NAIZ.INFO
MADRIL

Arkaitz Artolarentzat sei urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak

Arkaitz Artola gazte donostiarra Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu dute Gaztesare proiektuan parte hartzeagatik. Fiskalak sei urteko kartzela zigor eskaerari eutsi dio, «erakunde terroristari» laguntzea egotzita. Gaur bertan bukatu da epaiketa.

Arkaitz Artola donostiarra epaitu dute Auzitegi Nazional espainolean, Gaztesarea proiektuan parte hartzeagatik. Gaur hasi eta bukatu den epaiketan, fiskalak sei urteko espetxe zigorra eskatu du Artolarentzat, «erakunde terroristarekin» kolaborazioa egotzita.

2009ko uztailaren 29an atxilotu zuten Artola. Gaztesarean Segi antolakundearen errifa baten berri eman zelako honen finantziazioa laguntzea egotzi zion Guardia Zibilak komunikazio proiektuari eta Andoaingo egoitzara sartu ziren, bertan atxilotu zuten donostiarra. Gaztesarea kultur elkarteko hainbat ordezkari ere atxilotu zituzten egun hartan.

Guztira bederatzi lagun auzipetu zituzten, baina azkenean Artola bakarrik epaitu dute.

2009ko polizia operazioaren ostean adierazpen askatasunaren aurkako erasoa zela eta salaketa ugari izan ziren, bai Gaztesareak egoitza zuen eremuan, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean, eta baita kalean ere gazte mugimenduak deituta.

Elkartasuna eta salaketa Egian

Artolaren auzoan, Egian, elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean euren babesa eta elkartasuna adierazteko gaur epaituko duten gazteari. Donostiako EH Bilduk ere babesa agertu zion Artolari eta epaiketa «sinesgaitza» egiten zaiola salatu zuen. «Madrildik inposatzen diguten blokeo egoera honen gainetik» urratsak emateko deia egin zien herritarrei.