Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Hondarribiko trainerua Donostiko estropadan lehiatzen.
Hondarribiko trainerua Donostiko estropadan lehiatzen.
Gorka RUBIO (FOKU)

Hutsune handi baten sakoneko afera: andreen ezaugarrietara egokitutako ontzi baten beharra

Emakumezkoek sorbaldetan espero baino lesio gehiago dituzte. Patxi Leon Deustuko irakasleak lesioen ikerketa batetik ateratako emaitza bat da. Zergatik izan daiteke? Trainerua andreen ezaugarrietara egokituta ez dagoelako. Gai horren gogoeta egin du NAIZek zenbait arraunlariren iritziak bilduta.

Arrauna kirol tradizionala da Euskal Herrian, eta urte asko dira kirol horretan jarduten. Pentsa, lehen Kontxako bandera 1879. urtean jokatu zela. Askotan, baina, urteek ez dute bermerik ematen, kirolaren inguruko ikerketei dagokionez. Izan ere, arraunak zulo handi bat du: ez dela egin kirolaren inguruko ikerketa askorik.

Zulo hori estaltzeko asmoz Patxi Leon (1979, Pasai Donibane) Deustuko Unibertsitateko irakasleak ikerketa bat abiatu zuen, aulki finkoan ohikoak ziren lesioen inguruan. Hari horri tiraka beste emaitza hau atera zuen: emakumezkoek sorbaldetan espero baino lesio gehiago dituzte, gizonezkoek eta aulki mugikorrean dabiltzatenak baino.

Eta hori zergatik izan daiteke? Hipotesi hau atera zuen: trainerua ez dagoelako egokituta emakumezkoen ezaugarrietara. Leon arraunketako irakaslea da Deustuko Unibertsitatean. Doktoretza tesia arraunaren inguruan egin zuen, eta kirol errendimenduko Masterra ere egin zuen, arraunean ardaztuta. San Juaneko arraunlaria izandakoa da.

Pandemia aurretik datu bilketa potoloa egin zuten: 81 traineruena, neska zein mutilena: «Hasierako helburua ez zen neskena bakarrik egitea, baizik eta lesioena orokorrean. Baina gero datu hori atera zen».

Ikusita emaitzetan, «esanguratsuki», emakumezkoen sorbaldetan espero baino lesio gehiago zeudela, eta analisi biomekaniko bat egin zuten San Juaneko arraunlariekin. «Aulki mugikorretik egindako ikerketetatik abiatuta, arraunlariei goniometro digital bat jarri genien bizkarrean, angeluazioak eta abar ikusteko. Alboko grabazioak ere egin genizkien postu ezberdinetan. Eta oraindik aztertzeko dugu zer angeluaziotan sartzen duten arrauna uretan, kontuan hartuta sekulako altxagarriak dituztela ipurdiko tostetan eta hankakoan».

Azterketa horretatik hipotesi desberdinak atera zituzten: postura aldetik trainerua zenbat hondoratzen zen arabera, eta alturaren arabera, lesioak egon zitezkeela sorbaldetan.

«Hortik abiatuta, pentsatu genuen hemen pauso bat gehiago eman zitekeela. Eta horrekin proiektu bat prestatzen ari gara egokitutako ontzi bat proposatzeko. Pentsatu nahi dugu Eusko Jaurlaritzak interesa izan dezakeela horrelako zerbait garatzen, baina ez dago deialdirik. Orduan, mugitu beharreko zerbait da», aldarrikatu du Leonek.

Patxi Leon Deustuko Unibertsitateko irakaslea azalpenak ematen bere bulegoan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Aurretik susmo hori ba ote zuen galdetuta, arraunketako irakasleak adierazi du «jakina» dela arraunean ibili direnentzat nesken traineru bateko arraunketako posturetan «zerbait diferentea» antzematen dela. «Hori egokituta dute ahal den neurrian. Kontua da aulki mugikorrean alturak egokitu daitezkeela gora eta behera, baina traineruan karela dago eta gora egin daiteke, baina behera ez», azaldu du Leonek.

Trainerua «ez da aproposa»

Ertz asko dituen gai bat da, eta horren inguruan hausnartzeko zenbait arraunlariren iritziak bildu dira. NAIZek hitz egin duen arraunlarietatik, inork ez du sufritu lesiorik sorbaldan. Hori horrela izanagatik ere, haiek traineru barruan nola sentitzen diren, zer postura duten, egin behar duten ahalegina pala uretan tapatzeko... Horretaz guztiaz hitz egin dute.

«Guk daukagun gorpuzkerarako eta fisikorako trainerua ez da aproposa», esaten hasi da Uxue Zuriarrain (Amezketa, 2001) Tolosaldeako arraunlaria, eta ez da harritzekoa. Leonek aurreratu duenez, aski jakina da gizonezkoen arraunketa eta emakumezkoeena ez dela berdina; batik bat, alturagatik eta pisuagatik.

Alturaren harira, Maider Perez (Hernani, 1997) Hondarribiko arraunlariak eta Ohiane Iraola (Tolosa, 1992) Oriokoak adierazi dute, alturaz txikiak izanagatik, asko kostatzen zaiela pala uretan guztiz tapatzea. «Ahalegin handia egin behar dut besoak altxatzeko. Batzuetan desagertu egiten naiz eta besoak bakarrik ikusten zaizkit», barrez esan du Perezek.

Bide beretik, Iraolak azaldu du, pala uretara sartzeko egiten duten keinuan, sorbalda goraka tiratzen dutela: «Ipurdiko tostan altura pixka bat emateko altxagarri batzuk eramaten ditugu. Baina ipurdi azpian bakarrik, hankako tostetan hori ez dugu. Orduan, keinua oso desberdina da hankak eta ipurdia altura berean egonda edo ipurdia hanka baino gorago egonda».

Patxi Leon: «Klubek ekonomikoki ez dute mundu erraza, eta horrelako prototipo bat aterako balitz, laguntza ezinbestekoa dute»

Posturen inguruan ere mintzatu da Perez, eta azpimarratu mutilek haien mugimendu «naturalago batekin» mugitzen dutena eta, neskek keinu «artifizialago batekin» mugitu behar dutena, «askoz ere gehiago» dela.

Iraolak zehatzago azaldu du arraunarekin egin behar duten mugimendua, eta esan du arrauna sartzeko garaian, mutilek gorputza aurrealdera eramaten dutela, eta nahiko eroso ikusten zaiela aurrera iristen. Nesken kasuan, aldiz, Orioko arraunlariak esan du askok belaunarekin saihetsak jotzen dituztela ahalik aurreen iristeko. Azken finean, tolosarraren hitzetan, beraiek saiatzen dira mutilek ematen dioten luzera egiten, kontuan izanik nesken beso zabalera mutilenarekin alderatuta «askoz ere txikiagoa» dela.

Altura, indarra eta pisua

Aldi berean, Zuriarrain Tolosaldeako arraunlariak nabarmendu du emakumezkoen eta gizonezkoen alturak, pisuak eta indarrak markatzen duela aldea. Lehenarekin hasita, amezketarrak azaldu du mutilek duten alturagatik palada gehiago bukatzea ahalbidetzen diela eta beste palanka bat egiten dutela gorputzarekin.

Altura eta pisua, batera doaz, Zuriarrainen ustez. «Ontzia uretatik urrutiago geratzen zaigu gutxiago pisatzen dugulako, eta txikiagoak garelako ere bai. Dobleko altura behar dugu uretara ondo iristeko». Iraolak gaineratu du karelarena beste arazo bat dela eta pisuarekin lotuta dagoela.

Tolosarrak esan du traineruak mutilen taldeentzat prestatuta daudela, eta mutilen taldeen bataz bestekoa pisua, oso gainetik eginda, pertsonako neskena baino hamar-hamabost kilo gehiagokoa dela. Horregatik joaten da mutilen ontzia hondoratuago eta uretatik gertuago. Nesken kasuan, alderantziz: arinagoak direnez, trainerua uretatik urrutiago daramate. Eta, orduan, Iraolaren hitzetan, «berriro ere bueltatzen gara pala tapatzeko esfortzura».

Perez, Hondarribiko arraunlaria: «Mutilek mugimendu naturalago batekin mugitzen dutena, eta neskek keinu artifizialago batekin mugitzen duguna askoz ere gehiago da»

Azken faktorea indarrarena da. Zentzu horretan, Zuriarrainek argi du ez duela «zerikusirik» gizonezkoek eta emakumezkoek duten indarra, eta ergometroko probetako emaitzak ikusi besterik ez dagoela.

Horretaz aparte, Iraolak adierazi du neskak baldintzatuta daudela arraunaren neurriarekin, ez dutelako mutilek «bezainbesteko» indarra: «Arrauna tibortatik heltzen dugu, eta arrauna lotuta egoten da torloju pare batekin, eta hori pixka bat luzatu edo moztu dezakezu. Horren arabera, egin behar den indar kantitatea desberdina da, segun eta arraun luzeagoa edo motzagoa izan. Ezin ditugu arraunaren neurri horiek aprobetxatu, indar aldetik muga batzuk ditugulako».

Ohiane Iraola Orioko arraunlaria, ababorreko seigarrena, Getxoko estropadan, ahalegin betean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Traineruan erosoago sentitzeko, ahal den neurrian, zer egiten dute? Altxagarriak jarri, bakoitzak behar dituen neurrietara egokituta. Hondarribiko eta Tolosaldeako arraunlariek azpimarratu dute entrenatzaileek «esfortzu handia» egiten dutela horretan. Zuriarrainek esan du haien kasuan, Ramon Erostarbe entrenatzailea arduratzen dela horretaz, eta Perez Hondarribikoak adierazi du entrenatzaileak «kontziente» direla, ez alturan, ez pisuan, ontzia ez dagoela haientzat egina, eta «denbora asko inbertitzen» dutela kontu horretan.

Miren Garmendia (Hernani, 1999) Hondarribiko patroiari galdetu diogu haren postuan berezitasunik badagoen, eta adierazi du «antzekoa» dela: «Txikia izanik, olatuak handiak direnean batzuetan pala asko igo behar dut uretan tapatzeko, baina jada ohituta nago. Gainera, lemazainak orokorrean denetan txikienak gara».

Hori guztia kontuan izanik, eroso sentitzen al dira arraunlariak traineruan? Iraolak aipatu du harentzat ez dela «deserosoa» berak beti horrela arraun egin duelako, orduan hori dela harentzat «normala». Perezek, berriz, aitortu du «batzuetan deseroso» dagoela, baina ez daki den altuago dagoelako, baxuago, edo urrunegi edo gertuegi dagoelako.

Neskentzat, mutilen traineruak

Emakumezkoen ezaugarrietara egokitutako traineru baten beharra hor dago, baina aldaketa horrek kostu ekonomiko bat du. «Klubek ekonomikoki ez dute mundu erraza, eta horrelako prototipo bat aterako balitz, laguntza ezinbestekoa dute, denek aukera berdinak izan ditzaten materiala erosteko», adierazi du Leon Deustuko irakasleak.

Horrez gain, Leonek arraunean orain arteko joera zein izan den azaldu du: «Klubak ekonomikoki mugatuta daude, eta historikoki emakumezkoei eman zaien trainerua gizonezkoena izan da. Klubek zer ontzi dute? Mutilentzat egindakoa, horrek ematen dizkielako dirulaguntzak eta babesleak. Beraz, horri eman behar lehentasuna. Eta neskentzat geratzen da beste hau, eta egokitu egiten dute. Neurri batean soberakinak izan dira; naturala da, baliabide gehiago ez daudelako. Baina, ikusita zer igoera eta zer eboluzio dagoen, uste dut pauso batzuk eman behar direla».

Alde horretatik, Leonek nabarmendu du Euskal Arraun Federazioko, Galiziako, Kantabriako eta Asturiaseko fitxak eskatu zituela 2009tik 2020ra arte. Eta hor ikusi zuela emakumezkoen arraunlari kopurua hirukoiztu egin dela. 300 izatetik 1.000 izatera. «Fitxen kopuruen eboluzioa ez bazen horrelakoa izan, akaso planteatzen denak ez luke hainbesteko zentzua izango. Zentzua beti edukiko luke, baina ez ekonomikoa, ez litzatekeelako errentagarria izango. Kopuru horietan progresioa handia da».

Iraola, Orioko arraunlaria: «Ontzi berri bat erosten bazen lehen talderentzat, gorengo taldeak erabiltzen zuena bigarren taldearentzat; eta gu ibili gara pixka bat malabarak egiten»

Iraolak eta Zuriarrainek beren klubetan gertatzen dena azaldu dute. «Orion orain arte egon diren traineruetan beti izan da: ontzi berri bat erosten bazen, lehen talderentzat; gorengo taldeak erabiltzen zuen ontzia, bigarren taldearentzat; eta gu ibili gara pixka bat malabarak egiten», adierazi du Iraolak.

Bide beretik, Zuriarrainek esan du Tolosaldeak gorengo mailan gizonezkoen talderik ez duenez, gainerako kluben gizonezkoen traineruekin ibili direla: «Ez genuen dirurik gure trainerua izateko; orduan, lehenengo urteetan Zarautzera entrenatzera joaten ginenean, beraiek mutilen ontzia uzten ziguten, eta gero, Pasaiara etorri ginenean, berdin. Gizonezkoen klub batera eta beraiek utzitako traineru batekin».

Hori horrela izanik, Tolosaldeak iaz dirua aurreztu zuen haientzat traineru bat izateko. «Klubean ez genuen ontzi propio bat eta Ramonek [Erostarbe entrenatzaileak] diseinatu zuen guretzat egindako ontzi bat, guretzat errazagoa izateko eta gure ezaugarrietara moldatuago egoteko», azaldu du amezketarrak.

«Klubak eta klubak» daudela adierazi du Iraia Mendizabal (Hondarribia, 2000) Hondarribiko arraunlariak eta gaineratu du badaudela batzuk diru asko dutenak inbertitzeko eta beste batzuek «apenas» dutela. Zentzu horretan, Garmendia taldeko patroiak gehitu du haiek «zortea» dutela, eta ezin direla «kexatu»: «Oso ondo zaintzen gaituzte eta itsasoan dugun guztia ekartzen digute».

Trainerua, inbertsio handia al da?

Kluben inbertsioari dagokionez, Iraolak adierazi du ideia ona dela instituzio publikoetatik dirulaguntzak jasotzea nesken arrauna bideratzeko. Izan ere, klubetan, jada, berez dituzten gastuak asko dira: bidaiak, trainerua eraman eta ekarri, asteburu batzuetako egonaldiak... Eta horri gehitu behar zaio traineru berri bat ekartzeak dakarren kostua –gutxi gorabehera 50.000 euro inguru–.

Horren inguruan, Orioko arraunlariak hausnarketa hau egin du: «Inbertsio handi horretarako talde baten jarraipena ziurtatuta izan behar duzu. Egia da gaur egun emakumezko talde asko daudela, eta gero eta gehiago direla, baina batzuetan gertatu izan da talde bat desegiten dela eta atzetik jarraipena ez dagoela. Klubei beldurra eman behar die inbertsio hori egitea. Dirutza bat uzten duzu, baina hemendik bi urte barru taldeak jarraipenik izango al du?».

Mutiletan hori ez dela gertatzen azpimarratu du Iraolak, eta adierazi Oriok edo Hondarribiak, urtero ziurtatuta dutela ontzia aterako dela. Emakumezkoen kasuan, Orioko arraunlariari iruditzen zaio hori ez dagoela «ziurtatuta» eta hori izan daitekeela «puntu beltz bat».

Tolosaldeako ontzia Lekeitioko estropadan, ahalegin betean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Alde horretatik, Perez Hondarribiko arraunlariak nabarmendu du harrobia badagoela «soberan», eta aurten Euskotren Ligan egon den aldaketak hori «erakutsi» duela, eta ez bakarrik hor, baita ETEn ere, «sekulako maila» dagoela. «Azkenean klub batek traineru berri bat erostea jada erokeria bat da. Eta ontzi bat erostea berria, eta neurri berriekin, komatxoen artean arriskatzea da. Merezi duela? Noski».

Era berean, Tolosaldeako arraunlariak uste du dirulaguntza asko beharko lituzketela traineru berria erosteko: «Ikusita orain arte lehen trainerua lortzeko nola ibili garen...».

Zuriarrain, Tolosaldeako arraunlaria: «Ikusten badugu gero eta emaitza hobeagoak lortzen dituztela trainerua aldatu dutelako [...] bultzatuta gaude traineru hori lortzera»

Hala ere, Zuriarrainek adierazi du beste talde batzuk traineru hori erosiko balute, haiek ere borrokatu beharko luketela diru hori lortzeko, eta trainerua erosteko: «Ikusten badugu gero eta emaitza hobeagoak lortzen dituztela trainerua aldatu dutelako, haien mailara iristeko, bultzatuta gaude ontzi hori lortzera. Uste dut klub batzuk hastea litzatekeela kontua».

Lau luze?

Traineruen afera ez da hausnartu beharreko gai bakarra. Lau luze egitearen kontua ere hor dago. Leon Deustuko unibertsitateko irakasleak nabarmendu du ez dagoela «arrazoi fisiologikorik emakumezkoen distantzia laburrago bat egiteko».

Are gehiago, Leonek adierazi du zientziak esaten duela «erresistentzia luzeko kiroletan diferentziak gutxitu egiten direla gizon eta emakumezkoen artean». Kontuan hartuta, arrauna indarra eta erresistentzia batzen dituen kirola dela.

Zer diote honen inguruan arraunlariek? Iraolak irmoki adierazi du ez zutela «arazorik» izango lau luze egiteko, eta prestakuntza izango zela aldatu beharrekoa.

Horrez gain, Orioko arraunlariak nabarmendu du egungo materialarekin denborak hobetzen ari badira, haien neurrietara egokitutako materialarekin «soberan» egingo zutela distantzia hori.

Kontua da nork agintzen duen bi luze egiteko: «Gu lanera joaten garen pertsonak gara. Nagusiak esaten dizu hau egin behar duzu eta guk hori betetzen dugu. Arraunlari bezala molestia puntu bat sortzen dit jendeari entzutea: 'Zuek erdia egiten duzue', gure erabakia izango balitz bezala», adierazi du Iraolak. Bide beretik, Zuriarrainek adierazi du telebistak «agintzen» duela afera horretan.

Horrez gain, Tolosaldeako arraunlariak esan du taldean asko hitz egin dutela gaiaren inguruan, eta nabarmendu du Tolosaldea ez dela indar gehiena duen talde bat, baina erresistentzia aldetik ondo ikusten direla: «Askotan esaten dena da: gizonak gure doblea irabazten dutela arraunean, eta aitzakia jartzen da dobleko distantzia egiten dutela. Eta guk esaten dugu, guk zergatik ez? Uste dut hori egiteko inongo arazorik ez dugula. Galiziarrek orain arte lau luze egiten dituzte. Ez dut uste gaitasun kontua denik».

Hondarribiko arraunlariek, Garmendiak eta Perezek, iritzi dute bi luzeko distantzia «ikusgarriagoa» dela. «Hurrengo pausoa litzateke gurera egokitutako materiala edukita lau luzeetako estropadak egitea. Hala ere, ez dut uste orian nesken arraunean luzeen kontuan lehentasuna denik. Pixkanaka-pixkanaka aurrera goaz, eta materiala berdintzea garrantzitsuagoa da, lau luze egitea baino», adierazi du Perezek.