NAIZ.INFO
IRUÑEA

197/2006 doktrinaren aurka, ‘Herritarron epaia’ ekimena jarri du martxan Herrirak

80 hiri eta herritan eramango du aurrera Herrira mugimenduak ‘Herritarron epaia’ izeneko ekimena. 197/2006 doktrinari amaiera ematea du xede eta Iruñeako Anaitasuna pabiloian emango diote amaiera, irailaren 14an.

‘Herritarron epaia’ iniziatiba aurkeztu dute Herrirako kideek Iruñean. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
‘Herritarron epaia’ iniziatiba aurkeztu dute Herrirako kideek Iruñean. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Datozen hilabeteetan Euskal Herriko dozenaka hiri zeharkatuko dituen ekimen ibiltaria da Herrira mugimenduak gaur aurkeztu duen ‘Herritarron epaia’ ekimena eta 197/2006 doktrinari amaiera ematea du xede.

«Epai handi hau gizartearen borondatearen testigantza izanen da, herriz-herri adierazia, eta Europako erakundeei eta nazioarteko komunitateari zuzendua», azaldu dute aurkezpenean.

Ekimenaren lehendabiziko orriak Tafallan idatziko dira, ekainaren 8an Udaletxe plazan eginen den ekitaldi batean. Handik abiatuta, beste 80 bat herri zeharkatuko ditu ekimenak eta azken geldialdia Iruñeko Anaitasunan izango da, irailaren 14an.

Ines del Rioren kasuak ekimenean duen garrantzia nabaria da. Pasa den martxoaren 20an, Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Nagusiak ahozko epaiketa egin zuen kasua berriro aztertzeko eta garrantzi berezia ematen dio Herrirak afera honetatik aterako den epaiari. «Eragina izango du ez soilik Inesen egoerari dagokionez, baita zigorra beteta espetxean jarraitzen duten beste pertsona guztiengan ere», azaldu dute.

Gauzak horrela, herritar guztiak gonbidatu dituzte ekimen honetan parte hartzera. «Denon artean, herriz-herri, giza eskubideen errespetuaren eta salbuespeneko espetxe politikaren amaieraren aldeko aldarria osatuko dugu», aldarrikatu dute. «Konponbidearen aldeko garaia da, eman diezaiogun aukera bat bakeari», esan dute.