NAIZ.INFO
BILBO

Etxe kaleratzeen politikarekin amaitzeko beharra nabarmendu du Biltzen plataformak

EAEko kutxen hauteskundeetan parte hartu berri duen Biltzen plataforma abertzale eta ezkertiarrak, Kutxabankek etxe kaleratzeak tarte baterako bertan behera utzi izanari «aurpegi zuriketa» bat deritzo, eta entitatearen ildoa eta jokabidea aldatzeko beharra nabarmendu du.

Biltzen plataformako ordezkariak, Bilbon eginiko agerraldian. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Biltzen plataformako ordezkariak, Bilbon eginiko agerraldian. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Biltzen plataformaren izenean, Jesus Mari Larrazabal eta Sebas Barinagarrementeriak agerraldia egin dute, Kutxabanken inguruko irakurketa bat egiteko. 

Gogoratu dutenez, bezeroen ordezkari gisa aurkeztu zen Biltzen plataforma ezkertiar eta abertzalea kutxen hauteskundeetara. Bosna ordezkari erdietsi zituzten Araba eta Bizkaian, eta 12 Gipuzkoako batzarrean.

Plataformaren helburua da EAJ eta PP Kutxabanken barruan bultzatzen ari diren «ildoa aldatzea» eta, zentzu horretan, etxe kaleratzeen errealitatea salatu egin dute.

Aipatu dutenez, Kutxabankek behin behinean gerarazi zituen etxe kaleratzeak Barakaldon izandako suizidioaren ondotik. Kasu hartan zerikusia izan zuen banketxea Kutxabank ez zen arren, argitu dute hura izan dela Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan «etxe kaleratze gehien» burutu dituen entitateak.

«Milaka familiarentzat oso oso berandu» iritsitako erabakia, gainera, Mario Fernandez eta hark zuzentzen duen entitatearen «aurpegi zuriketa» bat dela deritzo Biltzenek. Alde batetik, Fernandezek «oso ondo ezagutu» beharko lukeelako «Kutxabankek garatu duen hipoteka politikak zer nolako ondorioak uzten dituen» eta, bestetik, martxoan buruturiko BBKren batzar batean, Mario Fernandezek berak, EAJk eta PPk bat egin zutela etxe kaleratzeak gelditzearen aldeko proposamen bat geldiarazteko.

Horren aurrean, ezkertiar eta abertzaleen plataformak, «izaera publiko eta soziala» izan beharko lukeen entitatearen jardun «demokratiko eta gardena» aldarrikatzeaz gain, etxe kaleratzeen politikari amaiera emateko beharra nabarmendu du.

«Alokairu sozialaren aldeko apustua egin behar da instituzioekin batera, eta aukera eman behar zaie familiei, hala eskatzen dutenean, hipoteken ordainketarekin ez jarraitzeko, betiere arrazoi objektiboak badaude», adierazi dute.

Hori dela-eta, «bertoko ekonomia bultzatu eta etxe kaleratzeak eteteko» konpromisoaren «berme» izateko hautuan berretsi da plataforma.