Iruñerriko hainbat institututatik eta NUPetik goizeko 11.00etan abiatu dira zutabeak, Antoniutti parkean biltzeko. Bertatik manifestazioa abiatu da ‘Euskal Herrian hezkuntza herritik eta herriarentzat’ lelopean. Milaka lagun elkartu dira mobilizazio honetan, Polizia espalnolak eta Foruzaingoak gertutik kontrolatzen zutelarik. ‘Ikasle borrokaz lortuko dugu’ edo ‘Ez, ez, ez Lomceri ez’ oihuak bota dituzte, beste batzuen artean. UPNren egoitzaren aurretik pasa direnean oihuak ozenagoak bilakatu dira.
Ikasle Abertzaleak taldeko eledun Antxon Barberiak greba egunaren eta mobilizazioaren balorazio positiboa egin du, gaur ez dela ezer amaitzen nabarmenduz. Datozen hilabeteotan Lomceren kontrako eta euskal hezkuntza propioaren aldeko dinamikak indarra hartuko duela gaineratu du.
Sarasate pasealekuan manifestazioa amaitu eta gero, ikasle ugari Parlamentuaren aurrean, Navas de Tolosa kalean eta Sarasate pasealekuan bertan lurrean eseri dira trafikoa moztuz. Foruzainen eta polizien kontra arrautzak eta pilotak bota dituzte hainbat gaztek. Poliziaren erantzuna kargatzea eta, gutxienez, eserita zegoen ikasle bat atxilotzea izan da. Kargaren ondorioz Alde Zaharreko karriketara joan dira eta botilak eta harriak jaurti dituzte polizien kontra.
Gobernu espainolaren ordezkaritzak zehaztu duenez, guztira zortzi lagun atxilotu dituzte, desordena publikoak eragitea egotzita. Horietatik bost adin txikikoak dira eta aske utzi dituzte.
Arratsalderako deitutako mobilizazioak debekatu egin dituzte baina ikasleek salaketa burutu dute atzemandako ikasleen askatasuna galdegiteko. Istiluak piztu dira berriro Iruñeko Alde Zaharrean eta Nabarreria kalean bi gazte atzeman dituzte kalez jantzitako poliziek. Eguneko hamargarren atxilotuak izan dira.