Maitane Aldanondo Gabilondo
Elkarrizketa
Idurre Eskisabel Larrañaga
Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia
Idurre Eskisabel, Kontseiluko egoitzan.
Idurre Eskisabel, Kontseiluko egoitzan.
Jon URBE (FOKU)

«Kopuruaz gain, epaien tankeran eta heinean ere badago bilakaera kualitatibo bat»

Idurre Eskisabel Larragañak (Beasain, 1970) orain dela urtebete ordeztu zuen Paul Bilbao Kontseiluko ardura nagusienean. Urte honetan heldu diren eta etor daitezkeen kontrako epaien aurrean, euskararen normalizazioaren gaineko adostasuna lortu eta eremu politikora eramateko erronka nabarmendu du.

Kazetaritzan eta Antropologian lizentziaduna, lanbidez, EHUko Kazetaritza Saileko irakaslea da Idurre Eskisabel. Ibilbide luzea du: “Euskaldunon Egunkaria”ko eta “Berria”ko langile, hainbat hedabiderekin kolaboratu du, eta besteak beste, “Jakin” aldizkariko kontseilu editoreko parte da. Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku batzordeko kide ere bada, eta 2022ko abenduaz geroztik, Kontseiluko idazkari nagusia. Ordutik lantoki duen Martin Ugalde Kultur Parkeko bulegoan hartu ditu kazetaria eta argazkilaria. Goiza mugitua du, ia urratzear duen lehen urtebetea bezala, baina positibotzat jo du galderak erantzuteko esertzea izan duenean.

Ia urtebete daramazu Kontseiluko idazkari nagusi. Esperotakoa izan al da?
Ez zehazki, baina espero nuenetik gauza asko izan ditu.  Egia da espero nuela trantsizio lasaiago bat, neuk ere neurria hartzeko eta prozesu batzuk martxan jartzeko, pentsatzeko eta gogoetarako patxada gehiago izatea; baina tokatu den testuingurua tokatu da. Intentsua izan da, baina interesgarria eta ederra ere bai.

Aurten euskararen ofizialtasunaren aurkako epaiak ugaritu egin dira. Kopuruaz aparte, larritasuna ere areagotu al da?
Administrazioa euskalduntzeko eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko hainbat neurriren kontrako epaiak aspaldikoak dira Nafarroan; baina Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak badute trakzio indar bat, eta hor gauza batzuk gertatzen diren arte aktibazioa txikiagoa izaten da. Azken bi urteetan asko hazi den joera da. Batetik, kopurua hazi da, helegiteak ugaritu egin direlako; eta bestetik, epaien tankeran eta heinean ere badago bilakaera kualitatibo bat. Horretan goia jotzen du, EAEri dagokionean, uztailean Auzitegi Konstituzionalak Udal Legaren 6.2 artikuluaren parte bat baliogabetu izanak eta horren ondorio den dekretuan EAEko Auzitegi Nagusiak egin duen esku hartzeak. Horretan oso-oso auzitan jartzen dira euskararen aldeko hizkuntza politikak egiteko oinarrizko tresnak.

«Askotan gertatzen dena da berez eztabaida sozial eta politiko hori galdua dutenek edo hortik eragin ezin dutenek erabiltzen dutela judizializazioa»

Botere judiziala da epaien erantzule, baina batzuen iturburua langileek edota sindikatuek lan-deialdi publikoen aurka jarritako helegiteak dira.
Oldarraldi judizial bat da azken neurria botere judizialaren esku hartzetik datorrelako. Ez da bakarrik baliogabetu dituen lehiaketa publikoak edo lege eta dekretu zehatza, baizik eta horretarako guztirako erabiltzen duen argumentazioa. Hori da hizkuntz politikari eta euskararen normalizazioari jartzen dion zorua,  obligazioz jakin beharreko hizkuntza bakarra gaztelera dela. Dudarik gabe, honetan guztian botere judizialak dauka ardura handiena eta esku hartze potoloena hori da. Egia da, sektore batzuetatik judizializatzeko inpultsoa dagoela, eta, gainera, handitzen ari dela. Gure ustez, kezkagarria da soziala eta politikoa beharko lukeen eztabaida bat judizializatu egiten duelako, eta, erakutsi duenagatik behintzat, sentsibilitate handirik ez daukan botere judizial baten esku uzten duelako. Askotan gertatzen dena da berez eztabaida sozial eta politiko hori galdua dutenek edo hortik eragin ezin dutenek erabiltzen dutela judizializazioa. Adibidez, Udal Legearen kasuan nabarmena da. Vox izan da horren eragile nagusia, hau da, gizartean oso ordezkaritza txikia daukan indar bat.

Halakoetan lan eskubideen eta hizkuntza eskubideen kontrajartze faltsua egiten dela esan izan duzu.
Guk diogu oldarraldi judiziala dela, baina oldarraldi hori ez dela posible oldarraldi politiko eta oldarraldi mediatiko bat gabe. Epaileak hartzen ari diren erabaki horiek argudiatzeko diskurtso bat sortzen ari dira, eta horren parte da hizkuntza eskubideak eta lan eskubideak talkan jartzea. Baina ez dira epaileak bakarrik lan hori egiten ari direnak, beste esparru batzuetatik ere ari dira diskurtsiboki esaten.

Gure ustez, oso premisa faltsua da, lan eskubidea hori baino askoz zabalagoa da. Zerbitzu publikoaren ezaugarria da ahalik eta zerbitzu onena ematea, beraz, lehiaketa publikoan hautatzen da gaitasun handiena duena. Lehiaketa bat da, ez dezagun ahaztu. Beti. Administrazio publikoko lanpostu guztietan. Eta beti iristen dira batzuk eta erortzen dira beste asko. Hizkuntz eskakizunekin badago beste arlo eta baldintza guztiekin gertatzen ez den diskurtso bat, norbanakoen lan eskubideen kontrako neurri moduan aurkezten da; baina eskatzen dena hizkuntza aldetik ere herritar guztiei zerbitzua behar bezala emateko gaitasuna da, ez dago besterik.

Gainera, badago beste aldagai bat: norberaren hizkuntzan, kasu honetan euskaraz, lan egiteko eskubidearena. Hor sartzen gara beste auzi batean. Ikusten denez, batzuentzat hizkuntz eskubideak mugatzen dira norbera, herritar moduan, zerbitzuak jasotzera doanean euskaraz artatua izatera; askotan, gainera, prozedura luze eta nekezia askoren ondoren euskaraz artatua izatearekin. Batzuen buruan hizkuntz eskubideak eta euskararen normalizazioa hori da.

«Hizkuntz eskakizunekin badago beste arlo eta baldintza guztiekin gertatzen ez den diskurtso bat, norbanakoen lan eskubideen kontrako neurri moduan aurkezten da; baina eskatzen dena hizkuntza aldetik ere herritar guztiei zerbitzua behar bezala emateko gaitasuna da, ez dago besterik»

Euskararen normalizazioaren esanahi bateratua falta da?
Uste dut gertakariak erakusten ari zaizkigula gutxienez zalantzagarria dela. Badakigu gai korapilatsua dela, euskara eta euskararen normalizazioa eztabaidan kokatzea asko kostatzen zaigula, zaurgarritasunak eragindako beldurra eragiten digula askotan; baina argitzea zertaz ari garen, bakoitzaren jarrerak zeintzuk diren eta desadostasunak esplizitatzea inportantea da adostasun berriak sortzeko. Ari bagara hitz berekin eta gauza berdintsuak esaten, baina esanahi desberdinak ematen, nekez iritsiko gara benetako adostasunetara. Desadostasunak detektatzea, definitzea eta kontrastean jartzea ez da txarra, baizik eta ezinbestekoa benetan adostasunetan aurrera egingo badugu.  

Azaroaren 4ko manifestazio jendetsuaren ondoren «adostasun sozialak eremu politikora» eramatea ezinbestekoa dela adierazi zenuen. Eremu politiko horretatik eremu judizialari aurre egiteko aukerarik ikusten al duzu?
Hori da guretzako eragiteko eremu zailenetako bat, botere judizialak badaukalako bere egitura, bere dinamika... Nahiko urrun geratzen zaigu. Azaroaren 4ko biharamunean, balorazioarekin batera, aurkeztu genuen protokolo bat herritarren esku uzteko, oldarraldi honen beste agerpenak gertatzen direnean erreakzionatu ahal izateko. Eskaera batzuk ere egin genituen, eta botere judizialari eskatu genion sentsibilitatea hizkuntza auziaren eta euskararen normalizazioaren inguruan. Formazioa aipatu genuen eta kontrastea arlo horretan, ez euskalgintzako eragileekin bakarrik, baizik eta gizartearekin.

Uztailean euskalgintzako eragileek alkate eta udal ordezkariekin bat egin zenuten. Eremu politikoa aktibatzeko lehenbiziko urrats bat izan daiteke?
Guretzako bada momentu klabe bat, gerora egin den bide horretara begira. Epai asko txarrak izan dira  tresneria suntsitzen duten heinean, baina Udal Legearena Eusko Legebiltzarrean babes handiz onartutako lege baten kontrakoa da, Konstituzionaletik zetorren eta erdiz erdi jotzen zituen euskararen normalizazioan trakzio indarra diren udalak, UEMAren esparrukoak, oso garrantzitsuak direnak besteak baino urrats bat aurrerago joateko aukera daukatelako. Uste dut sortu zuen kezka edo larritasuna handia izan zela eta bi alderdi garrantzitsuk egin zuten bat Kontseiluaren oldarraldiaren kontzeptuarekin, kezkarekin eta larritasunarekin. EAJko eta EH Bilduko alkate eta hautetsiak egon ziren, independente batzuk ere bai. Uste dut lege bat izateak, Konstituzionaletik etortzeak, eragin eremua zenbatekoa zen... horrek markatu zuela, nahiz eta aurreko epai batzuek ‘de facto’ daukaten eragina antzekoa izan; baina batzuetan indar sinbolikoak ere garrantzia dauka.

«Minorizatua den hizkuntzak izan behar du ardaztasun bat, baldin eta legeak berak ezarritako helburua lortuko bada»

 

Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Lege berrian euskarazko eredu orokortua eskatzeko 20.348 sinadura aurkeztu dituzue azaroaren 20an Legebiltzarrean. Zein da zehazki Kontseiluak egiten duen proposamena?
Legeak berak ezarritako helburu horiek beteko badira, hau da, Derrigorrezko Hezkuntzaren ibilbide hori bukatzerakoan gazteleraz eta euskaraz B2 maila erdietsiko badute ikasleek, ikasteredua euskara ardatz duen eredu orokortu inklusiboak izan behar duela. Zein da horren ezaugarria? Ikas- eta irakatsi-hizkuntza nagusia euskara izango dela eta ikastetxeko harremanetarako ere hizkuntza normalizatua. Esperientziak hori erakutsi digu. Egia da errealitate soziolinguistikoa konplexua dela eta ikastetxe bakoitzak jokaleku oso diferentea daukala; eta hizkuntza proiektuen bidez horri aurre egitea proposamen bikaina iruditzen zaigu; baina arnasgunerik arnasgunenean ere, gure ume, gaztetxo, gazteek gazteleraren presentzia dute: ikus-entzunezko guztiak, pantailetatik datorrena orokorrean... Gainera, ingelesa. Triglosi bat sortzen ari zaigu. Orduan, minorizatua den horrek izan behar du ardaztasun bat, baldin eta legeak berak ezarritako helburua lortuko bada; bestela, ikusiko dugu zer gertatuko den.

Babes zabala lortu duzue herritarren artean bildutako milaka sinadura horiekin.
Kontseiluak lanketa luzea egin du Hezkuntza Legearekin, ulertzen duelako normalizazioan aurrera egiteko funtsezko eremuetako bat Hezkuntza dela. Hezkuntza Legea jada oso iraungia ikusten genuen hainbat arlotan; ez guk bakarrik, euskalgintzak orokorrean eta batez ere hezkuntza komunitateak. Lanketa handi bat egin dugu Hezkuntza arloko aditu, pedagogo, irakasle... horretan begi zolia eta aurreratua duen jendearekin; eta hezkuntza komunitateko eragileekin. 20.000tik gora sinadurak adostasun baten erakusgarri dira, herritarrei orokorrean proposatu zaie, baina gure bilketa Hezkuntza komunitatean zentratu da. Hor daude EHIGE, Ikastolen Elkartea, HEIZE, Hik Hasi... Gure Hezkuntza komunitatearen ordezkaritza oso zabal bat, eta hizkuntzari dagokionean, baita ere gehiengo sindikala: ELA, LAB eta Steilas.

Hezkuntza Legearen afera ere epaitegietan bukatzeko arriskua ikusten al duzue?
Bai, hori da sortu zaigun beste kezka bat. Zuzenketa hain aipatu horri dagokionez, azalpen eta argudiaketa desberdinak egon dira, eta eremu batzuetatik esan da Hitzaurrean egoteak ez duela hainbeste baldintzatzen gero beste leku batera iristeko bidea. Oxala hala den. Honetan ez asmatzearekin asko poztuko ginateke, bene-benetan diot. Baina, bai, ikusten dugu aukera. Alde batetik, gurasoen erabakitzeko edo aukeratzeko eskubidea jartzen da printzipioetan, eta bestetik, helburuak jartzen dira. Horietara iristeko hizkuntza proiektuak egin beharko dituzte eta askok, espero dezagun, euskara ardatz egingo dituzte. Gauden egoeran egonda, euskararen judizializazioa hain aktibatuta egonik, nahiz eta oso sektore txikietan, gerta liteke guraso batzuek esatea «hizkuntza proiektu honek nire erabakitzeko edo aukeratzeko eskubidea galarazte dit». Oso kezkagarria litzateke horrek nora eraman gaitzakeen.