NAIZ.INFO
DONOSTIA

Lokarrirekin bilera egin dute EPPKren bitartekariek

Lokarri gizarte eragilearekin bildu dira Euskal Preso Politikoen Kolektiboarentzat bitartekari lanak egiten dituzten hainbat pertsona, egungo panorama politikoak «elkarrizketarako, entzuketarako eta kontrasterako» esparruak zabaltzeko aukerak ematen dituela iritzita.

Lokarriko kideek eta EPPKren bitartekariek izan dute bileraren irudia. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)
Lokarriko kideek eta EPPKren bitartekariek izan dute bileraren irudia. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)

Pasa den uztailaren 2an herritar talde bat EPPKren bitartekari bezala aurkeztu zen kolektiboaren eskaera bati erantzunez, abagune politiko berrian Euskal Herriko agente politiko eta sozialekin bide berriak ireki behar direla iritzita.

Bide horretan, Lokarrirekin bildu dira gaur, «pertsona eta kolektiboen arteko elkarrizketa, entzuketa eta kontrasterako esparruak» zabaltzeko asmoarekin. Zentzu horretan, bitartekarien esanak «arretaz» entzun dituela esan du Paul Riosek.

Bileraren ostean, presoen giza eskubideak defendatzen dituzten «ekimen ekintzaile guztiekiko babesa» agertzen jarraituko duela esan du Lokarrik eta, bestalde, bitartekari talde honekin berriro bilduko direla azaldu dute, «elkarrizketa eraikitzaile bat ezartzea beharrezkoa delako».