Naiz.info
Donostia

24 orduz izango dira aurrerantzean Donostiako gazteak Aske Gunean

Goizean jakin dute zortzi zigortuek atxilotze aginduaren berri. Albistea jaso bezain pronto, Aske Gunea 24 orduz mantentzeko erabakia hartu dute eta, orain arte bezala, programaturiko ekintza guztiak bere horretan mantentzea adostu dute.

Espetxeratze agindua jaso duten zortzi gazteetako sei, ‘Aske gunean’. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Espetxeratze agindua jaso duten zortzi gazteetako sei, ‘Aske gunean’. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Goizean jakinarazi da Auzitegi Gorenak zigortutako zortzi gazteen kontrako atxilotze agindua. Albistea jakin bezain laster, sare sozialetan ziztu batean zabaldu da gazte donostiarrei babesa adierazteko deia. Eta erantzuna berehalakoa izan da. Jendetza bildu da Bulebarrean ezarritako Aske Gunean.

Hainbat erabaki hartu dituzte gazteek albistea jaso bezain pronto. Batetik, Aske Gunea 24 orduz mantentzeko hautua egin dute. Hori dela eta, herritarrei lo zakuak hartu eta Bulebarrera gerturatzeko deia egin diete.

Bestalde, orain arte bezala, programaturiko ekintza guztiak bere horretan mantentzeko erabakia hartu dute eta Ertzaintza gazteak atxilotzera bertaratu ezkero, «erresistentzia eta desobedientzia baketsurako» deia egin dute gazteek.

Era berean, herritarrei dei berezia egin diete «une gogor hauetan» zortzi gazteei babesa eskaini eta Aske Gunera bertaratzeko.

Egunero bezala, elkarretaratzea egin dute 12.00etan Bulebarrean. 600 pertsona inguru bildu dira gaurkoan eta Oier Lorente atxilotze arriskuan dagoen gazteak hartu du hitza. «Azken ahalegin bat» eskatu die bertan bildutakoei, jasotako elkartasuna eskertu ostean.

«Emozio sinestezinak» azalean albistea jaso ostean

Bertan izan da @iontelleria lankidea. Auzipetuak izan dira senide eta lagunei lasaitasuna helarazten aritu direnak direnak. Muxuak eta besarkadak nonahi eta, Aitor Olaizolaren arabera, «emozio sinestezinak» azalean.

Hunkituta daudela onartu du Olaizolak, baina «burua hotz» mantentzeko beharraz mintzatu da.

Erresistentziarako deia ere egin du. «Ez gara hemendik mugituko. Herri harresia eraiki behar dugu eta ‘Aske Gunea’ defendatu».

Txerra Bolinaga Eleak Mugimenduko kideak, bere aldetik, «amorruaz» hitz egin du. «Amorrua sentitu dugu atxilotze aginduaren berri izan dugunean, baina, bestetik, harrituta gaude jendearen erantzunarekin. Bi sentimendu kontrajarri ditugu momentu honetan», esan du.

Bere iritziz, «urteak daramatzagu egoera berberarekin eta ez dugu hura aldatzea lortu. Gure ustez, konpromisoak hartzeko garaia da, aski da esateko momentua». Donostiako gazteen kasuarekin «bide berri bat» ireki dela nabarmendu du, «herri harresia» eraikitzeagatik. Baina egoera ez dela hor bukatuko ohartarazi du, beste hainbat euskal gazte auzitara eramango dituztelako datorren hilabeteetan.