NAIZ.INFO
IRUÑEA

Hilaren 18an bozkatuko du Parlamentuak Barcinaren aurkako zentsura mozioa

Nafarroako presidente Yolanda Barcinaren aurka EH Bilduk aurkeztutako zentsura mozioa hilaren 18an eztabaidatu eta bozkatuko du Parlamentuak.

Iruñeko Parlamentuko Bozeramaleen Batzordeak astelehen honetan aztertu du iragan ostiralean EH Bilduren baitan dauden Bildu eta Aralar-NaBai alderdiek aurkeztutako zentsura mozioa.

Ekimena hilaren 18an eztabaidatuko du Parlamentuaren osoko bilkura. Zentsura mozioak aurrera egin dezan, ezinbestekoa da PSN-ren babesa, eta mozioa aurkeztu zen egunean bertan iragarri zuen alderdi horrek ez duela ekimenaren alde egingo.

Zentsura mozioa aurkeztu zuten alderdiek Juan Carlos Longas (Aralar-NaBai) izendatu dute hautagai. Ekimenaren helburua, aurrera egitekotan, hauteskundean deitzea da.

Parlamentuaren araudiaren arabera, zentsura mozio bat eztabadaitzerakoan, ekimena babestu duten parlamentariek hartuko dute hitza lehenik. Banan-banan hitza hartzeko eskubidea dute, eta denbora mugarik gabe.

Ondoren, eta denbora aldetik mugarik gabe ere, mozioak proposatutako hautagaiak har lezake hitza, bere asmoen berri emateko.

Parlamentuko presidenteak zehaztutako etenaldia bukatuta, talde parlamentarioetako kide banaren txanda izango da. 30 minutuko tartea izango dute.

Zentsura mozioa aldez aurretik finkatutako orduan bozkatuko da eta, ezinbestean, gehiengo absolutuz onartu egin behar da.

Ekimenak aurrera egingo balu, araudiaren arabera, Nafarroako presidenteak berehala eman beharko luke dimisioa, eta haren ordez, mozioan agertzen den hautagaia izendatuko litzateke.