Etxeratek agerraldia egin du Burlatan, urteko Batzar Orokorraren berri emateko. Azaldu dutenez, bilkura herri horretako Kultur Etxean egiteko asmoa zuten, Burlatako Udalaren webgunean «edozein enpresa, erakunde sozial, sindikal edo politikok biltzarrak, hitzaldiak, prentsaurrekoak edo bilerak» egiteko aloka dezaketela zehazten baitu.
Batzarrerako egun gutxi falta direla, ordea, Burlatako alkatearen eta Kultur Patronatuko lehendakariaren ezezkoa jaso du.
Horren aurrean, Etxeratek galdetu du ea «edozelako eragileri baimendua den leku publikoen erabilpena UPNren alkatetzak Etxerati ukatzeko informazioa nondik jaso ote duen».
«Informazioa batzeko, zuzendu al zen gurekin lankidetza zuzena duten eragile politiko, sozial eta sindikalengana? Gure senide eta gure egoeraren berri ematen diegun horiengana? Gure elkartearen ekintzen berri jaso al dute komunikabideei bidaltzen dizkiegun prentsa oharretatik? Edota, beste era batera, sistematikoki isilduak diren egoeren berri emateko maizegi egiten ditugun prentsaurrekoetatik», galdegin du.
Presoen senideen elkarteak salatu duenez, bere jardueragatik «jazartua eta kriminalizatua» da Etxerat. «Gure lana zikindu eta belztu nahi dute, eskubide urraketak ukatzen dituzten eta bakeari ateak itxi eta inmobilismoaren alde egiten duten horien artean kokatzen da UPNko alkatetzak emandako erantzuna», nabarmendu du.
Batzar Orokorra, horrenbestez, Tolosako Leidor antzokian egingo du igandean., 10.00etatik aurrera.
Bestalde, larunbatean Christiane Taubira Justizia ministro frantsesa Baionan izango dela-eta, manifestazioa deitu du 15.30ean, Euskaldunen plazatik abiatuta, ‘Euskal preso eta haien senideen eskubideen errespetua. Euskal presoak Euskal Herrira’ lelopean.