NAIZ.INFO
DONOSTIA

Chavezen heriotzagatik doluminak eman dituzte Europako agintariek

Hugo Chavezen heriotzak erreakzio ugari eragin ditu mundu osoan. Europako agintari gehienek ere doluminak helarazi dizkiete familiari eta Venezuelako herriari. Chavezek utzi duen arrasto sakona goraipatu dute batzuek, eta bere heriotzaren ondoren aro berri bat irekitzea espero dutela beste batzuek.

Europako Batasunak «tristura» azaldu du Hugo Chavezen heriotzagatik eta eta Hego Amerikako garapeneri eta «eskualde batasunari» egin zion ekarpena nabarmendu ditu. Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko lehendakariak eta Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko lehendakariak kaleratu duten oharrean diotenez, Europako Batasunaren eta Venezuelaren arteko harremanetan sakontzea espero dute.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak «dolumin sakona» azaldu du Hugo Chavezen heriotzagatik. «Etorkizunera begiratzen zuen aparteko gizona zen», nabarmendu du.

Errusia eta Venezuelaren arteko elkarlana bultzatzeko egin zituen ahaleginak goraipatu ditu eta bide horretatik jarraitzeko itxaropena agertu du ohar batean presidente errusiarrak.

François Hollande lehendakari frantsesak ere doluminak emandizkio Venezuelako herriari eta Chavezen izaera eztabaidagarria alde batera utzita, Chavezek «bere herriaren historian arrasto sakona» utzi duela esan du ohar batean. Horrekin batera «justiziaren eta garapenaren alde borroka egiteko zuen borondate ukaezina» azpimarratu du.

William Hague Britainia Handiko Atzerri ministroa «nahigabetuta» mintzatu da Chavezen heriotzagatik, BBC kateak jaso duenez. «Venezuelako presidente bezala, bere herrian luzaroan iraungo duen marka utzi du», adierazi du.

Alemaniako Atzerri ministro Guido Westerwellek bere Gobernuaren doluminak helarazi dizkio Chavezen familiari. «Chavezen heriotza aldaketa sakona da Venezuelarentzat. Familiaren saminarekin eta Venezuelako herriaren doluarekin bat egiten dugu. Dolu egunen ostean, espero dut Venezuelak beste aro bat hastea. Demokrazia eta askatasuna dira Venezuelak duen potentzial handia gauzatzeko bide zuzena», nabarmendu du komunikatu batean.

Suediako Atzerri ministro Carl Bildt-en iritziz, Hugo Chavez «buruzagi karismatiko eta indartsua» izan zen, baina «bere herria marjinaziora eraman zuen, ondorio ekonomiko larriekin». Bere irudiko, presidentearen heriotzaren ondoren Venezuelak «arau demokratiko argi eta sinesgarriak» ezarri behar ditu.

Gobernu espainolak ere oharra kaleratu du bere dolumina emateko, Atzerri Ministerioaren bidez. Chavez «Iberoamerikan eragin handia izan zuen pertsonaia politikoa» izan zela nabarmendu du eta «bi herrialdeak lotzen dituzten adiskidetasun harremanak indartzeko lanean jarraitzeko borondatea» agertu du.

Austriako Atzerri ministro Michael Spindelegger-entzat, Chavez «Estatuburu oldarkor eta pertsonaia eztabaidagarria» izan da eta Hego Amerikako politika markatu du. Venezuela «lasaitasunera» itzul dadila desio du.

Belgikatik ere Atzerri ministroak, Didier Reynders-ek, hitz egin du. Chavezen heriotzaren berria «atsekabez» jaso zuela esan du eta familiari, Venezuelako herriari eta Gobernuari doluminak helarazi dizkio.