Gure artean daukagu berriz Udalbiltza, Euskal Herria nazio bezala aintzat hartzen duen udal eta udal hautetsien biltzarra. 2012ko martxoaren 29an biltzarra berreraikitzeko lehen pausua eman zuten euskal alderdi eta lurralde desberdinetako hautetsiek Irunen eta hilabete batzuk beranduago, uztailean, abian jarri zen talde sustatzailea. Egutegian markatutako data orain datorren larunbata da: Udalbiltza berrituaren aurkezpena Donostiako Victoria Eugenia antzokian.
Aste honetan egindako prentsaurrekoan ezagutzera eman denez, alderdi eta sentsibilitate politiko desberdineko 1.127 udal ordezkari atxiki dira jada Udalbiltza berrira, Lapurditik 31, Zuberoatik 9, Nafarroa Beheretik 4, Nafarroatik 279, Bizkaiatik 392, Arabatik 100 eta Gipuzkoatik 412. Osotara 393 udaletxe daude bertan ordezkatuta eta horietatik 153 alkateak ordezkatuko ditu.
Ordezkari hauen artean erabakiko dute larunbatean 19 lagunek osatutako zuzendaritza plurala, Euskal Herriko zatiketa administratiboa, zazpi herrialdeak, aniztasun politikoa, generoa eta hizkuntza islatu beharko dituena, ezagutzera eman dutenez. Baina Donostiako ekitaldiak ez du soilik zuzendaritza erabakitzeko balio, Euskal Herriaren gaineko diagnostiko bat ere eskainiko du talde sustatzaileak eta Udalbiltzaren lehentasunak erabaki beharko dituzte guztien artean. Hala ere, lehentasun batzuk argi dituztela esan du talde sustatzaileak: lurralde garapena, kohesio sozioekonomikoa, Euskal Herriko nazio egiturak, herri harremanak eta nazioarteko lana, besteak beste.
Ez da bide berria
Udalbiltzaren sustatzaileek behin baino gehiagotan errepikatu dutenez, larunbatean aurkeztuko den biltzarra ez da, inondik inora, zerotik hasten, 2003an Baltasar Garzon epaileak erasotako Udalbiltzaren oinordekoak bezala aurkezten baitira beti. Urte hartan Garzonek 1999an hasitako lanarekin bukatu nahi izan zuen kolpe batez, biltzarrak 1.788 ordezkari zituenean. Baina denborak nor bere lekuan uzten du: 2011an Udalbiltzaren kontrako operazioan auzipetutako lagunek absoluzioa ezagutu zuten eta bi urte beranduago, 2003an indarrez gelditutako biltzarra abian da berriz.
Udalbiltza berri hau aurrekoaren oinordekoa dela islatzen du 1999an ezarritako printzipioak oraingoek ere bere egiten dituztela, Udalbiltza2012 behin behineko web orrialdean azaltzen dutenez: Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzea; Euskal Herriko egitura politikoa eraikitzen laguntzea; Euskal Herriaren nazio eraikuntza bultzatzea; herrialde guztietako udalerrien artean harremanak sendotzen laguntzea, udal ordezkarien arteko ekintza bateratuari bide emanez hainbat esparrutan; eta Euskal Herria nazio berezkoa eta desberdindua dela adieraztea nazioartean.