Beñat Zaldua
Iruñea
Elkarrizketa
Patxi Abasolo
Nafarroa Bizirik ekimeneko bozeramailea

«500 urte bete ditugu askatasunik gabe»

1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimenaren bozeramaile bezala, Patxi Abasolo burubelarri dabil ekainaren 16ko ekitaldiak prestatzen. Hala ere, une bat aurkitu du NAIZi erantzun eta Nafarroaren konkistaren 500. urteurrenaren harira prestatzen ari diren ekintza eta ekitaldiak azaltzeko.

(NAIZ.INFO)
(NAIZ.INFO)

Noiztik ari zarete prestatzen 500. urteurrena?
2008. urtean sortu ginen. Ekimenean bat egin genuen lagun eta eragile anitzek, irakaskuntza eta ikerkuntza arlokook, zein oroitzapen historikoa aldarrikatzen dugun herri mugimenduok. 2011n bitarteko berria eskaini genien auzo eta herriei, tokian-tokiko herri batzordeak, hain zuzen.

Zein ekimen garatu dituzue orain arte?
Bi ildo landu ditugu: ekoizpen kulturala, batetik, eta herri dinamikak piztea, bestetik, une oro biak uztartuz. ‘Konkistak 500 urte’ liburuxka (9.000 ale saldu dira), ‘Deuseztatu ezin izan duten oroimena’ hitzaldiak, musika bildumak, ‘Pregoia’ aldizkaria, jaialdiak, ‘Nafarroa 1512’ egunkaria (300.000 ale), Nafarroako Parlamentuko Kultur Batzordean agerraldia, gazteluen eremuak mugarritzea, Amaiur gazteluko maketa, Lip-lub mundiala, Nestor Basterretxearen artelana, espainiar Kongresuaren aurreko agerraldia, Margolanen Erakusketa, Arte1512 ataria...

Egun gakoa ekainaren 16a izanen da. Kontaiguzu nola prestatzen ari zareten.
Ibilaldi nazionala ekimen nagusia izango bada ere, egun osoko egitasmoa antolatu dugu Iruñean. Goizean, 10.30etik erakustaldiak, artisauak, argitaletxeak, gaztelu puzgarriak eta haurren txokoa izango ditugu Zezen Plazan. 12.00etan hasiera-ekitaldia eta herri kirol jaialdia (Ipar Euskal Herriko Joku Torneoa) izango dira. Alde Zaharrean Bizirik gunea egongo da, baita kale animazioa ere. Herri bazkaria ere izango dugu. Hala ere, 17.00etan dugu hitzordu nagusia, zutabeak abiatuko diren unea hain zuzen. Hiru zutabe izango dira: ‘Joan Bereterra’ zutabea Golem zinemetatik abiatuko da, ‘Miguel Bertizekoa’ Autobus geltokitik, eta ‘Mina El Mozo’ Trinitarioetatik (Suhiltzaileak). Zutabeek bat egingo dute Antoniutti parkean, eta hortik Gaztelu plazara abiatuko da martxa nazionala. Gauean Zezen Plazan kontzertuak eta Alde Zaharreko Bizirik gunea izango ditugu. Beraz, egitasmo borobila.

Zer leku izan beharko luke 1512ko gertakizunak euskal memorian?
1512ko gertakizunak oso larriak izan ziren herri honentzat. Ondorioz, 500 urte bete ditugu askatasunik gabe, Estaturik gabe, indarrez okupatuta, gure buruarekin zer egin nahi dugun erabakitzeko aukerarik gabe. Bost mende, finean, konkistaturik. Behar beharrezkoa dugu gertaera historiko horiek ezagutzea, gure oraina hobeki ulertu ahal izateko, beti ere geroari begira, jakina.