NAIZ.INFO
Paris

Britainia Handia gabe ere Siria erasotzeko prest dago Hollande

Frantzia Siriaren aurkako oldarraldira batuko du Hollandek, Britainia Handiaren babesik ez badago ere. Abuztuaren 21eko erasoa kimikoa izan zela eta Al-Assadek gauzatu zuela egitzat eman du eta erantzuna ezinbestekoa dela esan du.

Hollande atzo Parisen, Ahmed Al-Jarba-rekin, Syrian National Coalition oposizioko presidentea. (Kenzo TRIBOUILLARD / AFP)
Hollande atzo Parisen, Ahmed Al-Jarba-rekin, Syrian National Coalition oposizioko presidentea. (Kenzo TRIBOUILLARD / AFP)

Barack Obama lagun bila dabil Siriari erasotzeko, Alemaniak NBEaren erabakiaren baitan kokatu du bere burua eta David Cameron laguntzeko prest bazegoen ere bere legebiltzarrak aurka bozkatu eta bertan behera utzi du, oraingoz, Britainia Handiaren parte hartzea. Hala ere, François Hollandek Frantzia erasora batuko duela berretsi du gaur Le Monde egunkarian egin dioten elkarrizketan.

Hollandek frogatutzat eman du abuztuaren 21eko erasoa kimikoa izan zela eta Al-Assadek gauzatu zuela, Nazio Batuen Erakundeak bere ondorioak oraindik argitaratu ez dituen arren, eta aurre egiteko koalizioa osatuko dela esan du, «ahalik eta zabalena».

Hollanden arabera AEBen inguruan sortuko den koalizio hori «Arabiar Ligan oinarrituko da eta «europearren» babesa izango du. Hexagonoko presidenteak azken egunetan hartu duen hitz tonu gogorrari eutsiz esan du «herrialde gutxi» daudela «Siriari baliabide egokiekin aurre egiteko gai direnak» eta «Frantzia horien artean dago, eta prest dago».