NAIZ.INFO
WASHINGTON

Bizi osorako zigortu eta sari guztiak kentzekotan dira Lance Armstrong txirrindulari ohiari

Estatu Batuetako Dopinaren Aurkako agentziak Lance Armstrong txirrindulari ohia bizi osorako zigortzeko eta irabazitako sari guztiak kentzeko asmoa erakutsi du, honek dopinarekin zer ikusia duten karguen aurrean ez erantzutea erabaki ostean.

Lance Armstrong txirrindulari ohia 1999ko Tourra irabazi ostean. (Joel SAGET/AFP)
Lance Armstrong txirrindulari ohia 1999ko Tourra irabazi ostean. (Joel SAGET/AFP)

Estatu Batuetako Dopinaren Aurkako agentziako bozeramaileak, Travis Tygartek, Lance Armstrong txirrindulari ohiak dopinarekin zer ikusia duten karguen aurrean ez duela erantzungo esan bezain pronto, bizi osorako zigortzeko eta irabazi dituen sari guztiak kentzeko asmoa erakutsi du.

Tygarten arabera, agentziak botere guztia dauka Armstrongi zazpi Tourrak kentzeko, nahiz eta honek eta bere abokatuek hori ukatu.

Armostrongek idatzi batean azaldu duenez, bere erabakiarekin ez ditu bere aurkako akusazioak onartzen eta bere aurkako jarduna «konstituzioaren aurkakoa» dela esan du.

UCIko arduradunei tokatzen zaie orain hitz egitea. Orain arte txirrindulari ohiaren aldeko jarrera izan dute, baita Tourreko antolatzaileek ere.

Mundu mailako dopinaren aurkako kodeak, ordea, garbi esaten du Armstrongi sari denak kendu behar zaizkiola. Hori horrela, mundu mailako kodea «modu hertsian» jarraituko dutela esan du Tygartek. Era berea, UCIri ere deia luzatu dio jarrera bera har dezan.