NAIZ.INFO
BILBO

Salbuespen neurriak eteteko eskatuz, larunbat honetan Bilbon manifestatzera deitu du Herrirak

Xabier Lopez Peñaren kasua tarteko, herri mobilizazioa deitu du Herrirak larunbat honetarako. Berriro horrelakorik gerta ez dadila eta salbuespen neurriak eten ditzatela eskatuko dute ‘Berriro gerta ez dadin, salbuespen neurriak eten. Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea’ lelopean 17.30ean La Casillatik abiatuko den manifestazioan.

Herrira mugimenduak Bilbon eman duen prentsaurrekoaren argazkia. (ARGAZKI PRESS)
Herrira mugimenduak Bilbon eman duen prentsaurrekoaren argazkia. (ARGAZKI PRESS)

Xabier Lopez Peñaren heriotza salatzeko hainbat mobilizazioen berri eman du Herrira mugimenduak Bilbon eman duen prentsaurrekoan. Bertan, euskal preso politikoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak eteteko eskatu dute.

Lopez Peñaren kasua berriro gerta ez dadila eskatuko dute mobilizazioetan eta haren heriotzaren inguruan dauden «kontu ilunak» argitzeko exijitu du Herrirak. «Ez dugu heriotza eta sufrimendurik nahi, konponbidea eta bakea eraikitzeko garaia da», azaldu dute prensaurrean.

Era berean, eragile politiko, sozial eta sindikalei zein instituzioei aurrerapausu bat emateko dei egin die. Euskal gizarteari, aldiz, preso politikoei ezartzen zaizkien neurri «anker» horien aurkako jarrera kalean erakuts dezala eskatu dio Herrirak.

Mobilizazioei dagokionez, elkarretaratzea egingo dute ostegun honetan Bilbon frantziar kontsulatuaren aurrean eguerdiko 12.00etan. Bertan, kexa formal bat entregatuko diote kontsulari.

Ostiralean, aldiz, elkarretaratzeak izango dira Basauri, Galdakao, Bilbo, Gasteiz, Donostia, Iruñea, Donibane Garazi, Baiona, Donibane Lohizune, Maule eta Hazparnen.

Larunbatean herri mobilizazioa deitu du Herrirak Bilbon, Lopez Peñaren kasua berriro gertatu ez dadin eta salbuespen neurriak eteteko eskatuz. Manifestazioa egingo da, 17.30ean La Casillatik abiatuta, ‘Berriro gerta ez dadin, salbuespen neurriak eten. Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea’ lelopean.