NAIZ.INFO
DONOSTIA

Atxiloketen aurkako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute hainbat eragilek

Guardia Zibilak burututako operazioaren aurka gaurko eta biharko antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute hainbat eragile politiko, sozial eta sindikalek. Atxiloketak EPPKren ekimenari erantzun gisa kokatu dituzte eta Gobernu espainolaren jarrerak bere «ahulezia» erakusten dutela nabarmendu dute.

Eragileen agerraldia Donostian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Eragileen agerraldia Donostian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Guardia Zibilak atzo egin zituen atxiloketak salatzeko agerraldia eskaini dute Donostian hainbat eragile politiko, sozial eta sindikalek –Sortu, EA, Aralar, Alternatiba, ELA, LAB, Stee-Eilas, ESK, CCOO, CNT, Hiru, CGT, Lokarri, Etxerat, Eskubideak, Esait, EHE, Ernai eta Gazte Abertzaleak–.

Operazioa «erabat arbuiatu» dute, politikoa izan dela gaineratuz, eta EPPKren ekimenari erantzun bat balitz bezala kokatu dute berau. Era berean, atxilotu guztiak pasa den larunbatean hamarnaka preso ohik Durangon burutu zuten agerraldian izan zirela azpimarratu dute.

Eragileek nabarmendu dutenez, Gobernu espainolak prozesua galarazi nahi du, «Bateragune edota Herriraren aurkako operazioekin egin nahi izan zuen bezala», eta gizartearengan «etsipena» sortu nahi du. Jarrera hori, ordea, Madrilen «ahuleziaren» ondorio dela uste dute, «prozesuaren bitartez irabazteko ezer ez duela jabetu baita».

Hala ere, presoen eskubideak defendatzeko lanean jarraituko dutela ziurtatu dute eta atxilotuak askatzeko eskatu dute, baita euren senideei elkartasuna erakutsi ere.

Ildo horretan, gaur arratsalderako eta bihar eguerdirako antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.