Orozkoko Udaleko balkoian ‘Emakumeen aurkako indarkeriarik ez’ zihoen lema zintzilikatu dute, dolu-xingola batekin, Amagoia Elezkanoren heriotza errefusatzeko. Lema berbera erabili dute Laudion ere, eta milaka izan dira elkarretaratzearekin bat egin duten herritarrak.
Orozkoko udaletxearen aurrean, arratsaldeko 19.00etan abiatu da elkarretaratzea. Laudion, ordubete beranduago eman zaio hasiera. Udaleko eta instituzioetako ordezkariak egon dira Elezkanoren jaioterrian. Bertan izan dira, besteak beste, Udaleko ordezkariak, Lakuako hainbat kide eta hainbat parlamentari, tartean, EH Bilduko Laura Mintegi eta Maribi Ugarteburu.
Bi Udaletako Bozeramaileen Batzordeetan gaur goizaldean gertatutako hilketa salatu eta errefusatzeko adierazpen instituzional berbera onartu da, aho batez. Elezkano «era tragikoan eraila» izan dela dio onartutako testuak, «emakumeen kontrako indarkeriaren biktima gisa». «Udalak bere samina adierazten du eta babesa erakusten die senide eta lagunei».
Orozkon Josu San Pedro alkateak irakurri du manifestua. Herritarrei ohartarazi die antzeko egoerek milaka emakumeei eragiten dietela egunero, «ez dira gure eguneroko bizitzatik kanpo dauden egoerak». «Amagoia Elezkano Corchonen heriotza emakumeen kontrako indarkeriaren espresiorik altuena da, baina egunerokoan antzeko egoera asko gertatzen dira, guztiak salagarriak eta gaitzesgarriak», ohartarazi du.
San Pedrok irakurritako testuak dio emakumeen aurka erabiltzen diren indarkeria era desberdinak «beraien osotasun fisiko eta moralaren aurkako atentatuak» direla, «beraien duintasunaren kontrako erasoak». Ondorioz, baita «giza eskubideen kontrako bortxaketa ere».
«Emakumeen kontrako indarkeriak ez ditu soilik bizitzak suntsitzen, emakumeek bizitza publikoan kolektibo gisa parte hartzea ere mugatzen du, gizartean duten jarduna baldintzatuz. Kalkulaezinak eta konponezinak diren kostu pertsonal eta sozialak dakartza, eta emakumeen bazterketan oinarritutako ordena sozialaren espresioa da», adierazi du alkateak.
Herritarrei ere luzatu die mezua. Emakumeen aurkako edozein indarkeria salatu eta isilik ez geratzeko eskatu die eta babesa adierazteko galdegin, beharrezkoak diren baliabideak ezarriz.