NAIZ.INFO
BARAKALDO

Kaleratzeen egoera larriari aurre egiteko neurriak eskatu dituzte ELA, LAB, CCOO eta UGTk

ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk elkartasuna adierazi diote Amaia Egañaren familiari eta kaleratzeen ondorioz sortzen ari den egoera larriari konponbidea emateko exijitu dute. Gaur arratsaldean Barakaldoko epaitegitik hasita egingo den manifestazioarekin bat egin dute lehen biek.

LABen iritziz, Amaia Egañaren heriotza «ez da halabeharrez gertatu», baizik eta «espekulatzaileen interesen menpe jarri dira herritarron eskubideak, baita bizia ere».

Sindikatu abertzaleak ohar batean salatu duenez, «diru publikoz erreskatatua izan den banka sektorearen desjabetzeen jarduera ankerrak hildako zuzena eragin du eta hilketa horrek erantzuleak ditu: banku eta kutxak daude batetik, eta, bestetik, egoera hau ahalbidetu duen legedia garatu eta babestu duten alderdiak daude, zeinak murrizketen bidetik herritarrak babes sozial gabe uzten ari diren».

Alderdi politikoei kaleratzeen egoerarekin «lehenbailehen amaitzeko neurriak har ditzaten» exijitu die. «Banku eta kutxek desajabetze guztiak bertan behera utzi behar dituzte, horretara behartu behar ditugu, mobilizazio sozialaren bide», nabarmendu du.

ELA

ELAk ere oharra kaleratu du Barakaldoko heriotzaren harira eta gertakari horrek «inoz baino gordinago, milaka pertsonaren sufrimendua» berriro agerian utzi duela nabarmendu du.

Sindikatu horrek ohartarazi du «finantza-erakundeek zer nolako inpunitatez jokatzen duten» eta «errukirik ez» dutela salatu du.

ELAk exijitu du hipoteka eta desjabetze kontuengatik hasitako prozedurak eten daitezela eta dagoeneko burutu direnak berrikus ditzatela.

CCOO

Unai Sordo EAEko CCOOko idazkari nagusiak doluminak azaldu ditu eta «egoera onartezin hau ekiditeko» lege baten beharraz mintzatu da. Gainera, kaleratze guztiak gelditzeko eskatu du.

UGT

UGTk jakinarazi duenez, sindikatu horretako afiliatua zen Amaia Egaña. Ohar batean salatu duenez, heriotza hau PPren Gobernuaren murrizketa politika «okerraren» ondorioa da. Neurri horiek «familiak porrotera eraman eta krisi anker honen biktima bihurtzen ditu» eta «banketxeak babesten ditu hiritarren zergekin», UGTren arabera.

«Zenbat lagunek egin behar dute bere buruaz beste espekulazioak eta banku-sistemaren praktika txarrek eragin duten zentzugabekeria honekin amaitzeko?», galdegin du.