuneko jokalari ohiek inbidiaz begiratzen diete egungo jokalariei, goizean gosaltzera joan, entrenatu, masajistarengana joan... Zarauztarrak esan du barrez orain ordaindu egingo zuela futbolean jokatzeagatik.

Agouesek nahi baino lehenago utzi zuen futbola, 26 urterekin, belaunak ez ziolako segitzen utzi. Eta oroitzen du justu berak utzi zuenean, orduan, hasi zela gorantz egiten: «2018an hasi zen abiada hartzen, profesionalizatzen, kontratuak beste gauza bat ziren, jendea horretan jarduten zen...». Nahitaez utzi behar izan zuen futbola, eta arantza hori geratzen zaio zarauztarrari, justu emakumezkoen garai onenean futbola utzi egin behar izan zuelako.

Orioren kasua oso bestelakoa da: denboraldi honetan utzi baitu futbola 15 urtez Añorgako lehen taldean aritu ostean. Donostiarrari galdetuta ea hasi zenetik gaurdaino baldintzak asko aldatu diren, nabarmendu du «asko ezetz», eta nahiko berdin jarraitzen dutela. Alegia, bi entrenatzailerekin eta prestatzaile fisiko batekin.

Larraitz Orio Añorgako jokalaria denboraldi honetako etxeko partida batean. (ORIO)

Orain jokalari hobeak ateratzen dira lehen baino? Ibarrak erantzun du «ezetz», lehen ere bazeudela jokalari onak, baina «desberdina» dela: «Orain jokalariak atletak dira fisikoki, eta gorputz finagoak ikusten dira. Hori da dirua sartu delako». Agoüesek adierazi du hobeak diren ala ez ez dakiela, baina argi du «baliabide hobeak eta erraztasun handiagoak» dituztela. Oriok gaineratu du prestakuntza fisikoari garrantzia handia ematen zaiola, eta futbola «fisikoagoa» dela.

Ibarraren antzera, Mugarzak ere nabarmendu du oraingoak atletak direla, baina, horrez gain, uste du teknikoki «sekulako saltoa» egon dela. «Txikitatik formakuntza ona jasotzen dute, dena hobeagoa da. Orain ez da jartzen entrenatzaile auzoko bihotz oneko pertsona bat, orain jada formakuntza duen jendea dago eta horrek ere oso eragin positiboa du jokalariengan».

Mugarza: «Oiartzunentzako ezinezkoa zen lehen mailan mantentzea: diru faltagatik, eta beste talde batzuk bilakatzen direlako erreferente»

Jokalariez gain, jokatzeko modua ere aldatu dela dio Athleticeko jokalari ohiak: «Guk joko zuzenagoa egiten genuen, atzetik atera eta erdira joaten zen baloia, erdiko jokalariak grinatsuak ziren. Gero baloia hegaletara zabaltzen genuen eta hortik erdiraketak egiten genituen. Orain gehiago mugitzen da baloia. Tendentzia kontua da». Realeko jokalari ohiak zelaien alderaketa ere egin du, eta nabarmendu lehen Oiartzuneko zelaian kontrol on bat egitea «meritu handia zuela», orain dauden «alfonbrekin» alderatuta.

Oiartzun eta Añorga atzera, dirua sartzen hasi zenean

Ibarrak Athleticekin bost Superliga ditu irabazita –oraingo lehen mailako ligaren baliokidea–. Garai haietan, Bizkaiko multzoa talde txapelduna zen. Orain, ordea, geroztik, gauzak asko aldatu dira. «Egun jokalarientzako kanpora irtetea irtenbide bat da. Lehen agian diru aldetik ez zegoen diferentzia handirik, eta nahiago zenuen etxean geratu, familiarekin eta zure klubean».

Talde zuri-gorriak duen filosofiarekin azkoitiarrak aitortu duen arren «gero eta zailagoa» izango dela jokalari onak taldean mantentzea, nabarmendu du «Athletic apustu handia egiten ari dela eta pauso bat eman duela aurrera»: «Ez gara ailegatzen Bartzelona, Atletico Madrilek ematen dituzten diruetara, baina hor gaude». Horrez gain, esan du harrobia «zaindu» behar dela.

Realak iaz denboraldi paregabea egin zuen Txapeldunen Ligara sailkatuta. Agoüesen hitzetan, «historia» egin zuten: «Reala gauzak oso ondo ari da egiten, eta espero dut martxa horretan jarraitzea».

Oiartzunek eta Añorgak, Realak eta Athleticek duten errealitatearekin alderatuta, oso egoera desberdina bizitu dute. Dirua sartzen joan den heinean, baliabide ekonomikorik ez zuten klubak beheraka egin dute.

Anne Mugarza Oiartzunekin 2016 urtean lehen mailan jokatu zuen partida batean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

«Iritsi zen momentu bat Oiartzunentzako ezinezkoa zela maila horretan lehiatzea. Batetik, baliabide faltagatik, diru faltagatik, eta bestetik, beste talde batzuk bilakatzen direlako erreferente. Gure garaian Oiartzun eta Añorga ziren eredu. Denborarekin, baina, Reala, Athletic eta Eibar agertzen joan dira, eta jokalari onenak talde horietara joaten dira», azaldu du argiki Mugarzak.

Oiartzunen antzera, Añorga beste horrenbeste. Orio egon den 15 urteetan bigarren mailan egotetik, laugarren maila batera pasatu dira. Beheranzko joera garbia izan dute. Bi igoera fase jokatu dituzte, eta azkenerako igotzea lortu ez bazuten ere, Donostiarrak nabarmendu du maila horietan egoteko «diru asko» behar zela, eta Añorgak ez zuela dirurik.

Orio: «Guretzako harrotasun handia da infantiletan entrenatu dugun ume bat lehen mailan jokatzen ikustea»

Orain, harrobi lana egiten dute, «harrotasun handiz», gainera. «Guretzako harrotasun handia da infantiletan entrenatu dugun ume bat lehen mailan jokatzen ikustea. Amaiur, Nora Sarriegi, Ceci [Cecilia Marcos], Iraia, Nere [Nerea Eizagirre], Ainhoa Vicente horiekin jokatu dut. Añorga kategoria bat gorago ikustea gustatuko litzaidake baina dirua dirua da, eta beste gauza bat da jokalariek hori nahi duten edo ez», esan du Oriok.

Emakumezkoak aginte postuetan

Etorkizunari begira, Ibarraren iritziz, «bide onetik» doa emakumezkoen futbola, «oso poliki, baina badoa». Bereziki, nabarmendu du telebista sartzeak ekarri duela zelaien baldintzak hobetzea: «Telebistak ez du ematen gizonezkoetan ematen duen bezainbeste diru, baina horrek egiten du zelai onenetan jokatzea. Orain hamar pertsona daude jarraipen bat egiteko; komunikabideak eta argazkilariak zelaian kokatzeko, instalazioak ondo daudela bermatzeko, argiak ondo enfokatzen duten ikusteko... Jarraipen hori egiteak egingo du klub guztiek dena behar bezala izatea».

Beste arlo batetik heldu dio Mugarzak etorkizunari, eta adierazi «beldurra» ematen diola emakumezkoen futbola gizonezkoena bezalakoa izateak. «Uste dut badagoela beste begirada bat, baina beharrezkoa da begirada horretan jarraitzea ez bihurtzeko mutilena bihurtu dena; negozioa, ikuskizuna, arrazakeria eta matxismoa erakusten dituena... Emakumezkoen futbola izan behar dugu beste zerbait; irekia, feminista... Ikusten dut zer motatako eredu bilakatzen diren futbolariak umeentzako eta ez zait gustatzen. Adi egon behar gara», hausnartu du Oiartzuneko jokalari ohiak.

Agouesek nabarmendu du azkeneko bizpahiru urteak onak izan direla, baina jarraitu egin behar dela. «Orain onenean gaude, baina ez gara geratu behar, lan asko baitago oraindik egiteko. Geroz eta jende gehiago ikusten dut inguruan nesken futbola jarraitzen duela. Nik hitz egiten dut futbolariak direnekin, eta ligetan zer apustu egiten ari diren. Apustua badago. Espainiako ligari geratzen zaio, baina bide onean doa».

Mugarza: «Emakumezkoen futbola izan behar dugu beste zerbait; irekia, feminista... »

Oriok dio Bartzelona dela eredu. «Beraiek hobekuntzak eskatu zituzten eta begira zer lortu duten: bi Txapeldunen Liga lortu dituzte, eta profesionalak dira. Kontua da ea ekonomikoki lehen mailako talde guztiek egin dezaketen hori. Gutxika apustu egiten ari dira eta bagoaz aurrera».

Aurrera joate horretan, ezinbestekoa da emakumezkoak aginte postuetan egotea. Horren harira, Mugarzak adierazi du, Iraia Iturregiren, Natalia Arroyoren eta Mai Garderen kasuetan «ondo formatuta» dauden pertsonak direla, «ibilbide handia egin dutenak emakumezkoen futbolean, eta badakitenak zer dagoen».

Horrez gain, nabarmendu hori ere badela «eredu matxista bat», «ematen duelako emakumeen taldeetan dakienak gizonezkoak» direla. «Orain emakumezkoak demostratzen ari dira egin dezaketela hori eta egin dezaketela ondo. Irudi horiek aldatzea ezinbestekoa da».

Zarauztarrak gogora ekarri du Vero Boquete futbolari ohiak esandakoa: «Lehen mutiletan ondo egiten ez zuena neskak entrenatzera bidaltzen zuten, sobrak guretzako zirelako. Eta orain, zorionez, hori aldatzen ari da. Oxala liga bat dena entrenatzaile neskak eta futbolean jokatu dutenak izatea. Iritsiko da, eta ikusiko dugu», esan du barrez Agouesek. Amaitzeko, mezua bidali dio Realari: «Espero dut biharko egunean Realak etxeko norbait hartzea».