ION TELLERIA
DONOSTIA

Grebaren jarraipena bertatik bertara herritarrek egin dute

Ateak ireki, greba.euskalherrian.info, Info7, Herrikolore, Hala Bedi, Pititako... eta ehunka herritarren mugikorrak, argazki eta bideo kamerak izan dira, berriz, greba orokorraren kontakizun zehatz eta zabalena eskaini dutenak.


AteakIreki proiektuak atzo egindako BIDEO DENAK

«‘AteakIreki’ proiektuak egindako lanak Pullitzer saria merezi du», zioten atzo gauean Twitter bidez, eta arrazoirik ez zuten faltako. Nafarroako komunikabide herritarrak egindako lanak herrialdeko grebaren zuzeneko eta berehalako informazioa ekarri zuen. Artikulu honi gehitu diogun bideoak erakusten duen moduan, goizean goizetik protestari neurria hartzeko lan izugarria egin zuten eta askok eskertu zuen lan hori, baita GARA bezalako komunikabideek ere: «@garanet: Mila esker @AteakIreki-ko lagunei. Sekulako lana. @naiz_info greban egonda ez genuen erraza jarioa mantentzea. Mila esker berriro».

Ez zen bakarra izan, noski, komunikabide herritar askok erabaki baizuen grebari egin ziezaiokeen ekarpenik txukunena bere berri ematea zela. Horrela egin zuen Info7 irratiak ere:«@info7irratia: Hiriburuetako manifestazioetako batean bazaude, jarri kontaktuan gurekin». Eta baita jarri ere!

Deustutik protestan parte hartzen ari zen Jabik idatzi zuen Whatsapp bidez Info7ra, eta puntako korrespontsala bihurtu zen. Arazo batzuk tarteko, Bilboko ekitaldi nagusia emititzeko aukera galdu zuen Info7k. Azkenean laguntzeko bere burua eskaini zuen Jabik berak ahalbidetu zuen ekitaldiaren berri ematea, bere telefonotik ekitaldiaren soinua lehenbizi irratiaren estudioetara, eta gero mundu osora, zabalduz.

Ez zen bakarra izan: Patxi Gaztelumendik nekazari artetik hitz egin zuen,  Gotzon Kortazarrek Gasteizko berri eman zuen, Benito Utergak Iruñerrikoa eta Uxue Lasak Goierrialdekoa. Kronika denak Info7ren webgunean dituzue.

Lan berean hainbat komunikabide herritar ari ziren eta elkarlanean jardun zuten gainera, batekoek bestean euren kronikak botaz, twitterren elkarren albisteak zabalduz eta denen artean greba orokorraren argazki zehatz eta zabala eskainiz herritarrei.

Horretan aritu ziren, besteak beste, Ezkerraldean @Herrikolore eta @Pititakoinfo, Uribe Kostan @www_ukberri_net, Iruñeko protesten zuzeneko emisioa hedatuz @Eguzkibideoak, Araban @Halabedi eta @Aiaraldea... Eta normalean Iruñerrian aritu arren atzo lau euskal hiriburutara zabaldu zen @EkinKlik proiektua (azaleko argazkian Gasteiz).

greba.euskalherrian.info

Hori guztia posible izan bazen herritarrek zuzenean informazioa zabaltzen zutelako ere izan zen. Milaka txiok zeraman atzo #grebaorokorra hitz gakoa bere baitan, milaka argazki eta hamarnaka bideo sortu ziren grebaren zuzeneko jarraipenerako.

Guzti horiek biltzeko lanean, berriz ere, greba.euskalherrian.info ekimena aritu zen, webean eta twitter bidez. Begiratu bat eman besterik ez herritarrek igorritako informazioaren tamaina izugarria ikusteko.

Herritarren bidez zabaldu ziren twitterren ‘Rescue us from this Spain. Freedom for the Basque Country’ mezua zeraman Donostiako manifestazioko argazkia, ‘Recuerdo de España’ zeraman poliziaren pilota, Gasteizen polizia bat hankaz gora eta Bilbon protestan zirenen eserialdia. Grebaren inguruko argazkirik ikusienak Twitterren, herritarrek igorritakoak izan ziren.

Ez dira denak, gutxi batzuk baizik, lagin bat atzoko grebaren eragina neurtzeko. Hedabide bakoitzak eman ahal dion ikuspegitik harago, gertakarien bertatik bertarako kronika.

* Sua zerion atzo Twitterri; beraz, ezin dena hemen bildu. Artikulu honen osagarri izan ahal den informazioa baldin baduzu gehitu iruzkinetan, estimatuko du irakurleak.