«Oilo ipurdia jarri zitzaidan ostiraleko irudiak ikustean»
«Beraien helburua zu pertsona bezala txikitzea da, horretarako atxilotu eta torturatzen zaituzte, beldurra eragiteko», nabarmendu du Nahikari Otaegik.
«Horregatik, ostiraleko irudiak ikustean oilo ipurdia jarri zitzaidan. Ikusteak zenbat jende prest dagoen ostegun gauean zakua hartuta Bulebar erdian lo egiteko hunkitu ninduen. Eta pertsonen arteko babes horrek hunkitu ninduen. Oso humanoa eta polita da. Oso desberdina izango zen jendeak horrela erantzun izan ez balu», adierazi du Nahikari Otaegik Aske Guneari buruz mintzatzean.
«Bai epaiketa baino lehen, baita ondoren ere, lanketa handia egin genuen eragile desberdinekin. Hasierako planteamendua atxikimenduak eta konpromiso txikiak eskatzea zen. Urteak pasatzen zihoazen eta beste zerbait egiteko beharra ikusi genuen. Hortik jaio zen herri harresia eraikitzearen ideia, atxikimendu soiletan ez gelditzeko beharra. Modu batean edo bestean, jendea, eta ez gazteak bakarrik, egoera honekin haserretuta eta nazkatuta zeudela ikusi genuen. Egia esan ez genuen uste horrenbesteko dimentsioa hartuko zuenik Aske Guneak. Nik uste dut oso ondo asmatu genuela planteamenduan; jendea edozer gauza egiteko prest zegoen eta dago oraindik ere. Asmatu genuen herritarrei auzipetuekin egoteko gune bat sortzean eta gu ezagutzeko aukera ematean. Jendeak gertutasun hori eskertu du», baloratu du Otaegik.
Aitor Mokoroa iritzi berekoa da. «Alde batetik, gatazka hau behin betikoz konpontzeko urratsak egiten ari dira, eta bestetik, estatuek presoekiko edo auzi guzti hauekiko duten jarrera ikusterik besterik ez dago. Testuinguru horretan, jendea gehiago inplikatu da aski dela esateko; horrelako atxiloketak, auziak, presoen kontrako salbuespenezko neurriak lekuz kanpo daudela oihukatzeko», nabarmendu du.