Guardia Zibilak Nafarroako D ereduko ikastetxe publikoen irakasleen inguruan egin zuen txostenaren ondotik, euskarazko irakaskuntzaren aldeko adierazpen eta agerraldiak ugaritu egin dira.
LAB, ELA, STEE-EILAS, Sortzen, Ikasle Abertzaleak eta beste hainbat eragilek txosten hori Nafarroan euskarazko irakaskuntzari eraso egiteko erabili dela salatu zuten eta gaur arratsaldeko 18.00etarako manifestazioa deitu zuten, ‘Hezkuntzan, kolore guztiak’ lelopean. Antoniuttitik abiatuko da.
Atzo bertan, Iturrama, Hegoalde, Amaiur eta San Frantzisko eskoletako guraso elkarteek D ereduko irakaslegoaren «lan zuzena» defendatu eta haien aurkako «intoxikazio» kanpaina salatu zuten.
«D eredua Nafarroan eredu iraki, bat-egile, integratzaile eta eleanitza da», nabarmendu eta eredu hori dela herrialde horretan «elebitasuna bermatzen duen bakarra» adierazi zuten.
D ereduaren aurkako kanpainak «ezer lortu badu», harekiko gurasoek zuten konpromisoa sendotzea izan dela azpimarratu zuten, eta gaurko manifestazioan parte hartzeko deia egin zuten.