LAB sindikatuak VIII. Biltzar Nagusiak adostasun maila handi batekin, ia aho batez, eman dio oniritzia bai etorkizunari begirako ponentziei bai zuzendaritza berriari. Ia 500 biltzarkidek parte hartu dute.
Sindikatuak jakinarazi duenez, ponentzia politiko-sindikala 431 biltzarkideren oniritzia jaso du, eta abstentzio bat egon da. Antolakuntza ponentziaren alde, ordea, 376 lagun agertu dira, bakar batek aurka bozkatu du eta beste bost abstenitu egin dira.
Ainhoa Etxaide buru duen zuzendaritzari ere –aurkeztutako bakarra– babes maila handia eman diote biltzarkideek, ia %90ekoa. Bihar egingo da zuzendaritza berriaren aurkezpen ofiziala eta Etxaidek berrautatutako idazkari nagusi gisa emango du diskurtsoa.
Azken lau urteotan sindikatuak egin duen lana islatzen duen kudeaketa txostenak ere babes nabarmena jaso du (447 baiezko boto eta abstentzio bakarra).
Irekiera
Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak VIII. Biltzarraren irekieran aldaketa politiko eta sozialaren ta Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzearen alde egin du.
Txutxi Ariznabarretak, berriz, Rafa Diez idazkari nagusi ohiak El Duesoko espetxetik bidalitako gutuna irakurri du. Eskutitzean dioenez, duela lau urte lekukoa Etxaideri pasa zionean ez zuen «inondik inora» imaginatzen VIII. Biltzarra kartzelan «biziko» zuenik.
Espetxetik bada ere, biltzarra «grinaz eta pasioz» jarraituko duela dio Diezek, «LAB dena izan baita, eta da, nire bizitzan, militante sozial eta politiko moduan. 1976an sindikatuan sartu nintzenetik, asanblada nazional eta biltzar guztietan hartu dut parte. Gaur ez nago Barañainen fisikoki, baina, nire pentsamendua eta bihotza zuen artean daude».
Bi egun
Gaur hasi eta eta bihar amaituko da Biltzarra. Eztabaida prozesuan 2.500 kide baino gehiagok hartu dute parte, ekarpen ugari eginez: 230 emendakin egin dira guztira, 140 ponentzia politiko-sindikalari eta 90 antolakuntza ponentziari.
Prozesu horretatik ateratako ondoriorik nabarmenenak bi izan dira, Arroyo eta Etxaideren hitzetan: barne kohesio handia eta, ondorioz, egindako ekarpenak sindikatuaren lerroak indartzera bideratuak egon izana.
Duela lau urte hartutako konpromisoari jarraipena emanez, «anbizio osoz eta bide berri bat egiteko prestutasunez», idazkari nagusi karguari beste lau, edo hala erabakiko balitz, bost urtetan eusteko prest agertu da Etxaide, eta aldaketaren bat edo beste salbuetsita, berarekin sindikatua zuzendu duen lantaldea ere bai.