Maider EIZMENDI
OIARTZUN

Bertso tantak Oiartzundik Bilbora, eta bertatik espetxeetara

Errimaz errima, tantaz tanta, bertsoz bertso... Oiartzungo plaza datorren astean Bilbon egingo den itsasoaren atariko bihurtu zuten gai eta bertsolariek. Ehunka kilometrotara daudenengana bidaia egiteko eta haiek etxera bueltan jarriko dituen bidaian eragiteko, topetaraino bete zituen berriz ere saioak Elorsoro kiroldegiko harmailak.

Barakaldoko plaza handian aritu ziren zortzi bertsolariek ilara-ilaran egin zuten taula gainerako bidea, bildutakoen txalo artean eta atzokoan gai jartzaile eta «artzain» izan zuten Andoni Egaña gidari zutela. Umoretik asko izan zuen saioak eta bertsolariek botatako esaldi eta errimek irribarrea marraztu zuten okasio batean baino gehiagotan bertaratutakoen ezpainetan; hitzek, ordea, indar berean eraman zituzten buru-bihotzak Oiartzungo aulkietatik ehunka kilometrotara, saioaren mami izan ziren preso eta iheslarien albora.

Aurrean, atzean eta alboetan atzeman zitezkeen hutsuneez jardun zuen, hain zuzen ere, Igor Elortzak, agurretik bertatik hasita: «Ze betekada aulkietan ta ze hutsune sabeletan/ larunbatean batuko garen legez, Bilboko kaletan/ Oiartzunera etorri gara gaur bihotzak azaletan/ bizipoza ta berotasuna indartzeko eginaletan/ bertsoen bidez zuengan, eta zuen bidez kartzeletan». Aitor Mendiluzek ere bide beretik jo zuen, eta, plazara bertaratu zirenak agurtzeko ez ezik, iaz egon ez eta aurten Euskal Herriko kaleetan eta Oiartzungo bertso saioan egoteko aukera izan dutenak omentzeko baliatu zuen lehen bertsoa: «paradigma bat iruditu zait beti jaialdi honena/ hau da plaza bat beti beteta, baina inoiz bete ez dena/ baina aurten sekula baino beteago dagoena».

Malko tanta gozoa

Bertso tantaka abiatu zuten jaialdia, tanta bera gai hartuta. Andoni Egañak izerdi tantatan jarri zuen Sustrai Colina, odol tanta gisa Maialen Lujanbio, eta, malko tanta gisa, berriz, Beñat Gaztelumendi. Añorgakoak horrela josi zuen bere lehenen bertsoa: «Askatasun eta hunkitzearen prozesu luzea barna/ Katalunia eta Eskozia hasi dira banan bana/ ni naiz masailan behera poliki dijoan malko bakana/ eta aukeran gazitik baino gozotik gehio daukana». Odol tanta bihurtuta, Lujanbiok txaloak eta arnaskada sakona batera eragin zituen alea bota zuen: «Hamalau urte ditun urte hau, sabel emankor behar da/ hainbeste injustizia nahiz ta ezingo dun errez laga/ ahaztu ezkero zaurien eta biolentziaren karga/ odola zainen barruan baina, hemen odola behar da».

Abenduaren 15ean zortzikoa batu zuen BECeko final handiari ere eutsi nahi izan zion gaietan Egañak. Amets Arzallusek txapela «hurbileko jendearekin ganoraz ospatu ezinda» ibili dela aitortu zuen, eta bertsoetan baino «hurrengo urteko bozetan» pentsatuta zoriondu dutenak ere taularatu zituen. Lau urte barru bertso finala Aguileran, Anoetan edota Sadarren egin eztabaidan ere aritu ziren Amets Arzallus, Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi.

Umorean ondo murgilduta, Unai Iturriaga eta Igor Elorza Madrilgo poliziaburu xelebrearen eta Durangora espia gisa bidalitako polizia are xelebreagoaren paperean aritu ziren. «Han ginen ehun polizi eta ehun polizi gai/ ditxosozko prentsaurre hori noiz hasi zai/ baina Plateruenan lehengusu zein anai/ gu asko ginen baina, beraiek ere bai», kantatu zuen Elortzak. Larunbateko ekitaldian espia lanetan «finago» ibili zen Intereconomiako kazetariari eginiko keinua ere ez zen falta izan Iturriagaren aldetik.

Estreinatu berri den urteari eskatzen dizkionak marraztu zituen Sustrai Colina baikorrak, eta haren ametsei ezkor begiratu zien, berriz, Aitor Sarriegik. «Orain arte naiz izan herri irentsia/ aurten aldatuko da gure herentzia/ ekaina iristerako ez gaude beltzia/ presuek zapalduko baitute etxia/ eta abendurako independentzia». Barcina eta Azkuna euskaraz, Euskal Herri tropikal eta sexuala eta Baiona kapital gisa marraztu zituen urruñarrak, Sarriegik aipatutakoetako «bakarra beteta ere ona izango da» urtea erantzun zion bitartean.

Hogeitaka urte luze espetxean pasata, espetxeak utzi dituzten euskal herritarren paperetan inoiz ere ikusi gabeak zituzten objektu eta egoerak lehendabizikoz ezagutzearen trantzean jarri zituen Andoni Egañak Lujanbio eta Elortza, aulkietan eserita zeudenen irribarre eta gogoetak eraginda.

«Ongi etorri» biribilguneetan

Hain justu ere, datorren astean, Euskal Herriratu berri diren herritar hainbatek zuzenean ikusiko dute iaz ziega edota erbestetik ikusminez jarraitutako Bilboko elkartasun uholdea. Ezinbesteko gai bilakatu zen tantaz tanta osatuko den itsasoa, hasi eta buka; bai eta haren atzean dagoen funtsa ere: «Lo hartu ta esnatuko banintz gau gutxitan/ ta atea zabaltzen entzun urrutikan/ kaleak distiratsu hemen eguzkitan/ malkoak pozarenak begi ertz bustitan/ kaleak distiratsu hemen eguzkitan/ eta `ongi etorri' rotonda guztitan».

Oraindik ere bere senide eta lagunak etxeratzeko zain dauden herritarren gozagarri izateko nahia aitortu zuen Iturriagak: «doinu lagungarri bat berba bat airean/ senide ta presoen etxera bidean».

Arzallusen agurrarekin amaitu zen atzoko saioa: «Euskal Herriak ditu hamaika kolore/ esku lokaztu eta begi-ondo more/ bide zahar berritutan indar ta adore/ ta presoak kalean utziz gero hobe/ pakea ez dadin izan plastikozko lore».