NAIZ.INFO
GASTEIZ

Nafarrateren auzian ardurak argitu ez izana egotzi dio ezker abertzaleak Lakuari

Arabako ezker abertzaleak dei egin dio Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuari, Xuban Nafarrateren aferan, bere sailean «auzitegietan burutu ez den ikerketa» burutu dezan. Lehendakariak iragarritako bestelako polizia eredu baten alde egiteko aukera aprobetxatzeko ere eskatu diote.

Ohar baten bitartez, Arabako ezker abertzaleak arbuiatu egin du Xuban Nafarratek Ertzaintzaren aurka jarritako salaketa atxibatu izana.

«Epaitegietan auzia artxibatu izana eta Segurtasun Sailak berak barne ikerketa ez egitea erabaki izanak agerian utzi dute horrela zaila izango dela polizia eredu berria lortzea, gertukoa eta eraginkorra, Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri zuen bezalakoa», baieztatu du ezker abertzaleak.

Nabarmendu dutenez, Segurtasun sailburuak «urrezko aukera» galdu du beste eredu baten alde egin nahi duela adierazteko, «dozenaka gazte inputatu eta sistematikoki Ertzaintzaren aurka egindako salaketa guztiak artxibatzen dituen eredu errepresibotik urrun».

Horregatik, «beste alde batera ez begiratzeko» eskatu diote Beltran de Herediari eta bere sailean bertan ikerketa egin dezala galdegin.

Xuban Nafarrate eta beste bi gazte inputatzeagatik epaileak izandako jarrera salatzeaz gain, halako inputazioek Euskal Herrian irekitako egoera berrian lekurik ez dutela azpimarratu du Arabako ezker abertzaleak.