NAIZ.INFO
GASTEIZ

Juan Diegoren auziperatzeak EAJk EITBn egin duen politika «islatzen» duela dio EH Bilduk

EITBk enpresa pribatu bati bermea emateko operazioan delitu zantzuak daudela eta, EH Bilduk aurrerantzean ere praktika horiei eutsiko dien argitzeko eskatu dio EAJri. Era berean, irrati eta telebista publikoaren ereduaz eztabaidatzeko deia berretsi du.

Dani Maeztu eta Unai Urruzuno EH Bilduko ordezkariak Legebiltzarrean eman duten prentsaurrekoan. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)
Dani Maeztu eta Unai Urruzuno EH Bilduko ordezkariak Legebiltzarrean eman duten prentsaurrekoan. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

EH Bilduk «kezkaz» jaso du Bilboko epaitegi batek LAB sindikatuaren kereila aintzat hartu eta Juan Diego EITBko gerente ohia auziperatzea erabaki izana, Unai Urruzunok prentsaurrean adierazi duenez.

Gerente ohiaren auzipetzea «oso larria» dela nabarmendu du, «ustelkeria zantzuak» daudelako, eta gogora ekarri du Juan Diego bera, Mikel Agirre eta Andoni Ortuzar Vilau Mediako Administrazio Kontseiluko kide izan direla.

Urruzunoren esanetan, gerente ohiaren auzipetzea «EAJk EITBn egin duen politikaren isla da», eta EAJri dagokio, beraz, aurrerantzean ere «EITBko zuzendari berriak praktika horiei eutsiko dien eta diru publikoa enpresa pribatuak finantziatzeko erabiltzeko jarraituko duen» azaltzea.

EITBk behar duen ereduaz eztabaidatzeko deia berretsi du EH Bilduren ordezkariak, «EITB egoera larrian dagoelako eta 180 graduko aldaketa behar duelako». Horren ildotik, Urruzunok dei zuzena egin dio EAJri, irrati eta telebista publikoaren ereduaz hitz egiteko.

EH Bilduko ordezkariaren iritziz, zuzendari berriaren izenaz eztabaidatzeak «ez du ezertarako balio aldez aurretik EITBk izan behar dituen lehentasunez eta helburuez hitz egiten ez bada». Sakoneko eztabaida horretatik «ihes» egitea egotzi dio Urruzunok EAJri.

Estrategia horretan PSEk duen erantzunkizuna ere azpimarratu du, «bere bozak izenen baitan» eskaini dituelako, «ereduari begiratu gabe».