@iontelleria
ONDARROA

Ondarroako zubian konponbidearen alde irabazitako 118 ordu

10.30 pasatxo joan ziren Ondarroatik 38 ertzain auto, bi zodiac, urpekariak eta Alameda alderik alde inguratu zuen ertzain andana. Alkorta eurekin zeramaten espetxera, baina 118 errepresio ordu galduta, desobedientziaz konponbidea lortzeko bidean irabazitako sei eguneko erresistentziari esker.++

Hiru ordu pasatxoko lan eskergaren ostean, eta poliziak Urtza Alkortarengana iristear zirenean, gaur preso den Urtzak, altxa eta ezker besoa jasota, «Konponbide garaia da!» oihukatu zuen herritarren txalo zaparrada artean. Garaipen sentipena zuten poliziek alde egitean berriz elkar hartuta prentsaren aurrean agertu ziren ehunka herritarrek.

Alerta guztiak bezperan piztu ziren. Bazkalostean Madrilen egoitza duen hedabide baten bidez jakin zuten Aske Gunean poliziaren etorrera asteazkeneko lehen orduan izango zela, 6.00ak aldean. Zurrumurru serioa zirudien eta inork ez zuen zalantzan, ziur aski, Ondarroako elkartasun gune honen azken gauaren aurrean zirenik.

Txandak areagotu ziren (zubiaren Arrigorri aldeko partean 20 laguneko txanda jarri zen, adibidez, beste egunetan ez bezala). Aurrekoetan etxean lotan izan ziren herritarrei gaua pasatzera bertaratzeko deia egin zieten antolatzaileek, askok lotarako tarterik ere ez zuen hartu eta nostalgia puntu dezenteko gaua pasa zuten. Urtza Alkortaren inguruan izan ziren bere lagun gertukoenak, goizeko laurak ingurutik aurrera euriari aurre egiteko propio jarritako karpan, zirkuluan. Tentsioa bazen, poza ere bai, ehunka zirelako herri harresia osatzeko prest ziren herritarrak, eta inoiz ahaztuko ez zuten maiatzaren 15 bati ekin behar ziotelako.

Beste egunetan ez bezala, goizeko bostetan Alameda inguruan lotan ziren guztiak jaiki ziren, Ertzaintza etortzerako prest egoteko asmoz. Uste baino lehenago Iurretatik 30 poliziakide-auto inguru abiatu zirela jakinarazi zuten zaintza txandakoek. Luzaro zentzu berezia gordeko duen turrune (sirena) jo zuten eta #ResistUrtza (erresistentzia eguneko hitz gakoa Twitterren) abiatu zen. Arrigorriko gainean agertu ziren poliziaren auto kamuflatuak, kalez jantzitako poliziaren bat oinez herrian, Mutrikun poliziaren zodiac pare bat ikusi zituztela iritsi zen gero.

Arrantzatik itzuli berritan herri harresira batu ziren arrantzale batzuk. Inguruko etxeetan zirenak ere agertu ziren. Polizia Berriz paretik pasa zela mezua, zaintza txandak. Turrune berriz, kasu honetan antxoa sartu delako portuan. Minutu bakoitzak ordu bat zirudien Aske Gunean.

Zubi harresia

400 pertsona inguruk bete zuen bost gauetan zehar desobedientziaren «zubi harresia» bilakatu dena. Inguruan ere jende dezente eta polizia zetorrenerako milatik gertu ziren bertaratutakoak. Polizia Calatravaren zubitik sartu zen Alamedara. Lehen neurria: kazetariak txokora. Zubi ondoan poliziak berak osatutako lauki batean sartu zituzten guztiak.

Zalantza tartea izan zuten, itxuraz, poliziek. Herri harresiko lehen lerroan zegoen ondarroar batek entzun zien berriketan bi poliziari «zaila izango dugu gaur, eskailerak daude... zaila, zaila». Ezertan hasi aurretik polizia buruaren oharra, nahi zuenak harresia uzteko eta bestela erantzukizun penalak izan ahal zituela erresistentziak. Erantzuna? Urtza Alkortaren aldeko oihuak, presoen eskubideen ingurukoak, konponbidearen aldekoak, txistuak... Mezua ez zuen askok entzungo!

8.00ak pasatxo zirela ekin zioten poliziek Urtza Alkortarengainoko bidea irekitzeari. Euren lehen «indar erakustaldia», sei eguneko erresistentzia aldi honetan Aske Gunean gaztetasuna ariman eramaten dela erakutsi duten gizon eta emakumeentzat. Bultzaka eta errespetu gutxiz kanporatu zituzten, zantzu txarra. Bultzaka eta tiraka lehenbizi ateratakoen artean, Argi Ituarte Ondarroako alkatea bera. Alamedaren bi aldeetara atera zuten jendea ertzainek. Zubi zahar alderako irteeran lehen tentsio momentua, gomazko balak jaurtitzeko eskopetarekin ertzain batek herritarrei burura apuntatu ostean.

Harresian aurrera egin ahala, oihuak eta kantuak txandaka erabili zituzten herritarrek. Serioak batzuk («Urtza, herria zurekin», adibidez) eta umore gehixeagokoak bestetan, bereziki poliziari abestutakoetan (Kaxianoren ‘Itsasontzi baten’, adibidez, Ertzaintzaren zodiac-ak agertu zirelarik).

Harresian zirenei animoak indartzeko, azken egunera arte plazan egon zen megafonia etxe batera igo zuten. Bertatik animoak ematen hasi zirenean Alamedako plazan ziren ertzain guztiek batera eta bestera begiratzen zuten, «nondik ote dator hori» esanez edo.

Zubiko eskailerako herritarrak kanporatu ostean, pixkanaka are bortitzago ekin zion Ertzaintzak. Aurrera egin ahala hasierako tiratzeak kolpe eta borra-kolpe bilakatu ziren. Donostiako gazte bat izan zen, agerian behintzat, kolpe gehien jasan zituenetako bat. Zubian zela kolpeka atera zuten harresitik, lurrera bota, esku eta hankak zapaldu eta iletik eta belarritik tiraka, buruari itzulia emanda, eta lauren artean oso modu bortitzean atera zuten. Odoletan bukatu zuen, atxilotu egin zuten, eta poliziari aurre egitea egotzi (hiru atxilotu izan ziren guztira, bi Ertzaintzaren esanetan; denak aske utzi zituzten egunean bertan, beste hamar bat identifikatu ere izan ziren).

Urtza Alkortarengana gerturatu ahala, Poliziak berak ere bortitzago jardun zuen. Bere senide bat kanporatzerakoan oso bortitz jokatu zuten, jendeak oihu egin zien poliziei eta hauek Alkortari eskuarekin keinu egin zioten, «badakizu, etorri zu» esanez bezala. Azkenean, iletik tiraka eta kolpeka Ertzaintzak gazte ondarroarra harrapatu zuen eskuetatik, Ondarroara iritsi eta hiru ordu ingurura. Kosta zitzaien eramatea, hala ere, ertzainen tiratzeei bestaldetik kontra egiten baitzieten harresiko kideek.

Asanbladan poza

Urtza Alkorta autora atxilotuta zeramaten bitartean, zubi harresian zirenek, Arrigorri inguruan begira bildutakoek, Alamedatik portura bidean pasa ezinda ziren dozenaka herritarrek... denek etengabeko oihuari ekin zioten. Furgoneta abiatu zenean zubian ziren herritarrek korrika errepidera jo zuten, bidea etetera, eraman ez zezaten. Gaztea zeraman furgoneta ez aurrera ez atzera geratu zen momentu batez, Poliziaren beraren bi auto artean kabitzen ez zela eta. Oraindik ordu laurden bateko tentsio momentu txikiak izan ziren. Alameda osoan orro izugarria entzun zen polizien aurka, eta pixkanaka-pixkanaka alde egin zuten herritarren presioa azken unera arte eutsiz.

Dena amaituta, asanblada Aske Gunean. Poza nabari zen, ilusioa, Urtza Alkorta espetxeratu arren zerbait oso handia egin zuten irudipena. Itsas Aurren azken agerraldia Ondarroako Aske Guneak. Etorri, Donostiatik zetozela gogoratzeko eta, joan, espetxeratze politiko guztiak amaitu arteko bidera doazela. «Konponbide garaia da, espetxeak husteko garaia da», azken hausnarketa.