Seaskak manifestazioa burutuko du datorren larunbatean, Baionan, Hendaiako ikastolari suprefetak jarritako debekuak ikastolen eredua arriskuan jartzen duela salatzeko.
Joan den ostiralean prefetak Hendaiako ikastolaren eraikina, «hezkuntza zentro» gisara ere herriko etxeak finantziatzea legez kanpokoa zela baieztatu zuen, Falloux legearen baitan.
Erabaki horrek ikastolen etorkizunarengan izaten ditzakeen eraginak oso arriskutsuak direla-eta, Seaskak manifestazioa deitu du larunbatean Baionan, arratsaldeko 15.00etatik aurrera, Kazeta.info webguneak berri eman duenez.
Apirilaren 23an Hendaiako herri kontseiluak ikastola eraikitzea deliberatu zuen, hezkuntza zentro izenarekin. Erabaki horrek banaketa handia eragin zuen herri kontseiluan, eta kontra ziren hautetsiek prefetari idatzi zioten.
Horren ondorioz, ekainaren 14an prefetak Herriko Etxearen erabakia legez kanpokoa zela esan zuen, «hezkuntza kodearekin» ez duelako bat egiten.
Seaskak Ipar Euskal Herriko ikastolen %90a laguntza publikoekin eraikia izan dela gogora ekarri du eta erabaki honek jurisprudentzia ezar dezakeela salatu du, ikastolak arriskuan jarriz.
Larunbateko manifestazioa Baionako Alderdi Sozialistaren egoitza den Gaskoinen plazatik abiatuko da, Gobernu frantsesaren ordezkaritza den suprefekturaren aitzinean bukatzeko. Alderdi Sozialistako Ipar Euskal Herriko parlamentariak diren Frederique Espagnac, Colette Capdevielle eta Sylviane Alauxi «afera eskutan» hartzeko eskatuko die Seaskak, «behin betikotz lege babes bat» izan dezaten.