«Bioi asko gustatzen zaigu irabaztea, azkar sumintzen gara eta horrek hobetzen gaitu egunero»
Unai Laso (Bizkarreta-Gerendiain, 1997) eta Jon Mariezkurrena (Berriozar, 1999) protagonista izan ziren Lau eta Erdiko txapelketan. Aurrelariak irabazi zuen txapela, alboan eduki zuen botileroaren lan itzelari esker. Une hori aitzaki hartuta, biak elkartu ditu NAIZek Aiako K5 Bodegan.
Unai Laso eta Jon Mariezkurrena pilotariekin solasean
Ezagunak, «betidanik» eta lagunak, «aspalditik». Unai Laso eta Jon Mariezkurrena elkarrekin doaz «gorantza». Une txarrak elkarbanatu zituzten eta Lasoren azken txapelean ere elkarrekin egon dira. Hainbeste konfiantzarekin, tentsio uneak ere badaude, erraz kudeatzen dituztenak. Bata gaztetan Irujorena zen, bestea Olaizolarena. Orain ere, Laso eta Altunaren areriotasunak aro bat marka lezake, «horiek hitz handiak direla» dioen arren Bizkarretakoak: «Urtero beti norbait berria ikusten duzu finalean eta hori ere polita da». Zabaletaren elastikoa eramatetik, bere aurka jokatu eta irabaztera pasa da, bestalde, Mariezkurrena. Lehen lerroan daude, 2024an protagonista izan dira eta oraindik asko daukate esateko kantxan.
«Txikitatik jokatu dugu pilotan, gure pasioa izan da. Oso harro egongo dira Laso eta Mariezkurrena txiki horiek, gauza on asko egin ditugu eta oraindik ere gehiago etorriko direla uste dut», dio tinko aurrelariak. Urte gozoa izan da berarentzat, bi final eta txapel bat erdietsita. Udarako «gorabeherak gaindituta», Binakakoan indartsu dabil atzelaria.
Unai, aipatu zenuen finalean zehar pentsamendu txarrak etorri zitzaizkizula, mamuak. Pentsamendu txar horiek nolakoak ziren eta nola irauli zenituen?
Lan asko dago atzetik. Astero psikologoarekin egiten dut saio bat edo bi. Partida bat baino lehen beti egiten dugu sesio txiki bat, horrek lasaitzen nau. Erraminta batzuk ematen dizkizu partidan zehar etorri ahal zaizkizun pentsamendu txar horiek kudeatzeko, partidan zentratzeko. Lan zaila da. Partidan lan oso ona egin zuen Jonek. 6-0 hasi nintzen, Peio [Etxeberria] oso ongi hasi zen eta ni, ezinean. Jonek geldialdi batzuk egin zituen, berak nik baino gehiago sinesten zuen garaipenean eta asko lagundu zidan. Konfiantzazko pertsona bat izatea aulkian asko da eta Jon onena da horretan.
Jon, zuk ere pentsamendu txar horiek izan zenituen?
Ez, nik finala ez dut hala gogoratzen. Beste askotan agian bai etorri izan zaizkit pentsamendu txar batzuk burura baina final hori ezberdin gogoratzen dut. Uste dut Unairen keinuetan gehiago fijatu nintzela beste batzuetan baino. Saiatzen nintzen behintzat Unaik nigan zeukan feedback hori positiboa izatea. Saiatzen nintzen nire hitzekin bera motibatzen. Bukaeran lortu nuen, Unaik buelta eman zion partidari, berak zituen aukera horietan sinetsarazi nuen.
Jon Mariezkurrena: «Une horretan baikorra izan behar nintzen, bere gauza negatibo horiek ea burutik kentzen zituen»
Kosta zitzaizun Unai konbentzitzea irabazi zezakeela?
Tentsio asko egon zen. Unairekin konfiantza handia daukagu eta askotan ere bere erantzun txarrak kudeatu behar dira (barrezka). Aste osoan zehar egunero egoten gara batera, horiek kudeatzen hasten gara aurretik. Egun hartan keinu txar batzuk izan zituen baina tentsio momentuak dira, normala da; une horretan baikorra izan behar nintzen, bere gauza negatibo horiek ea burutik kentzen zituen. Uste dut nire lana ongi egin nuela eta gero, noski, berak egin zuen egin beharreko lana irabazteko.
Unai, zuk nola ikusi zenuen partida irauli zenezakeela?
6-0 hasi nintzen eta oraindik ez nuen nire jokoa erakutsi. Jonek esaten zidan oraindik ez nuela atera nire jokoa eta oraindik partidan sartuta nengoela, beti bizpahiru tantora. Horrek konfiantza eman zidan. Botileroa ez da izan behar pilotan dakien gehiena, zure laguna izan behar da. Nik Jonengan konfiantza asko izan dut, oso ongi eramaten gara. Badaki nolakoa naizen, hori da garrantzitsuena. Une kritiko horietan kudeatzen badaki. Bera nola dagoen ikuste hutsarekin, konfiantza ematen dit.
Unai Laso: «Konfiantzazko pertsona bat izatea aulkian asko da eta Jon onena da horretan»
Unai, zuretzat urtea borobiltzeko modua izan zen. Urtea gorabeheratsu hasi, Buruz Burukoan finalera iritsi baina galdu eta azkenean, kaiolan txapela.
Lasaitasuna sentitu nuen gehienbat, batez ere nire gertuko jendearengatik. Sei final daramatzat bi urtetan, asko kostatzen da beste final batera joan Bilbora, gertukoek gastu handia daukate baita ere –kasik ezkontza baino garestiago–. Deskonektatzea lortu nuen eta eskerrak. Gehienbat beraientzako ere berezia izan zen baina baita niretzako ere. Urte oso ona egin dut eta hor dago txapela.
Laguntzen du zuen garapen profesionalean alboan horrelako pertsona bat alboan edukitzeak?
Jon Mariezkurrena (J.M.): Kirolean nahiko berdintsuak gara, asko gustatzen zaigu irabaztea, azkar sumintzen gara eta horrek elkar hobetzen gaitu egunero. Irabazi nahi horrek asko hobetzen du gure jokoa eta gure lan egiteko gogo horiek. Une honetan behintzat esango nuke Unairekin daukadan harreman hau onuragarria izan dela.
Unai Laso (U.L.): Bakoitzaren esperientziak elkarbanatzen ditugu eta horrek laguntzen du.
2020an une txar batzuk bizi izan zenituzten. Horri ere eman diozue buelta. Nola bizi izan duzue bilakaera hau? Kasik pilota profesionaletik at egotetik, Unai zuk sei final jokatzera, bi txapel irabaztera; Jon, atzeko kuadroetan erreferente izatera...
U.L.: Agian esperientzia horrek indartu egin zigun. Harremana hor asko hobetu genuen. Klub berdinera joan ginen. Esperientzia berdina bizi izan genuen. Gose handiarekin itzuli ginen. Hortik aurrera Jon ere asko hazi da pilotari bezala; Binakakoan beti hor dago. Nik uste dut biok hobetu dugula. Ni ere psikologikoki indartsuago nago, orain pasa dezakedan momentu txarrak gehiago erlatibizatzen ditut duela lau urte nola nengoen gogoratuta. Oinak lurrean izateko ere balio izan dit.
J.M.: Kalean geratu ginenean, bera alboan izatea, Eskiroz eta Victor ere bai, ongi etorri zitzaigun. Egunero entrenatzen jarraitu genuen batera, Unai eta biok hitz egiten genuen egunero eta denboraldi-aurre moduko bat bezala hartu behar genuela esaten genuen, bagenekiela maila sobera genuela hor egoteko eta berriz ere itzuliko ginela. Horrela hartu genuen. Hasieran kosta zitzaigun, une gogorrak izan ziren. Pixkana-pixkana buelta eman genion, biok bueltatu ginen, Unaik sekulako denboraldia egin zuen, final guztietan sartu zen. Nik ere nire maila berreskuratu nuen eta gorantz goazela uste dut.
Beraz, esan genezake, eskerrak elkarrekin zeundetela.
U.L.: Gertukoak izanda eta esperientzia elkarbanatzen geunden. Eskiroz ere oso gertukoa genuen, baita Victor ere –errioxarra izanda, harreman asko genuen berarekin–. Lauon artean aurrera joan behar genuela pentsatu genuen. Lauok itzuli ginen eta ona izan zen. Partida bat ere egin genuen omenaldi bezala eta oso polita izan zen. Eskiroz orain ere bigarren mailako atzelaririk onenetakoa da. Ez dut esango ongi egin zigunik baina tira, gose edo kemen gehiago izateko balio izan zigun.
Erreklamorik nagusienak ere bazarete. Hori ere bada konfiantza hauspotzen duen elementua?
J.M.: Itzuli ginenetik, Unaik egin zuen denboraldiagatik erreklamo izugarria izan du orain arte. Altunak ere bai, nola ez, azken urteetako txapeldun handiena da. Eibarrera zoaz eta Unairen aldeko kantuak egoten dira; Bilbon ere, nahiz eta bizkaitar batzuk egon jokatzen, nafarren izena entzuten da eta guretzat hori oso polita da.
U.L.: Ederra da. Jende asko joaten ari da pilotalekuetara eta asko animatzen gaituzte denoi. Agian batzuei gehiago baina errespetua dago askotan.
Jon Mariezkurrena: «Sanferminetan, adibidez, oso giro ederra da, jai girokoa eta normala da pixka bat gehiago nahastea. Pilotarioi gustatzen zaigu harmailetik sentitzen dugun berotasun hori»
Azken hilabeteetan kritikatua izan da Labriteko jarrera, errespetu falta argudiatuta. Zuek ze iritzi daukazue?
J.M.: Gehienetan errespetu falta bat egon denean, lau edo bost pertsonen gauza izan dela. Horrek ez du beste guztien jarrera ona zapuztu behar. Gehien entzuten zaienak dira baina Labriten egoten den giroa oso ona dela uste dut. Sanferminetan, adibidez, oso giro ederra da, jai girokoa eta normala da pixka bat gehiago nahastea. Pilotarioi gustatzen zaigu giro hori, harmailetik sentitzen duzun berotasun hori. Ea harmailak betetzen jarraitzen duten, guretzat hobe izango delako.
U.L.: Batzuetan bizpahiru pertsonen jarrera txarra nabarmentzen da baina ona ia-ia gehiengoa da.
Pilotaz hitz egiteak berekin dakar baita ere lesioak. Unai, 2023an zure ibilbidea gelditzera eraman zintuen aldakako lesio bat izan zenuen. Une horretan, pertsonalki eta profesionalki eta zein egoeratan zeunden?
U.L.: Aurreko urtean txapela irabazi nuen, 2022a nire urterik onena izan zen. Hiru finaletara iritsi nintzen eta txapeldun izan osteko urte hori ez nuen hain ongi egin, baina Binakako txapelketara iritsi nintzen. Buruz Burukoan kanporatu zidaten eta ez nuen asko pentsatu, nahi nuen ebakuntza egin eta errekuperazioan zentratzea. Hilabete bat ibili nintzen muletekin, gero ikasi behar izan nuen berriro oinez egitea eta hori oso gogorra. Fisioterapeutak edo medikuak esaten zidaten horretan konfiantzen nuen eta dena ahal den ondoen egin nuen. Orain ongi sentitzen naiz. Beti izango ditugu minak, nik asko (barrezka), beti esaten didate asko kexatzen naizela.
Beti minen bat izatea hori zure kasua da Unai, Jon zuri ere gertatzen zaizu edo ohikoa da pilotarioi gertatzea?
J.M.: Goi mailako kirolean jokatzea eta tentsio horrekin jokatzeak, zerbait minduta izatera eramaten zaitu. Egi da Unai oso espresiboa dela, beti zerbait dauka. Pasa den astean entrenatzera etorri zen eta esan zuen bizkarra gaizki zeukala. Egoitzek, prestatzaileak, esan zion: hori min berria da! Bromatan hartzen dugu ia. Egia da gauza serioak izan dituela, pilotari gehienok minen bat edo molestiaren bat beti daukagu. Pilotalekura ateratzen bagara %100ean gaudelako da eta Unaik ebakuntza hori kenduta edo eskumuturrean izandako arazotxo horiek kenduta, min txikiak ohikoak dira.
Ebakuntza horren ostean, Buruz Burukoan finalera iritsi eta Lau eta Erdiko txapela irabazteak zuretzat balio erantsia dauka?
U.L.: Buruz Burukoan eman nuen mailarekin, ilusio handia egin zidan. Errehabilitazioan lan ona egin nuenaren opari modukoa izan zen. Urtea bukatzeko txapela ezin hobea da. Lan asko dago atzetik, une txar asko... Errieta beti gertukoei egokitzen zaie eta beraien gertutasuna eta maitasuna oso garrantzitsua da beti.
Une txar horietatik, zer ikasi duzu?
U.L.: Nik esan dut pazientzia landu nuela baina kostatzen zait e... (barrezka). Oraindik gehiago landu beharko dut. Saiatzen gara. Egon nintzen hilabete oso bat gurasoen etxean bizitzen, errege bat bezala egon nintzen eta beraiei esker nago horrela.
Jon, zuk nola dituzu eskuak?
Orain bertan ongi. Azken hiru txapelketetan maila oso onean nengoela eskuak izorratu zitzaizkidan eta horri txapelketa gogor batean buelta ematea, zaila izaten da. Orain bertan ongi nago, jokuz ere oso ongi. Sasoi potentea dator aurretik, partida asko ditugu egun hauetan eta saiatuko gara eskuak ongi zaintzen.
Binakako txapelketan bete-betean zaudete. Zer nolako sentsazioekin zabiltzate?
U.L.: Jokoz ongi nabil. Partida asko ditugu egun gutxitan, ea nola deskantsatzen dugun. Nire bikotea ere oso indartsu dabil, Martxel [Iztueta]. 20 urterekin bere lehendabiziko Binakako txapelketa da eta maila izugarrian hasi da. Oso gustora gaude.
J.M.: Hasiera txarra izan genuen, Unairen aurka oso partida kaskarra jokatu genuen. Ez nuen batere gozatu eta Unai izugarrizko jokoarekin egon zela. Hori jada ahaztuta, hiru partida jarraian irabazi genituen, nahiz eta horietako bietan ikaragarri sufritu. Ongi ikusten naiz jokoz, eskuetatik ere ongi.
Gazteenen erreferente ere bazarete. Horrek eramaten zaituzte zuen jarrera apur bat zaintzera?
J.M.: Ni txikia nintzenean ere hor zeunden erreferente batzuetan asko fijatzen nintzen eta horregatik, orain ere jarrera horiek pixka bat zaindu behar ditugu. Pilotari oso beroak gara, momentuan askotan pentsatu gabe jokatzen dugu eta gero familiakoren bat etortzen da eta errieta egiten digu. Amatxik askotan esaten dit gauza itsusi horiek esateko eman buelta eta paretari esatea.
U.L.: Norberaren pertsonalitatea dago kantxan. Ez dugu pentsatzen jarreran. Jokatzen ari gara, bero gaude eta gauzak esaten ditugu, edo keinu txarrak egin... Erreferente izan behar zara egiten duzun gauzekin ez pilotalekuko jarrerarekin bakarrik. Kantxatik kanpo zu nolakoa zaren ikustea ere onuragarria da.
«Azkenaldian askotan komentatu dugu, sortzen ari den giroa frontoietan ikaragarria dela. [...] Pilotariontzat ederra da, ikusleentzat ere bai eta pilotarentzat oso positiboa da»
Gaztetxo pila bat daude zuen abizenak elastikoan jarrita dituztenak. Zer da zuentzat Laso eta Mariezkurrena daraman gaztetxo bat ikustea?
U.L.: Niri ilusio handia egiten dit, nik berdina egin dudalako umea nintzenean. Horregatik, beti jarrera ona erakusten saiatzen naiz, pertsona normal bat naizela ikustea gustatzen zait.
J.M: Normala da Unai edo Jokin Altunaren kamiseta eramatea eta nire kasuan, Mariezkurrena gaztetxo bat daukala ikustean ilusio ikaragarria egiten dit. Ni txikia nintzenean ere Aimar Olaizolaren jarraitzailea nintzen, hasieran Irujorena. Atzelariak ere asko miresten nituen. Jose Javier Zabaleta hasi zenean ere bere kamiseta bat neukan eta atzelariontzat ere oso pozgarria da txikitxoenen erreferente izatea.
Kuriositatez, Unai zuk noren kamiseta eraman izan duzu?
Txikitan asko gustatzen zitzaidan Barriola bere izaeragatik eta pilotari oso konpletoa zelako. Gero beti Irujoren aldekoa izan naiz. Bere jokatzeko modua nirearen parekoa da askotan.
Hain justu, garai bat markatu zuten Olaizolak eta Irujok. Alegia, lehen Olaizola edo Irujorena zinen; orain, aroa aldatu da eta Altuna edo Lasorena zara.
U.L.: Gauza handia esan duzu... Final asko jokatu ditugu, denak irabazi dizkit berak. Pilotari on asko daude. Urtero beti norbait berria ikusten duzu finalean eta hori ere polita da. Aurkari oso gogorrak ditugu eta lehiakortasun izugarria dago. Txapelketa baten hasieran izan zaitezke faborito Altunarekin batera baina gero finalera faboritoa ez den pilotari bat iristen da. Hori oso polita da, denok oso ongi prestatuta gaude.
Unai Laso: «Urtero beti norbait berria ikusten duzu finalean eta hori ere polita da. Aurkari oso gogorrak ditugu eta lehiakortasun izugarria dago»
Urtean zehar denon ahotan dago pilota, harmailetan ere aipatu dugu giro izugarria egoten dela, milaka etxeetan ere zuek zarete konpainia. Hau dena, noski, kanpotik ikusten da. Barrutik nola ikusten da pilotaren egoera?
J.M.: Azkenaldian askotan komentatu dugu pilotarion artean sortzen ari den giroa frontoietan ikaragarrai dela. Ia egunero betetzen dira frontoiak, berdin du Labriten jokatu edo Lekeition. Pilotariontzat ederra da, ikusleentzat ere bai eta pilotarentzat oso positiboa da.
U.L.: Afizio gehiago sortu dela esango nuke. Pandemiaren ostean egon zen tarte bat afizioa galdu zela zirudiela. Orain ume asko ibiltzen dira pilotan, pilota eskolak ere oso ongi daude eta hori oso onuragarria da. Neska asko daude pilotan jokatzen eta hori ere oso polita da.
Pilotari gazteak ere ari dira urratsa ematen. Hori ere bada une onaren seinale?
J.M.: Zaila da profesionaletara iristea baina ez gara horretan geratu behar. Unaik esan duen bezala, pilota eskoletan lan handia egiten da. Nafarroan pilotari txiki asko daude, Gipuzkoan eta Bizkaian ere bai. Zaila da pilotan aritzea, futbolak ume asko erakartzen duelako. Gauzak ongi egiten badira hori haziko da. Gazte asko datoz atzetik. Martxel [Iztueta] bezala, ni ere duela bost urte hor egon nintzen, nire lehendabiziko txapelketa 19 urterekin jokatu nuen. Unai ere oso gaztetan hasi zen. Belaunaldi aldaketak egongo dira, oraindik gu ere gazteen belaunaldian gaude (barrezka) baina azpitik datozen pilotariei lekua egin beharra zaie.
Hemendik aurrera, zer? Zein amets daukazue betetzeke?
U.L.: Ahal den urte gehien hor goian egotea. Maila oso ona dago. Borrokatu maila onean segitzeko, lesioak errespetatzea, gorputza zaintzea urte askoan hor mantentzeko. Kontua ez da txapelak irabaztea edo ez, baizik eta hor egotea, borrokan egotea.
J.M.: Epe luzean hor goian irautea, maila ona ematea urtero eta ea 35 urterekin hor jarraitzen dugun. Positiboa litzateke 15 edo 20 urte profesionaletan egitea, maila onean. Epe motzari begira, Binakako txapelketa on bat egitea, lesioek errespetatzea eta lehen helburua finalerdietara sailkatzea izango da.