Pasa den astean Donostiako Aske Gunean sei gazte atxilotzeko orduan Ertzaintzak izan zuen jokaera salatu du ETBko LABeko sail sindikalak prentsa ohar baten bidez.
Bertan, polizia autonomikoak Bulebarreko kioskoa «kaiola» bezala erabili izana gaitzetsi du, «bertan kazetariak sartu eta informatzeko eskubidea ukatzeagatik». Ildo horretan, Ertzaintzak informazioa ezkutatzeko joera ohiko bilakatzen ari dela salatu du.
Era berean, Lander Arbelaitz ‘Argia’ko kazetariak pairatutako tratua salatu du eta elkartasun mezua bidali dio sindikatuak. «Komunikabideetako langileek traba eta mehatxu ugari airatzen dituzte gorputz polizial ezberdinen partetik», gaineratu du.
ETBk Aske Guneak suposatu duenaren aurrean izan duen trataera informatiboa ere arbuiatu du. «Donostian ekimena abiatu zenetik izan duen trataera ia eza, Arbelaitzek eta Bulebarrean zegoen orok jasotako jipoiak ezkutatu nahi izan ditu eta soilik ekimenaren ikuspegi puntual negatiboa agertu du», azaldu du ETBko LABeko sail sindikalak.
Atxilotutako gazteei euren elkartasuna luzatu die eta Aske Guneak abiatutako «gara berria» ere agurtu du.