NAIZ.INFO
GASTEIZ

PSEren ustez, aurrekontuen erretiratzeak Urkulluren «porrot politikoa» islatuko du

PSEren ustez, Iñigo Urkulluk 2013 aurrekontuak erretiratzen baditu «bere porrot politikoa» onartu duela esan nahiko du eta bere Gobernuaren «norabide eza» islatuko du.

Iñigo Urkulluk bihar deitu duen Gobernu Kontseiluaren aparteko bileran 2013ko aurrekontu proiektua erretiratzen badu «bere porrot politikoa» onartu duela esan nahiko du, Jose Antonio Pastor PSEko bozeramailearen ustez. Gainera, erabaki horrek Lakuako Gobernuaren «norabide eza» islatuko duela nabarmendu du.

Pastorren iritziz, lehendakaria hiritarrei «denbora galarazten espezialista» bihurtu da. Aurrekontu proiektuarentzat babesa lortu ez izanaren ardura leporatu dio eta azken egunotan bere Gobernua «negoziazio itxurak» egiten aritu dela salatu du.

Urkulluk Bruselan iragarritakoa bihar baieztatuz gero, iazko aurrekontuak luzatuko lirateke eta «hori ez da inolako drama ekonomikoa» PSEko Gasteizko Legebiltzarreko eledunaren aburuz.

Bruselak defizitaren helburua malgutzen badu diru-sarreren atalean aldaketak egin ahal izateko aurrekontuen inguruko eztabaida atzeratzeko aukerari buruz, Pastorren esan du horretarako egungo proiektua erretiratu eta berri bat egin behar dela. «Ezin da diru-sarreren atala ukitu aurrekontua erretiratu gabe», ziurtatu du. Gainera, epeak zehaztea Legebiltzarrari dagokiola gogora ekarri du, eta ez Gobernuari.