Hamarnaka lagun batu dira Martin Ugalde Kultur Parkean ‘Egunkaria’ren itxieraren hamargarren urteurrenaren harira egindako ekitaldian.
Naroa Iturri Hamaika TBko kazetariak gidatuta, eta ‘Egunkaria’ko langile ohiek kamiseta urdin sinboliko haiek soinean, itxiera gogorarazi dute. Gogoetak izan dira bideo emanaldi batean, itxierari buruz, ‘Egunkaria’ko fiosofiaz, bizitzeko eraz, Polizia operazioaz eta ondoren etorri ziren auzipetzeez. Langile ohien hitzetatik bildu dira 2003ko otsailaren 20 hartan bizitakoak.
Gonbidatuen artean dira Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Markel Olano EAJko batzarkidea eta inguruko herrietako alkate eta zinegotziak. Bertan izan dira baita ere GARAko zuzendari Iñaki Soto, Iñigo Iruin abokatua eta Carlos Garaikoetxea.
‘Egunkaria’ren itxiera ez dute ordea amaitutzat eman. Auzi nagusia itxita geratu bazen ere (auzipetuak izan ziren Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga), oraindik zortzi lagun auzi ekonomikoan auzipetuak jarraitzen dutela gogorarazi dute. Donostiako Epaitegian dago kasua.
Joan Mari Torrealdai dago horien artean. «Egun gogorra, lurrikara askoren bizitzan», gogoratu du itxieraren eguna.
‘Egunkaria’ sortzeko milaka lagunen dirua, lana eta ilusioa Juan del Olmo epaileak ezerezean utzi zituela nabarmendu du, eta egunkari bat ixten denean «betirako ixten dela» ohartarazi.
«Gaurko egunez hainbat lagun atxilotu gintuzten, inkomunikatu, torturatu eta espetxean sartu. Urteak joan eta urteak etorri, kondenaren jira-biran bizitzera behartu», esan du.
Egun bi lagunek oraindik kontuak blokeatuak dituztela salatu du Torrealdaik. «Askorentzat 2003koa ez da historia, amets gaiztoa baizik, bigarren epaiketa baten zain baikaude».
Egunkariaren enpresa taldearen aurka egin zuen bigarren operazioa Auzitegi Nazionalak, Del Olmoren gidaritzapean hura ere, zortzi lagun atxilotzearekin batera. Parkeko arduradunak, ‘Egunkaria’koak eta ‘Berria’koak ziren tartean.
«Gu kalean gaude, baina ‘Egunkaria’ ez», nabarmendu du.
Auzi nagusian inputatutako lagunen absoluzioaren ondoren, Torrealdaik galdetu du: «Nork ordainduko du sortutako kaltea? Noizko erreparazioa? ‘Egunkaria’ itxita dago».
«Ez gaude ‘Egunkariaren’ itxiera bukatutzat emateko, harik eta auzi ekonomikoa itxi arte», ohartarazi du.
Auzi nagusiaren alboan, auzi ekonomikoa anai edo ahizpa txikitzat jo izan dela esan du Torrealdaik, baina zigorrak askoz handiagoak direla salatu du. «Ez da txantxetan egoteko auzia, erne egoteko eskatzen dizuegu».
Argi ilunak
Itxierak eragindako beltzunearen gainean argiak ere ikusi izan direla azpimarratu du Torrealdaik eta egun hartatik eratorritako alderdi positiboak ere izan ditu gogoan. Horien artean ‘Egunkaria’ko jendearen jarrera, «amorrutik harago, itxitako egunkariari segida emanez ‘Egunero’ eta ‘Berria’ sortuz. Hor izan dugu beti alboan babes taldea, gure errugabetasuna aldarrikatuz eta bihotzgabekeria salatuz, nekatu gabe», adierazi du.
«Gogoan ditugu gure alde egin duten maila eta mota guzietako, erakunde, elkarte eta taldeak, eta euskaldungoa, gizartea bera».
Eta amaieran, azken oharra. «Behar zaituztegu oraindik, auzi ekonomikoa absoluzioarekin itxi arte ‘Egunkaria’ren zauriari odola baitario».