NAIZ.INFO
DONOSTIA

Udalbiltzak euskal herritarren «aitortza ofiziala» nahi duela nabarmendu du Aizpuruak

Usurbilgo alkate eta Udalbiltzako lehendakari den Mertxe Aizpuruak Carlos Urquijo Gobernu espainolak EAEn duen ordezkariaren komunikazio bat jaso du, Euskal Herriko udalen eta udal hautetsien biltzarrak «berehala erretira dezan euskal NANa sortzeko kanpaina».

Usurbilgo alkate eta Udalbiltzako lehendakari Mertxe Aizpurua. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Usurbilgo alkate eta Udalbiltzako lehendakari Mertxe Aizpurua. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Aizpuruak gogoratu du Udalbiltzaren Nazio Gobernuak hartutako ebazpenak, asteazkenean plazaratu zenak, ez duela inon aipatzen nazionalitate edo nortasun agiri baten sorrerarik, «erakunde honek ez baitu kontzeptu horiekin lan egiten».

«Euskal herritartasuna publikoki adieraziko duen agiri ofizial bat sortzea bultzatuko dugu», nabarmendu du Aizpuruak, eta gaineratu ekimen hori «herritarren atxikimendu librean» oinarrituko dela eta «Euskal Herriaren kultura, hizkuntza eta identitate espresio anitzekiko errespetuzko jarrera» mantenduko duela.

Udalbiltzako lehendakariaren esanetan, agiri horren sorrerak eskaera sozial bati erantzuten dio, «bai eta herritarren zati handi baten eskubideen urraketa amaitu beharrari ere, Espainiako eta Frantziako estatuek inposatutako antolamendu juridiko eta instituzionalaren menpe ez dutelako beraien herritartasuna aintzat hartua sentitzen».

Ekimenaren asmoa, beraz, euskal herritarr sentitzen direnek «aitortza ofiziala» izatea da.

Bide horretan, apustua irmoa dela adierazi du Udalbiltzak, eta egungon «inposaketa egoera» gainditzeko lanean jarraituko duela argitu, 

«Ez da bidezkoa populazioaren multzo handi bat bere herritartasunaren aitortza ofizialik gabe bizitzea, eskubide zibil eta politikoak murriztuta dituztela, sinboloak erasopean eta lurraldean zati batean hizkuntzari ofizialtasuna eman gabe», esan du Aizpuruak.