Aurore Martin aske uzteko erabakia bolo bolo zabaldu da Ipar Euskal Herrian. Frédérique Espagnac, PSko senatariak bere poza agertzeaz gain, Aurore Martinen «askatasun osoa» lortu arte «borrokatuko» dutela gaineratu du.
Ildo beretik mintzatu da Colette Capdevielle alderdi bereko deputatu eta honakoa onartu du bere Twitterreko kontuan: «Oso hunkitua naiz, mobilizazioak emaitza eman du, segituko dugu».
EE-LV taldeak bake prozesuarekin lotu du albistea. France3 Euskal Herria-rekin mintzatuz, «Aurore Martinen askatasuna bake prozesuaren aldeko urratsa dela» adierazi dute eta lanean jarraitzeko gonbita luzatu dute.
UMPko kontseilari orokorrak, Max Brissonek, Martinen askatasuna txalotu du. «Beretzat, zein bere senideentzat berri on bat dela» erran ondoren «diferentzia politikoen gainetik eraman borrokak ahalbideratu duela» Aurore Martinen askatasuna eta bide beretik segitu behar dela azaldu du Twitter bidez.
Pepela Mirande, MoDem-eko hautetsi xiberotarrak ere bere poztasuna agertu du. Kontseilu Nagusian eiroaginduaren aurka mozioa aurkeztu zuela gogoratu ostean, Mauleko militantea askatatzeko erabakiak «justizia egiten duela» azpimarratu du.
Atarratzeko PSko auzapezak, Arnaud Villeneuvek, Martin libre uztea «norabide onean doan deliberoa dela» azaldu dio ‘Le Journal du Pays Basque’ kazetari.