NAIZ.INFO
BILBO

Madrilek Estrasburgoren epaiei «ez ikusiarena» egiten diela salatu du ezker abertzaleak

Ezker abertzaleak gogor kritikatu du Entzutegi Nazional espainolak 24 euskal presori ‘Parot Doktrina’ berresteagatik. Europa mailako aginduei «ez ikusiarena» egitea leporatu dio Estatu espainolari, «bizkarra emanez nazioarteko zuzenbideari».

Ohar baten bitartez, Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko kideak arbuiatu egin du 197/2006 doktrinaren inguruan Entzutegi Nazional espainolak eman duen ebazpena. 24 euskal presori ezarritako ‘Parot Doktrina’ berretsi duelako. Tartean Ines del Rioren helegitea dago, zeinaren askatasuna agindu zuen Estrasburgoko auzitegiak.

«Modu horretan, berriro ere, Espainiako estatuak, salbuespenezko epaitegia den Auzitegi Nazionala bere interes politikoen arabera erabili du; eta are larriagoa dena kasu honetan, bizkar eman dio Europako Giza Eskubideen Auzitegi Gorenak Parot dotrina deritzonaren kontra pasa den uztailean emandako epaiari», salatu du Ugarteburuk.

Zentzu horretan, salatu du Estatu espainolak «ez ikusiarena» egiten diola «Europa mailako agindua den ebazpenaren aurrean, bizkarra emanez nazioarteko zuzenbideari eta Nazioarteko Giza Eskubideen Deklarazioari».

Euskal Herriak bizi duen aro berriaren baitan, presoak «irtenbidearen parte» izan behar dutela aldarrikatu du Ugarteburuk, eta «ez bi estatuek aplikatzen duten gerra eta salbuespenezko politiken bahituak».