Aimar ETXEBERRIA
DONOSTIA

Milaka pertsona atera dira kalera Hego Euskal Herrian greba orokorraren deialdiari erantzunez

CCOO, UGT eta USO, alde batetik, eta ESK, CGT eta CNT, bestetik, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan atera dira kalera eguerdian greba orokorrerako deiaren harira. Milaka lagunek hartu dute parte protesta hauetan. Hala eta guztiz ere, sindikatu txikiek «batasun falta» kritikatu dute.

CCOO, UGT eta USO sindikatuek Gasteizen egin duten manifestazioaren argazkia. (ARGAZKI PRESS)
CCOO, UGT eta USO sindikatuek Gasteizen egin duten manifestazioaren argazkia. (ARGAZKI PRESS)

Milaka pertsona atera dira kalera Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan greba orokorraren harira egin diren manifestazioetan parte hartzera. Batzuk CCOO, UGT eta ESO sindikatuen deialdipean, besteak, aldiz, ESK, CGT eta CNT sindikatuek deituta.

ELA eta LAB deialdietan faltatzeaz gain, gaurko protesta eguna babesten duten sindikatuen arteko distantzia nabaria izan da mobilizazioak antolatzeko orduan.

Bilbon egin den manifestazioan izan dira, besteak beste, Unai Sordo EAEko CCOOko idazkari nagusia eta Damasco Casado UGTkoa. Biak ala biak ere gustora agertu dira deialdiak izan duen jarraipena dela-eta. «Mugarri historikotzat» jo dute gaurko eguna eta «borrokan» jarraitzeko deia egin dute.

Manifestazioan izan dira, halaber, Jose Antonio Pastor (PSE), Isabel Salud (Ezker Anitza-IU) eta Jose Navas eta Javier Madrazo (Ezker Batua).

Iruñeko manifestazioan sindikatuen arteko batasun falta kritikatu dute ESK, CGT eta CNTko kideek. Deitzaileen arabera 2.000 pertsona batu dira sindikatu txikiek eginiko deialdian, ‘Reinicia la democracia. Proceso constituyente ya’ lelopean.

CGTko kide den Carlos Cousok ELA eta LABen jarrera salatu du, baita irailaren 26ko grebara CCOO eta UGT ez batzea ere. Sindikatuen arteko batasun falta kritikatu du eta sindikalismoaren «miseria» salatu du.

Xabier Barber ESK-ko ordezkariak, aldiz, egoera aldatzeko borrokaren premia aldarrikatu du eta gizarteari zuzendu zaio egoera aldatzeko denon beharra dagoela esanez.

Bestalde, ‘Nos dejan sin futuro’ lelopean manifestatu dira Iruñean CCOO, UGT eta USO sindikatuen deialdipean kalera atera direnak. Zifrarik eman gabe, milaka izan direla azaldu dute eta eguna «arrakasta» izaten ari dela aldarrikatu dute.

PSN edota I-Eko kideak izan dira mobilizazioan eta Nafarroako Gobernuaren, Gobernu espainiarraren edota bankuen aurkako oihuak nabarmendu dira.

Manifestazioaren amaieran, Manuel Gomez eta Raul Villar UGT eta CCOOko kideek, hurrenez hurren, adierazpenak egin dituzte. Gomezen esanetan, demokraziaren hasieratik langileen eskubideen aurkako «erasorik handiena» jasaten ari gara eta Gobernuaren politikei aurre egitea eskatu du.

Bestalde, «historikotzat» jo du gaurko eguna Villarrek eta greba egun batek izaera europarra izatea azpimarratu du.