@zalduariz
Iruñea

Euskaraz bizitzeko hizkuntza irizpideak kolokan Zarautzen

Pasa den otsailean, Zarauzko Udalak adostasun handiarekin onartu zituen hizkuntza irizpide berriak, «euskaldunak bigarren mailako herritarrak izateari uzteko eta hizkuntza eskubideak bermatzeko», euskara zinegotzi Gari Berasaluzek NAIZi azaldu dionez. Duela aste batzuk Estatu espainolaren helegitea jaso zuten, hain zuzen ere irizpide berri horien kontra.

UEMAren azken asanblada orokorra, zeinean Zarautz mankomunitateko herri handiena bilakatu zen. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
UEMAren azken asanblada orokorra, zeinean Zarautz mankomunitateko herri handiena bilakatu zen. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Udal ugari izan dira azken hilabeteetan Estatuaren helegiteak jaso dituztenak, baina zarata handiena agian Zarautzek sortu du, 23.000 biztanlerekin, hau baita Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) handiena. Gainera, kasu berezia da Zarautzena, bertan hiru faktore elkartu baitira denbora laburrean, euskara zinegotzi Gari Berasaluzek azaldu duenez: Urola Kostako hizkuntza dekalogoa, Gipuzkoako Foru Aldundiak proposatutako kontratazio irizpideak eta UEMAn sarrera, erakunde horren estatutuen onarpenarekin.

«Hainbeste nobedade hain denbora gutxian jasota, Udalak euskara irizpide berriak behar zituela pentsatu genuen, orain arte genuena eguneratu behar zela», adierazi du Berasaluzek, «adostasunez egin beharreko zerbait» zela argi utziz. «Ez zen zinegotzi baten kapritxoa izan behar, beraz, gainontzeko alderdiekin elkartu ostean, otsailean irizpide berriek adostasun handia izan zuten», gehitu du. Zarautzek dituen 21 zinegotzietatik 20k baiezkoa eman zieten irizpide berriei. PPko ordezkariak soilik bozkatu zuen desberdin, baina ez zuen ezezkorik eman, abstentzioa izan zen bere aukera. Beraz, hizkuntza irizpide berriak kontrako botorik gabe adostu zituen Zarauzko Udalak.

Eta irizpide horiek zein diren? «Zarautzen hizkuntza ofizialak erabiltzeko kriterioak», laburbildu du Berasaluzek. «Aurreko irizpideei buelta ematen zaie; adibidez, lehen elebitan funtzionatzen zuen Udalak eta komunikazioak euskara hutsean jaso nahi genituenok, horrela eskatu behar izaten genuen. Orain Udala euskara hutsean komunikatzen da herritarrekin eta bi hizkuntzatan funtzionatu nahi dutenek eskatu egin behar dute», azaldu du, adibide moduan, zinegotziak. Foru Aldundiak bultzatutako kontratazio irizpideak ere aplikatu dituzte: «Adibidez, alde zaharra peatonalizatzeko lanak esleitzen direnean, bere proposamena egin nahi duen enpresari txostenak eta komunikazio guztiak euskaraz ere egiteko eskatzen zaio. Hau da, gaztelania hutsean ez duela balio». «Bi adibide baino ez dira», dio zinegotziak, irizpideek «Udal batek eguneroko funtzionamenduan izan ditzakeen kasu guztiak» jorratzen dituztela argitzearekin batera.

Irizpide berriak otsailean adostu ziren arren, ez ziren hurrengo egunean praktikan jarri. Komunikazio eta informazio lan bat egin zen ondorengo hilabeteetan, PP ez beste alderdi guztien partaidetzarekin –Diputazio eta UEMArekin egindako prentsaurrekoa barne–, eta pasa den irailera arte ez ziren ezarri irizpide berriak.

Eta hara non hasi eta aste gutxira Estatuko abokatuaren eskutitza iristen den, «auzitegian helegitea jarri duela ohartaraziz eta Zarauzko Udalari euskara irizpideen inguruko informazio guztia eskatuz». «Hori da oraingoz Udalak dakiena», gehitu du Berasaluzek, «orain zain» daudela esanez, auzitegietan helegite honek izan dezakeen ibilbideari buruz deus jakin gabe.

Horrek ez du ekiditen lehen balorazio bat egitea. Berasaluzek argi utzi nahi du Zarauzko hizkuntza irizpideek «adostasun handia» dutela eta ez dela kexarik egon, «norbaitek gaztaniaz egiten jarraitu nahi badu, bere eskubidea bermatuko zaiolako». «Jendea bigarren mailako herritar sentitzea ekiditen saiatu gara, zoritxarrez, euskaldunok badakigulako zer den hori anbulatoriora edo epaitegietara joatean», dio zinegotziak. Bere ustez, «Urquijoren beste ‘kixotada’ bat da; errotak dauden lekuan erraldoiak ikusteko asmoak bultzatuta». «Azken finean, gure etxean bigarren mailako herritar ez daukagu zertan izan behar, euskaraz bizi nahi dugu eta gure eskubidea da», nabarmendu, tinko, Berasaluzek.