Gotzon ARANBURU
ALKIZA

Ur Mara museoa

Ur Mara, esan bezala, ez da museo bat. Espazio irekia da, eta hau ez da metafora; dena dago irekita hemen eta bisitaria nonahi ibil daiteke. Bidean aurrera goazela, txabola moduko batera ailegatu gara. Baina ez da txabola arrunta.

Ur Mara museoa Alkizako sailetan dago, basoan. (Gotzon ARANBURU)
Ur Mara museoa Alkizako sailetan dago, basoan. (Gotzon ARANBURU)

Artelanak daude ikusgai, baina ez da museo bat. Sarrera dauka, baina ez da txartelik erosi behar. Arbolak daude, baina ez da baso arrunta. Basoaren bihotzean txabola bat dago, baina txabola bat baino askoz gehiago da. Bidezidorrean barrena azaldu den gizona, zakurra hankapean eta makila eskuan dauzkala, ez da paseatzen ari, edo perretxikotan; bisitariari Ur Mara erakustera dator eta Koldobika Jauregi artista da.

Alkizako sailetan gaude, baina ez kaskoan, mendi aldeko sakon batean baizik. Hormigoizko pista bukatu denean, autoa aparkatu eta itxoin egin dugu, Koldobika noiz azalduko, hitzordua jarrita baitakagu. Ordu-orduan etorri da, adeitsu, zakurra lagun, eta bostekoa eman ondoren basoan barrena abiatu gara, euriak lokaztu duen bidezidorrean. «Ez genuen aparkalekurik nahi, ez jolas parkerik, ez zakar ontzirik. Ur Marara iritsi nahi duenak, basoan ibili beharra dauka, oinetakoak zikindu beharra. Naturan gaude eta errespetatu egin behar da» diosku Koldobikak.

Ur Mara proiektua ulertzeko, bultzatzailearen ibilbidea ezagutu behar da. Bultzatzaile nagusia, hobeto esanda, Elena Cajaraville andrearekin eta Iñaki Epelde zenarekin batera abiatu baitzuen Koldobikak egitasmoa. Eskultore alkizarra bide luzea egindakoa arte munduan, eta Europako hainbat museotan erakutsi izan du bere obra, gehienbat harriz eta zurez egindakoa. Chillidaren Zabalaga Beka jaso zuen 1991n, eta handik lau urtera Alemaniara joan zen, Insel Hombroich Museum-eko ‘Artea non Natura’ proiektu esperimentalearen parte hartzeko, Karl Heinrick Müller mezesanek gonbidatuta. Han bost urte egin eta itzuli zenerako bazeukan buruan natura eta artea lotuko zituen egitasmoa, baina duela sei-zazpi urte hasi zen gorpuzten Alkizako eremu honetan.

«Arte kooperatiboa»

Hasera batean, izaera etnografikoa izan zuen nagusiki Jauregiren proiektuak, eta ondoren «arte kooperatiboa» izeneko faseari ekin zion, betiere herriko aiton amonekin eta eskolako neska-mutikoekin lan eginez. Segidan, Ur Mara prestatzen hasi zen buru belarri. Sail bat garbitu, oinarri egokiak ezarri lurrean eta harrizko eskultura handiak jarri zituen han eta hemen zelaian barrena; ordura arte hara eta hona ibili izandakoak ziren eskultura hauek, erakusketetan, baina krisi ekonomikoak kulturan ere eragina izan du, eta biltegian denbora asko ematen zuten azkenaldian. Eta hemen daude ordudanik, naturan txertatuta eta edozeinek begiratu eta ukitu ditzan prest.

Dena den, basoan sartzen denak ez du kolpean eskultura erraldoi hauekin topo egiten. Hasteko, trikuharri itxurako babesgunea aurkitu dugu, eta haren ondoan bederatzi harriz osatutako eskultura bat, Ur Marako logotipoan islatzen dena. Hauen gainetik, arbolatik arbolara, mezu budistak idatzita dauzkaten tela zatiak eta zapiak. Bidezidorrean gora, karobia ikusi dugu, aldamen batean. Duela hamarkada batzuk arte funtzionatu du karobi honek eta horregatik dago hain osorik eta itxura oneko. Balore etnografiko handia du. Metro batzuk haruntzago, bere harrobi txikia izandakoaren lautadara iritsi gara. Hemen, udako eguraldi epelagoa lagun, musika emanaldiak izan dira, auditorio naturalean.

Ur Mara, esan bezala, ez da museo bat. Espazio irekia da, eta hau ez da metafora; dena dago irekita hemen eta bisitaria nonahi ibil daiteke. Bidean aurrera goazela, txabola moduko batera ailegatu gara. Baina ez da txabola arrunta. Oso osorik zurezkoa da, eskailera txiki batetik igo behar zara ateraino eta gela bakarra dauka. Zerbaitegatik, japoniar kutsua hartzen diogu, baina desobedientzia zibilaren aitatzat hartzen den Henry Thoureau filosofo naturalistari eskainitako gunea da benetan. Naturarekin bat eginda, bakardadean, hausnartzeko eta inspiratzeko toki aparta izan behar du honek. Hobeto esanda, toki aparta da, Koldobikak berak zenbait aldiz bizitoki izan baitu joandako urteetan, eta badaki. Eta orain prest dago poetaren edo beste artistaren batek erabili nahi badu egun batzuetarako uzteko.

Auzolana

Uztea, konpartitzea, elkar laguntzea: oso kontzeptu inportanteak dira hauek Jauregiren filosofian eta bizitza ikusteko moduan. ‘Eman ta zabal zazu’ hura euskaldunok nahiko ahaztuta daukagula irizten dio, eta arte munduan behintzat praktikan jarri du. Ur Marako gune nagusitzat jo daitekeen negutegia da horren adibide. Aipatu harrizko eskultura indartsuen artean eraiki du ehun bat metro koadroko aterpe soil bat, auzolanean, eta hantxe daude ikusgai Koldobikaren zurezko hainbat eskultura, eta hantxe egon dira ikusgai udan zehar Juan Ramon Llavori argazkilariaren obrak ere bai, indarkeria, tortura, bizinahia… gaitzat hartuta. Erakusketak bakarrik ez, tailerrak, hitzaldiak, aurkezpenak, musika saioak… denetarik egin daiteke hemen. Espazioa, aterpekoa eta aire librekoa, konpartitzeko prest, beso zabalik dago Koldobika. Joan den uda honetan akordeoijoleen eta biolontxelojoleen emanaldiak, ‘Grap hik!’ topaketak (lan grafikoari eta artista liburuei eskainitakoak), harrizulatzaileen erakusketa, papera egiten ikasteko tailerrak… hainbat egitasmo burutu dira Ur Maran, eta datorren urterako ere hainbat ekitaldi aurreikusita daude dagoeneko.

Zer nolako bisitariak hurreratzen dira Alkizako espazio honetara? Bada oso eklektikoak izan dira orain arte bederen. Gehiena, jende heldua gerturatu da. Mendizaleak, naturzaleak, Ur Mara hau zer ote den jakin-minak bultzatutakoak… artelanak ikustera propio etorritakoak ere izan dira, jakina, baina oraindik ere bidea egiteko dago arlo honetan.

Euskal Herriko egungo egoera kulturalarekin, eta are sozialarekin eta politikoarekin ere, kezkatuta dago artista alkizarra. Kultur bizitza eta kezka oso ahulduta ikusten ditu, euskara bera ere arrisku bizian, herri izaera eta nortasuna eskastuta. Erreakzionatu beharra nabaritzen du, eta berak hala egin du, dituen tresnak eta indarrak erabilita. Baina askoren lana izan behar du horrek eta ez gutxi batzuena; prest dagoenak bidelagun izango du Koldobika Jauregi.