Naiz.info
Estrasburgo

Euskal Herriko bake prozesuan esku-hartzeko galdegin diote ALEko eurodiputatuek Bruselari

Iñaki Irazabalbeitia (Aralar), François Alfonsi (Korsika), Mark Desmemaeker (Flandria) eta Tatiana Zdanoka (Letonia) ALEko eurodiputatuek Euskal Herriko bake prozesuak esku-hartzeko eskatu diete Euroopako instituzioei gaur Estrasburgon egindako agerraldian.

ALEko eurodiputatuek agerraldia egin dute Bruselan Euskal Herriko egoeraz ohartarazteko. (NAIZ.INFO)
ALEko eurodiputatuek agerraldia egin dute Bruselan Euskal Herriko egoeraz ohartarazteko. (NAIZ.INFO)

ETAk armagabetzearen bidean emandako pausoa eta Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzordearen inguruan sortutako azken berriak hizpide izan dituzte ALEko eurodiputatu diren Iñaki Irazabalbeitia, François Alfonsi, Mark Desmemaeker eta Tatiana Zdanokak Estrasburgon egindako prentsaurrekoan.

Irazabalbeitiaren aburuz, «oso albiste ona eta garrantzitsua da» pasa den astean armagabetzearen inguruan emandako pausoa eta prozesu hori zein baldintzatan gauzatu zen azpimarratu du, Ram Malikkaningam buru duen batzordeak «klandestinitatean abiatu du desarmea eta Espainiako agintarien onarpenik gabe».

Madrildik jasotako erantzuna «tamalgarria» izan dela iritzi dio eta Auzitegi Nazionalak egiaztatzaileak deklaratzera deitzearen ondoren, Gobernu espainola «barregarri» geratu dela ohartarazi du.

Paristik jasotako erantzuna ere tamaldu du, Manuel Valls Barne ministroaren adierazpenak gogora ekarri ondoren: «Ez gaude bake prozesu batean, terrorismoaren aurkako borrokan gaude murgilduta».

Bere iritziz, «Europako Batasuna ezin daiteke eskuak gurutzatuta geratu Espainiako eta Frantziako gobernuen jarrera inmobilista eta oztopatzailearen aurrean. Europako Batasunaren sorrerako oinarri nagusien artean dago Europan bakea bermatzea eta, beraz, ez dago aitzakiarik euskal gatazkaren konponbidean esku-hartzeko eta Europako azken gatazka armatuaren itxiera ordenatuan ez laguntzeko».

François Alfonsi korsikarrak, bere aldetik, ETAk emandako urratsa «garrantzitsua» dela azpimarratu du, eta Mariano Rajoy buru duen Gobernuari bere jarrera alboratzeko eskatu dio. «Munduan ez da beste gatazkarik bitartekari lanak egiten ari direnak epaitegian deklaratzera deitzen direnak», esan du.

Mark Demesmaeker flandriarrak ere egin du azken gertakarien balorazioa. «Orain pare bat hamarkada Irlandan egin zen bezala, Europako Batasunak esku-hartu behar du Euskal Herrira bakea erdiestea lortzeko. Europako Batasunak ordezkaritza bidali beharko luke Euskal Herrira», adierazi du.

Tatjana Zdanoka letoniarraren aburuz, bere aldetik, Europa Ukrainako gatazkan aktiboki parte hartzen aritzea «ez da koherentea bere baitan dagoen euskal arazoan esku ez hartzeko duen jarrerarekin».