Sevilla IIn espetxeratuta dauden euskal presoen senide eta lagunek agerraldia egin dute Donostian eta hilaren 28an Martuteneko kartzelara egingo den martxan parte hartzeko deia egin dute.
Ainhoa Landabereak eta Itziar Arruartek salatu dutenez, presoen eskubideen urraketak ez du etenik Estatu espainoleko espetxeetan eta Sevillan gertatzen dena «ez da salbuespena».
Euskal Herrian «ziklo politiko berri batean bizi arren espetxe politika ez da egoera horretara egokitu, guztiz kontrakoa baizik, okerrera egin du», salatu dute. Ildo horretan, espetxe guztietan «eguneroko errealitate gordina da presoen eskubideak sistematikoki urratzen dituztela», erantsi dute. Isolamendua, miaketak, jipoiak eta mediku asistentzia eza jarri dituzte adibidetzat.
Hala, espetxe politika «mendekua irizpide gisa» duen «salbuespen neurrietan» oinarritzen dela nabarmendu dute.
Kartzela politikan aldaketak exijitzeko hilaren 28an Martuteneko espetxera egingo den martxan parte hartzeko deia egin dute. Bi zutabe abiatuko dira, bata 11.20ean Egiatik eta bestea Astigarragatik. Ekitaldia egingo dute 13.00etan espetxearen atarian.