Ohar baten bitartez, Herrira mugimenduak gogor salatu du egun indarrean den espetxe politika, «bere aplikaziotik eratorritako eskubide urraketa lazgarria etengabekoa baita».
Eredu gisa aipatu du Asier Aginako presoaren senideek izandako auto istripua eta Pablo Gorostiagak hiltzera zihoan bere emaztea azken aldiz bisitatzeko aukera ez izatea, nahiz eta horretarako baimena lortua izan. Trasladoetarako hartutako denborak kendu dio Laudioko presoari emazteari agurra emateko parada.
Gertatutakoa «erabat krudela eta arbuiagarria izateaz gain, euskal jendartearen gehiengo baten bake eta konponbide nahiaren kontra» jotzen duela kritikatu du Herrirak.
Aginakoren senideen zein Gorostiagaren kasuek sakabanaketa politikan dute sorburua, «giza eskubideak urratzen dituen neurri arbitrarioa».
«Sufrimendu eta eskubide urraketa guztiekin amaitzeko garaia» dela nabarmendu du presoen aldeko mugimenduak.
«Bake eta konponbidearen bidean, euskal jendartearen erronka kolektibo erraldoia du begien aurrean: sakabanaketa politikarekin behingoz amaitzea».
Zentzu horretan, ezinbestekotzat jo dute politika horren aurkako «ahalik eta borondate gehien biltzea, amankomunekjo lan espazioak sortzea eta bizitza soziala dagoen gune guztiak aldarri honekin bustitzea».
Hortaz, gertatutakoa salatu eta berriro gerta ez dadin eskatzeko, dei egin dute Laudion ostiral honetan egingo den elkarretaratzean parte hartzeko. Hitzordua arratsaldeko 19.30ean dago jarria, «Sakabanaketarekin amaitu, euskal presoak Euskal Herrira» lelopean.