Naiz.info
Gasteiz

Eragile sozialen babesa jaso du Gasteizko Harresiak larunbateko giza katearen ekimenari begira

Gasteizko Harresiak giza katea osatuko du datorren larunbatean. 3.000 lagun batzea espero dute, hiriburuko Auzitegiak, Legebiltzarra, Gobernu Ordezkariordetza, Udaletxea eta Foru enparantza lotzeko.

Gasteizko Harresiak eragileen bultzada jaso du. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Gasteizko Harresiak eragileen bultzada jaso du. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Gasteizko Harresiak giza katea osatuko du datorren larunbatean, hiriburuko hainbat leku batuko dituena, ‘Elkartasunetik konpromisora’ lelo nagusi hartuta. Azken bultzada jaso du gaur iniziatibak, tokiko zenbait eragilek bat egin baitute ekimenarekin.

Auzitegi Nazionalean epaitzen ari diren gasteiztarrei aplikatzen zaizkien salbuespen neurriek, haien aurkako auzia eta Goizane Pinedo eta Unai Ruiz Pouren azken atxiloketek berebiziko garrantzia izango dute larunbateko zitan.

«Kartzelak husteko momentu egokia bizi genuela ematen zuenean, bada oraindik ere kartzelak gehiago betetzen tematuta dagoenik», salatu dute.

Haiekiko elkartasuna konpromiso bihurtzea izango da giza katearen funtsa. «Inputatutako pertsonei gure elkartasuna adierazteko eta era berean argi uzteko ez dugula asmorik gure eskubide zibil eta politikoen erabilera egiteagatik zigortuak izaten jarraitzeko. Urtarrilaren 25ean osatuko dugun giza kateak gure hiriko norbanakoen zein kolektiboen konpromiso indibidualak bideratzeko saiakera izan nahi du», ohartarazi dute.

Gasteizko Auzitegiak, Legebiltzarra, Gobernu Ordezkariordetza, Udaletxea eta Foru enparantza lotuko dituen giza katerako 3.000 lagunen parte hartzea behar dute. «3000 metro, 3000 pertsona, 3000 pauso elkartasunetik konpromisora».

Giza katean parte hartuko duten hiritarrei laranjaz jantzita joateko gonbita luzatu diete eta arratsaldeko 19.00etan ibilbideko puntu horietan ezarriko diren postuetara ager daitezela eskatu diote jendarteari, ekimenarekin bat egin dezaten.